2013ko martxoan Ugao izan zen lehena eta Basauri azkena, aurtengo urtarrilean. Geuria Sagarrak Talde Ekologistarekin izan da haustura hidraulikoa hizpide hartuta.
2010. urtetik aurrera hainbat alditan entzun izan da komunikabideetan fracking hitza: “Gero eta berri gehiago aurki daiteke haustura hidraulikoaren inguruan, baina energiaren lobby-ak -presio taldeak- oztopo ugari jartzen dizkigu kontzientziarazteko: gizarteak, oro har, edo ez ikusiarena egiten du edo ez daki ezer. Euskaldunok, ordea, oso kontzientziatuta gaude”, diote Sagarrak Talde Ekologistako arduradunek.
Frackinga presio handiko fluido baten bidez harri-geruzak hausteko prozesua da eta, gehienbat, petrolioa eta gas naturala erautzen dira lurzorutik. Haustura-lan bakoitzean putzu bat zulatzen da erreserbak dituzten harri-formazioetan, “batzuetan 2.000 metro baino gehiagoko sakontasunera heldu arte”, dio talde ekologistak. Presio handiko fluidoa injektatzeak zartadura berriak sortzen ditu harkaitzean, erregai fosilen erauzte-tasak handituz. “Haustura bera egiteko putzu bakoitzak 31.124.000 litro ur beharko ditu eta horien %2a produktu kimikoak dira”, diote.
Horiek horrela, haustura hidraulikoaren kontra hainbat mugimendu sortu dira eta Hego Uribe eskualdean Basauri, Galdakao, Etxebarri eta Ugao ‘Fracking gabeko eremuak’ dira. Ugaoko Udalak 2013ko martxoko Osoko Bilkuran ebatzi zuen teknika honen aurkako “jarrera argia eta esplizitua”. Etxebarriren kasuan, 2014ko apirileko udalbatzan talde politiko guztiek aho batez onartu zuten ‘Fracking gabeko herriaren’ aitorpena. Maiatzean Galdakaoren hitzarmena heldu zen eta Udalak gasa ustiatzeko eta erauzteko ezohiko teknika arbuiatu zuen. Basaurik ere bat egin du frackingaren kontra 2015eko urtarrileko udalbatzarrean erabakia hartu ondoren.
Sagarrak Taldearen esanetan, “frackinga hainbesterako da negozio, Estatu Batuetako konpainiek etorkizuneko merkatuan kokatzen baitute. New York Timesek berak artikulu batean adierazi zuen frackingak beste burbuila bat sortuko duela”.
FRACKINGAREN KALTEAK
Kutsadura akustikoa, aire kutsadura, paisaien kutsadura edo ur kutsadura dira kalterik nabarmenenak. “Osasunari dagokionez, kimikoen artean egon badaude mutagenikoak edo minbizi-sortzaileak, besteak beste. Hori gutxi balitz, gorputzak ez ditu sustantzia horiek botatzen eta metatu egiten dira”.
