“Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoa. 50 urte Arratiako Tranbia barik” erakusketa ikusgai izan da Galdakaon, eta Juanjo Olaizola historialariak hitzaldia eman du.
Ehun urtetik gora igaro dira Arratiako Tranbia izenenez ezaguna zen garraiobidea jaio zenetik. Bilbotik Durango eta Arratiara bitarteko ibilbidea egiten zuen lehendabiziko tranbia elektrikoa izan zen. 1902. urtean inauguratu zen eta 1964. urtera arte bizirik mantendu zen. 2014an, bere desagerpenaren 50. urteurrena bete denean, omenaldiak egin dizkiote urtetan zehar milaka lagunentzako ezinbesteko erreferentea izan zelako.
Lantegietara zein Bilboko portura lanera joateko, baserriko eta fabriketako produkzioa gora eta behera eramateko, baita mendizaleak Gorbeiara hurreratzeko ere, garraiobide bakarra zen Arratiako Tranbia. “Gure arteko zaharrenek oraindik gogoratzen dituzte hiriburura heltzeko bi ordutako bidaia luzeak edo Galdakaoko Dinamitara, Basauriko Basconia eta Firestonera, Arkotxako (Zaratamo) Pradera anaien kobre galdategira edo Bilboko Euskaldunara egunero lanera joateko ibilbideak, abereen eta landa-produktuen etengabeko joan-etorriak, baita Bilbotik gorantz garraiatzen ziren ikatza, mendizaleak eta bestelako produktu ugari ere”, dio Juanjo Olaizola Espainiako trenbide historialari eta ikertzaileak.
6 MILIOI BIDAIARI 1950EKO HAMARKADAN
Arriaga antzokitik, Abusutik eta Boluetatik igaro ondoren, Basauri iparraldetik egiten zuen ibilbidea Arratiako Tranbiak, mendebaldetik ekialdera, Zubialdeatik Etxerre auzoraino (La Basconia, Pozokoetxe, Azbarren, Urbi eta Etxerre) eta ondoren Galdakaorako eta Usansolorako bidea egiten zuen, handik Bediara eta Lemoara joateko. Lemoan bidea banatu egiten zen: Durangora eta Zeanurira.
1950eko hamarkadan eduki zuen Arratiako Tranbiak jarduerarik handiena: urtean 6 milioi bidaiari eramaten zituen, gehienak Bilboaldeko langileak.
Urteak aurrera joan ahala eztanda-motorearen, gasolinaren eta petrolioaren beste deribatu batzuen garaia iritsi zen, automobil pribatuaren sozializazioan oinarritutako gaur egungo zibilizazioarena, hain zuzen. Eta orduan, 1964ko azaroaren 30ean, Arratiako Tranbia desagertu egin zen.
__________
150 PERTSONA INGURU ERAKUSKETAN
Bere desagerpenaren 50. urteurrena bete denean, Juanjo Olaizolaren “Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoa” eta “Tranvia de Arratia (1902-1964)” liburuen lana osatzeko eta tranbiaren gorabeherak ezagutzera emateko asmoz, “Bilbotik Durango eta Arratiarako Tranbia Elektrikoa. 50 urte Arratiako Tranbia barik” erakusketa antolatu du Zertu Elkarteak, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin. Galdakaon ekainaren 1etik 12ra arte egon zen erakusketa eta bertara 150 pertsona inguru hurbildu ziren. Juanjo Olaizolak hitzaldia eman zuen Torrezabal Kultur Etxean, 50 bat entzuleren aurrean.
