→Basauri

“Euskararen eta Euskal Herriaren unibertso osoa ekarri du Euskarabilak gurera”

Bi urte baino gehiago dira Euskarabila Basauriko Euskaldunon Elkarteak bere ibilbideari amaiera ematea erabaki zuenetik. 1996an eratu zuten elkartea Basaurin eguneroko bizitzan, euskararen normalizazioan eta erabileran bultzatzeko bilgune gisa; adin, lanbide, ideologia, kolore zein gizarte-esparru guztietako euskaldunak biltzeko, alegia. Bi hamarkada baino gehiago egon zen jardunean Euskarabila.

Barne-hausnarketa egin ondoren hartu zuten ibilbideari amaiera emateko erabakia: “Barne-hausnarketa egin ondoren hartu genuen erabakia 2018ko otsailaren 23an egin genuen ezohiko batzar orokorrean. Gure jardunari amaiera emateaz gain, konpromiso bat ere hartu genuen: elkartearen jarduna eten aurretik, Euskarabilak bere ibilbidean egindakoari buruzko informazioa bildu, ordenatu, euskararen aldeko mugimenduan kokatu eta dibulgaziorako prestatzea”, dio Ludi Viguera Olivan Euskarabilako kide izandakoak. Hain zuzen ere, ‘Euskarabilaren ahotsak. Basauriko euskara elkartearen lorratza’ liburua argitaratu berri dute. Elkarlanean aritu dira Viguera, Garbiñe Ubeda Goikoetxea idazlea eta Alejo Moreno Sainz maketatzailea, Edorta Arana Arrieta, Mari Luz Esteban Galaza eta Txerra Rodriguez Gomez aholkulariekin koordinazioan.

“Pena ematen zigun dena horrela ixteak. Egia esan bizitza horrelakoa da: zaudenean zaude eta ez zaudenean desagertzen zara. Eta elkarteekin are gehiago. Hogeita bi urtez egindako ahalegin kolektibo hori batu egin behar zen eta orduan erabaki genuen liburu bat argitaratzea”, dio Ludik: “Dokumentazio lan itzela egin behar izan dugu. Gauza kuttuna egin nahi genuen, eta lorratz ona utziko ziguna”.

Liburuak bi atal ditu: alde batetik ‘Ahotsak’ eta bestetik ‘Lorratzak’. Lehenengoak Euskarabilaren alde “buru-belarri” aritu direnen bizipenak, sentsazioak eta testigantzak jasotzen ditu. Guztira, hogei elkarrizketa: Isabel Bizkarguenaga Romero, Jesusmari Amundarain Urkola, Edu Castaño Garrido, Alvaro Rabelli Yanguas, Joxean Pelea Martinez, Iñigo Isuskiza Arana, Rober Gonzalez Garcia, Karmele Albisu Soroa, Hilario Mozo Martinez, Bego Larrea Azkuenaga, Miren Urretxu Santamaria, Isa Castillo Etxano, Alberto Delgado Fernandez de Ganboa, Ainhoa Cabrera Abejonar, Jesus Gomez Picon eta Irati Gomez Aranberri, Azucena Cabezudo Rubio, Amaia Aurrekoetxea Legorburu, Txerra Rodriguez Gomez eta Ludi Viguera Olivan. Bigarren atalean, datu jakingarriez gain, garaian garaiko irudiak eta Aikor! barne-buletinean bildutako informazioa aurki daitezke.

ESPERIENTZIETATIK GOGOETARA. Garbiñe Ubeda tolosarrak Euskarabilaren historia kontatu du liburuan. “Edorta Arana EHUko irakasle eta lagunak proposatu zidan Euskarabila Elkartearen ibilbideari buruz liburua idaztea. Hasieran ez zegoen batere zehaztuta lana, ez zer egin behar zen ezta nola egin behar zen ere. Unibertsitateko zenbait ikaslek hasi zuten lana baina erdibidean gelditu zen. Orduan, ikasle horiek egindakoa aprobetxatuz, lanean hasi ginen”, dio Garbiñek.

“Nik oso argi neukan hainbeste urte egin dituen talde batek arrasto luzea utzi behar izan duela: ekintza asko eta gauza asko, alegia. Talde horren arima, grina, sentipenak nahi nituen jaso liburuan, eta hori islatzeko modurik errazena elkarrizketa lasaiak dira, galdera zehatzik gabekoak”, dio Garbiñek: “Militante eta kide oso aktibo izan ziren horien hitzak jasotzen dira liburuan: haien gogoak, grinak edota ezinak”.

Garbiñek dio liburuan garbi ageri dela egon den ezintasuna: “Ez bakarrik Basauri delako. Beste edozein herritan gauza bera topatuko duzu, errealitatea hori delako. Euskarari garrantzia eman nahi diozu, erdigunean jarri, erabilera sustatu, baina ezinean zaude, ez dagoelako zure esku. Eta ez da ezkortasuna, errealitateari fokua jartzea da, beldurrik gabe. Eta esan bideak badaudela. Gero, emaitza kaxkarra dela? Bai, baina emaitza bat da, eta hori dauka erakusteko Euskarabilak”.

Bestetik, Euskarabilak herritik at egin duen lana ere goraipatu du Garbiñek: “Euskaren mundutik nator ni, baina maila nazionalera begira, ez oinak herri batean dituen talde batetik. Alde horretatik erronka polita izan zen niretzat, eta konturatu nintzen herri bateko talde batek agian beste talde nazional batek baino ikuspegi nazionalagoa duela. Ikusi besterik ez dago zer lotura sortu dituzten zuberotarrekin, nola lagundu dituzten beste ikastola batzuk. Zentzu horretan, euskararen eta Euskal Herriaren unibertso osoa ekarri du Euskarabilak Basaurira”, dio Garbiñek.

EUSKARABILA, TESI BATEKO ARDATZ. Txerra Rodriguez Gomez deriotarra aholkulari lanetan izan da ‘Euskarabilaren ahotsak. Basauriko euskara elkartearen lorratza’ liburuaren prozesuan. 2015etik 2016ra bitartean Parte-hartze eta Garapen Komunitarioari buruzko masterra egin zuen EHUn eta master amaierako lana Euskarabilaren inguruan egin zuen: “Euskara elkarteen inguruko doktore tesi bat egitea pentsatu nuen, eta etxetik hurbil neukan bat aukeratu nuen: Euskarabila. Batez ere 2011n elkarteak egindako barne-hausnarketa horren ondorioz. Interesgarria iruditzen zitzaidan ibilbide luze samarra zeukan euskara elkarte bat aztertzea, zelan bidean nolabaiteko txiribuelta eman zuen”, dio Txerrak.

“Galdetegi bat bidali nien 30 pertsonari. Horietatik hamar Euskarabilan zuzenean inplikatutakoak ziren, beste hamarrek gauza puntual batzuetan parte hartu ohi zuten, eta beste hamar Euskarabilatik kanpo zeuden”, dio Txerrak: “Lerroburuei dagokienez, alde batetik 2011n elkarteari buelta bat ematea lortu zen. Batez ere egiteko moduan edota ekintzetan, baina aldi berean, ez ziren gainditu aurretik elkarteak zituen arazo batzuk. Hala nola, beste jende batengana heltzea eta elkartearen inguruan jende gehiago inplikatzea. Eta hori izan da Euskarabilaren jarduna etetearen arrazoi nagusienetako bat”.

BASAURIN BE BAGARATIK AMAIERARA. Euskarabilak 2018an eten zuen bere jarduna, baina amaiera “askoz ere lehenagotik” zetorrela dio Ludik: “2011rako taldea oso ahulduta zegoen, baina azken ahalegin bat egin nahi izan genuen. Topagunearen laguntzaz, gogoeta saio batzuk antolatu genituen ez bakarrik Euskarabilan momentu hartan zegoen jendearekin baizik eta esparrua gehiago zabalduz. 30 bat lagun batu ginen eta oso gogoeta interesgarria izan zen. Euskarabilaren helburu argia zen taldea indartzea eta neurri batean esan daiteke indartu zela, denon artean erabaki genuelako egin behar zela zerbait ikusgarria, harro sentiaraztekoa, eta herrian hemen gaudela oihukatzeko izango zena”, dio Ludik. Eta horrela sortu zuten 2012an Basaurin Be Bagara ekimena.

2012tik 2017ra bitartean urtero, Euskararen Egunaren harira, formatu ezberdineko jaiak antolatu zituzten. “Horrek agian, kalera begira, ez zuen erakusten Euskarabilak benetan barruan zuen indar falta. Egun handiak ziren beti, partaidetza handikoak, zoriontasunekoak, eta bolo-bolo ibiltzen zen ekimena zen. Baina barruan ez zegoen indarrik eta nik uste dut 2018an heldu zela momentua atea ixteko”, dio Ludik.

“Euskarabila Elkarteak amaitutzat eman du bere ibilbidea. Hemendik aurrerako erronken aurrean —adibidez, Euskaraldia— nola erantzun, euskaltzale bakoitzaren baitako erabakia izango da, baina zalantzarik ez izan zeregin ugari daukagula oraindik Basaurin euskararen normalizazioa lortzeko. Jarraitu euskararen bila, txarto egindakoak barkatu eta ondo egindakoak gogoan hartu”, dio Ludik.

San Fausto Digitala inprimategian (Agirre Lehendakaria, 2) jaso ahal izango du alerik interesa duenak, agortu arte

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak