→Basauri

Ioritz Lopez de Alda: “Basaurin 140 entitate gara Euskaraldian. Orain, herritarron txanda hasi da”

Basaurin euskara eta Euskaraldia sustatzeko lanean dabil Ioritz Lopez de Alda. Bolintxu AEKko irakaslea da, Berbalaguneko dinamizatzailea eta aurten Euskaraldiarekin buru-belarri dabil

Ioritz Lopez de Alda / Geuria

Euskaraldiaren bigarren edizioaren prestaketetan murgilduta dabil Basauri. Ekainean herri batzordea osatu zuten eta ordutik lanean izan dira. Ioritz Lopez de Alda (Bilbo, 1985) Basauriko herri batzordeko kidea da. AEK Bolintxuko irakaslea da Ioritz, eta hain zuzen ere, AEK eta GEURIA Basauriko Euskaraldiaren dinamizazioan ari dira, Udalarekin elkarlanean. Ahobizi eta Belarriprest gehiago biltzea eta rolak ongi lantzea bilatuko dute aurtengo Euskaraldian.

2018ko Euskaraldian 1.401 basauriarrek eman zuten izena: 905 ahobizik eta 496 belarriprestek. Gainera, banakako harremanak aintzat hartzeaz gain, taldekako ariketak ere jasoko ditu edizio berriak, Ariguneen bidez: “Lantokietan, enpresetan, administrazio publikoan, herrietako asanbladetan, kultur zein kirol taldeetan, aukera emango zaie ahobizi eta belarriprestei eremu berrietan inertziak apurtu eta hizkuntza ohitura berriak barneratzeko”, dio Ioritzek.

140 arigune baino gehiagok izena eman dute Basaurin eta zerrenda egunetik egunera handitzen ari da. Horrekin batera, ahobizi eta belarriprest izen-emateak ireki ditu Euskaraldiak eta izenematea.euskaraldia.eus estekan norberak eman dezake izena.

Irailarekin batera, Euskaraldian parte hartzeko izena emateko epea heldu da.
Irailaren 20tik aurrera norbanakoek izena emateko aukera izango dute. Ahobizi edo Belarriprest rolak hautatu beharko dituzte herritarrek, 2018an bezala. Era berean, irailean oraindik ere epea zabalik dago entitateek Arigune bezala izena eman dezaten, hilaren 27ra arte.

Aurten figura berriak dira Ariguneak. Basaurin zenbat Arigune lotuko dituzue?
Basaurin ehundik gora lortzea espero dugu. Uztailean batzuk lotu genituen eta asmoa da irailean hainbat gehiago lotzea. Dagoeneko harremanetan jarri gara entitate batzuekin eta laster gehiagorekin hitz egingo dugu. Lehenengo harremana email bidez egingo dugu, eta ondoren, erantzuten dutenekin aurrez aurre elkartuko gara. Harremana zuzenekoa izango da. Euskaraldian parte hartzera animatuko ditugu.

Sektore jakin batean sakonago eragiteko asmoa duzue?
Euskararekin harremana duten elkarteengana edo eragileengana jo dugu aurrena, baita komertzio euskaldunengana ere. Batzuk ezagunak ditugulako edo parte hartzera animatuko direlako jo dugu lehenengo eurengana. Noski, leku estrategikoetara joaten saiatuko gara. Badakigu leku guztietara ezin garela iritsi, beraz, jende gehien elkartzen den eremuetara joko dugu. Udaleko Euskara Zerbitzutik ikastetxeengana eta udal erakundeetara joko dute.

Nai Lua teteria / Euskaraldia Basauri

Batez ere tokiko denda, komertzio eta tabernak dira bilatuko dituzuenak ala enpresa handiengana ere joko duzue?
Batez ere tokiko merkataritzara joko dugu. Enpresa handiengana hurbiltzeko lana Euskaraldia batzorde orokorretik egingo dute. Adibidez, Eroski bezalako enpresa handiekin eurek egin dute harremana. Herri batzordeetan txikiengana heltzen ahaleginduko gara: auzoko arrandegiak, zapata-dendak, tabernak, tokiko dendak Egunerokoan herritarrek erabiltzen dituzten horiengana jo nahi dugu.

Saltokien zerrenda luzea izango duzue.
Aurreko Euskaraldiarako zerrenda egin genuen eta hura erabili dugu lehen harremanak lotzeko. Uda aurretik email orokor bat bidali genien zerrendako guztiei, Ariguneak azalduz eta parte hartzera animatuz. Orain arte 20 bat dendak eta tabernak eman dute izena Arigune bezala. Hilabete honetan ehun arigunetara iristeko ahalegina egingo dugu. Lortu dezakegula uste dut. Komertzial lanetan ibiliko gara ate joka!

AEK Bolintxu eta GEURIA dinamizazio lanetan ari dira Basaurin, eta eurekin batera, atzetik hainbat herritar daude herri batzordean lanean.
Aurten, AEK Bolintxu eta GEURIA ari gara dinamizazio lanetan, Basauriko Udalarekin elkarlanean. Dinamizatzaileon lana da herri batzordea bideratzea. Basauriko aurtengo herri batzordea osatzeko oinarritzat hartu genuen aurreko Euskaraldian parte hartu zuen jendea, baita herriko eragile kulturalak eta euskaltzaleak ere. Ekainaren bukaeran aurkeztu genuen herri batzordea eta argazkian hamabost bat agertu ginen.

Artunduaga Atletismo Taldea / Euskaraldia Basauri

Noiz hasi zen herri batzordea lanean?
Bada, ekainaren amaieran hasi ginen gu lanean. Koronabirusaren pandemia dela eta, Euskaraldiaren dinamizazioaren lizitazioa berandutu egin zen Basaurin. Baieztatu zigutenean gu izango ginela dinamizatzaile, ekainean hasi ginen hariak mugitzen. Hilabete erdialdetik ekaina bukaerara bitartean herri batzordearekin elkartzen hasi ginen, lanak banatu eta Ariguneak identifikatzeari ekin genion.

Koronabirusak utzi al dizue aurrez aurre elkartzen?
Ekainean bi bilera deitu genituen eta biak presentzialak izan ziren. Gainera, batzordeko zenbait kide ideia berriekin etortzeak aberasgarriago egin zituen bilera horiek. Asmoa da herri batzorde hau denboran iraunkorra izatea, ez bakarrik Euskaraldiarako, baizik eta sare bat osatzea eta Euskaraldia bukatutakoan bidea egiten jarraitzea eta urtean zehar ekintza ezberdinak antolatzea.

Harremanik ba al daukazue eskualdeko gainontzeko herri batzordeekin?
Bai. Euskaraldiaren foro handi bat badago eta bertan Euskal Herriko herri guztietako dinamizatzaileak gaude. Prestakuntza saioak egin ditugu eta informazioa partekatu dugu. Behin, batzar telematiko batean, 50 dinamizatzaile inguru batu ginen, eta batzuek egindakoa planteatu ziguten. Adibidez, eskualdeari begira, Arrigorriaga aurrenetarikoa izan zen lehenengo Euskaraldia antolatu baino lehen, 2017an, ariketa antzeko bat antolatzen, eta aurretik eman zituen pausoak argitu zizkigun. Lagungarria da erreferenteak bilatzea eta eurekin informazioa partekatzea.

Euskaraldia ariketa izan aurretik ekitaldirik antolatuko duzue?
Egoerak uzten badigu ekintza batzuk pentsatuak ditugu herria girotzeko. Ahobizi eta Belarriprest txapak banatzeaz gain, esate baterako, mintzodromo bat egitea pentsatu genuen, baita ipuin kontalari bat ere. Hala ere, momentuz nahiko mugatuta gaude, egoeraren eboluzioaren arabera. Ez daukagu data zehatzik ekitaldietarako, baina Euskaraldia badatorrela adierazteko zerbait egin beharko dugu.

Marieneako Euskara Batzordea / Euskaraldia Basauri

Euskaraldiak Basaurin aldaketarik izan duen galdetuko banizu.
Momentuz ezin dugu jakin. Euskaraldia hurbiltzen den heinean jakingo dugu. Hau da, duela bi urte 1.401 basauriarrek eman zuten izena: 905 ahobizik eta 496 belarriprestek. Aurten ez dakigu zenbatek emango duen izena, baina aurreko datuak hobetzea espero dugu. Horrek esan nahiko du aldaketarik eman dela hizkuntza-ohituretan. Herritarrek euskara gehiago egiten dutela agertu da zenbait txostenetan. Datuek diote gora goazela, baina ezin gara lar baikorrak izan. Aitortu behar dugu Basaurin lan handia dagoela egiteko, eta espero dugu Euskaraldiak izango duen jarraikortasun horrek ematea euskarari merezi duen presentzia kalean. Hori da gure helburu nagusia. Beste helburu bat izan da sortu dugun talde eragile horrek urtean zehar aisialdian ekintzak antolatzen jarraitzea, Berbalagunez eta Euskaraldiaz aparte.

Iraunkorrak izatea, hortaz.
Bai. Aurten Euskaraldiak lau egun gehiago izango ditu -orotara hamabost egun euskaraz-, eta Basauriko herri batzordean lortu nahi duguna da iraunkortasun bat ematea Euskaraldia amaitu eta gero. Momentuz ari garen lanarekin gustura daude, eta ikusten ari gara jendea gogotsu dagoela. Ideia berriekin agertu da batzarretara eta itxura ona dauka etorkizunari begira. Ea luzaroan irauten duen.

Nola animatuko zenituzke herritarrak Euskaraldian parte hartzera?
Euskararen erabilera bultzatu behar da. Horretan animatuko nituzke. Azkenean, hizkuntza guztiek komunitate bat behar dute, eta komunitate izateko lan handia egin behar da. Aldaketa txikitxo bat da, baina aldaketa txikiek gero aldaketa handiak ekartzen dituzte. Beraz, erraza izango da. Dibertigarria izango da eta euskarari bultzada emateko aukera polita izango da. Gure aletxoa jarri behar dugu etorkizunean euskarak presentzia handiagoa izan dezan.

Azken finean bultzatzen ari garena da hizkuntza bat, eta hizkuntza-ohiturak aldatzea.
Hala da. Adibidez, tabernetan, komertzioetan karteltxoak jarriko ditugu bertan euskaraz hitz egin dezakezula identifikatzeko, eta horrek ere imajinatzen dut euskararen erabilera sustatzen duela. Euskalduna den batek karteltxoa ikusten badu, denda edo tabernaren kanpoaldean behintzat, badaki komertzio hartako langileak euskara badakiela, eta euskaraz egin dezakeela erosketa.

Eta jakin ulermenarekin nahiko dela Euskaraldian parte hartzea.
Bai. Garrantzitsua da herritarrek jakitea ulermenarekin nahikoa dela parte hartzea. Basaurin euskararen ezagutza-maila altua da, gehienek euskara ulertzen dute eta hortaz, Belarriprest bezala eman dezakete izena. Hala ere, argi utzi nahi dugu Belarriprest edo Ahobizi hautua ez dela ezagutzaren araberakoa. Hau da, euskaldun bat Belarriprest ere izan daiteke. Bi figurak beharrezkoak dira: hitz egiteko prest dagoena eta dakiena, baina entzuteko prest dagoena ere bai. Zentzu horretan animatuko nuke jendea, beldurra alde batera uztera. Euskara ulertzen duen horrek, gutxi edo asko bada ere, pausoa eman dezala. Batzuetan domino efektu hori ere gertatzen da: ondokoa euskaraz entzuten dugunean, gu ere euskaraz hitz egiten hasten gara. Eta nik uste dut Belarriprestak oso garrantzitsuak direla, euskaraz hitz egin nahi duen horri aukera ematen diolako. Eta horrek sarea handitu dezake.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak