→Basauri

Gorka Oca: “Mauritaniara ondo egokitu naiz; hemengo futbolak ez du hango estresik”

Gorka Oca / Utzitakoa

Duela sei hilabete inguru iritsi zen Gorka Oca Pulido (Basauri, 1985) Mauritaniara. Bertako Nouadhibou Futbol Klubeko prestatzaile fisikoa da Oca. Nouadhibou Mauritaniako bigarren hiririk garrantzitsuena da, baina gaur egun Nouakchott hiriburuan bizi da basauriarra. Jokalari bezala Indartsu eta Ariz taldeetan jokatu zuen eta Unibertsitate garaian CD Etxebarri entrenatu zuen. Galdakaoko taldean prestatzaile fisiko bezala sartu zen eta ordutik mundu horretan dabil Oca.

Eta nolatan joan zara Mauritaniara?
Orain dela urtebete, Luis Fuertes Mauritaniako Federazioko zuzendari teknikoa ezagutu nuen eta bertako federazioan lan egiteko aukerari buruz hitz egin genuen. Proiektu hori atzeratu egin zen eta, azkenean, FC Nouadhiboun, entrenatzaileaz gain, prestatzaile fisikoa behar zutenez, zuzendariak presidenteari ni etortzea proposatu zion. Ekainean presidentearekin egon nintzen Gasteizen elkar ezagutzeko, eta handik bi astetara hemen nengoen.

Zelan egokitu zara herrialde horretara?
Lehenengo egunetan -orain ere bai, noski- familia, kuadrilla eta pertsona berezi batzuk burura etortzen zitzaizkidan. Hemen nahiko ondo nago baina etxetik 4.000 kilometrotara normala da faltan botatzea. Eguneroko bizitzan eta taldearekin ondo moldatu naiz hasieratik.

Zelangoa da zure egunerokoa bertan?
Normalean, bi edo hiru astez behin bidaiaren bat izaten dugu eta horrek errutinaz aldatzen laguntzen digu. Bestela, Nouakchotten bagaude, beti gauza bera egiten dugu. Etxean gosaldu eta gero, ohiko kafetegira joaten gara eta kafe bat hartzen dugun bitartean arratsaldeko lan saioa prestatzen dugu. Etxerako bidean, erosketak egiten ditugu eta bazkaldu ondoren entrenatzera joaten gara. Astean hiru aldiz-edo gimnasiora joaten saiatzen gara. Egun librea daukagunean hondartzara joateko aprobetxatzen dugu baina kontua da hemen ez dagoela jarduera asko egiteko aukerarik.

Bizitzen ari zaren esperientzia deskribatzeko esango banizu.
Espero nuena baino askoz hobea ari da izaten. Egiten ari garen lanak oso emaitza onak ekarri dizkigu. Gu gara Nazioarteko txapelketa baterako sailkapena lortu duen lehenengo taldea, lehenengo aldiz Mauritaniaren historia osoan. Bi txapelketa internazionaletan jokatzen ari gara orain, Coupe CAF-en, Europa League bezalakoa, eta Arabiar Txapelketan, arabiar munduko talderik onenen artean jokatzen den txapelketan. Horri esker, lehen esan dudanez, bidaia asko egin ditugu eta horrela jarraituko dugu bi txapelketetatik kanpo geratu arte. Hona iritsi aurretik ez nuen imajinatzen Zimbabwen, Iraken edota Egipton jokatuko genuenik.

Nouadhibou Futbol Klubeko prestatzaile fisikoa da Oca / Utzitakoa

FC Nouadhibou, gainera, klub gaztea da.
Bai. Aurten 20 urte bete ditu. Ahmed federazioko presidenteak eta Aziz FC Nouadhibouko presidenteak sortu zuten taldea 2000. urtean eta biek taldea profesionalizatzeko egindako lana nabarmenduko nuke. Haiei esker, besteak beste, jokalariak profesionalak dira, badago Nouadhibouko gazteentzako futbol eskola bat, eta Europako edo beste kontinenteetako talde batera joatea errazten diete jokalariei. Gaur egun erreferentea da FC Nouadhibou taldea.

Nola entrenamenduak egiten dituzue?
Santiago Martinez Mares valentziarrak entrenatzailearen papera betetzen du eta ni prestatzaile fisikoa naiz. Entrenatzeko orduan, guk han entrenatzen genuen bezala entrenatzen dugu. Gainera lehendabiziko egunetik jokalariak ondo moldatu ziren nahiz eta horrelako entrenamenduak inoiz ez egin. Nire lanak bi helburu nagusi ditu: lehenengoa jokalarien lesioak saihestea da eta bigarrena jokalariek denboraldi osoko baldintzak jasan ahal izatea. Momentuz ondo doala uste dut. Lan tekniko-taktiko guztia entrenatzaileari dagokio, eta hori ere, primeran doa.

Afrikako eta Europako futbola ezberdinak dira.
Ezberdinak dira bai, baina Afrikan futbola eboluzionatzen ari da. Adibidez, Mauritaniako Selekzioa FIFAtik kanpo zegoen eta joan den udan bere lehenengo Afrikako Kopa jokatu zuen, historian aurrenekoz. Hemengo futbolari dagokionez, Federazioak kudeaketa oso ona egin du. Hala nola, instalazio berriak eraiki ditu eta entrenatzaileak formatzeko proiektuak sustatu ditu.

Mauritanian emakumeen futbolaz galdetuko banizu.
Horretan ere lan bikaina egin dute Federazioan. Mauritania errepublika islamikoa denez, emakumeek futbol munduan sartzeko eragozpenak dauzkatela pentsa liteke, baina ez. Mauritaniak badu emakumeen Selekzioa. Momentuz talde eta kategoria bakarra dago eta aurten COTIF Valentziako txapelketa jokatu dute, Espainako jubenilen mailako txapelketarik ospetsuenetako bat.

Gorka Oca prestatzaile fisikoa eta santiago Martinez Mares entrenatzailea / Utzitakoa

Zein aholku emango zenioke futbolean hasten ari den umeari?
Umea zarenean egin behar duzun gauza bakarra ondo pasatzea da. Niri futbola gustatzen zait baina gauza bera esaten dut beti: txikitatik kirolen bat praktikatu behar da eta zorionez mila aukera daude. Badirudi futbola kirol bakarra dela eta ez, bakoitzak progatu behar du gehien gustatzen zaion kirola aurkitu arte. Garrantzitsuena kirola egitea da, dudarik gabe.

Zelan aldatu da zure bizimodua Mauritanian zaudenez geroztik?
Mauritanian bizitza oso lasaia da; hemen ez dut inolako estresik. Han beti presaka ibiltzen nintzen alde batetik bestera, baina hemen dena egiteko denbora daukagu eta, garrantzitsuena, nire lana izugarri gustatzen zait. Egia da ezin dudala lagunekin edo familiarekin nahi dudanetan elkartu, baina esperientziak merezi du eta haiek nire zain izango dira Basaurira itzultzen naizenean.

Basaurin geratzeko itzuliko zara?
Egia esan, ez dakit etorkizunean non egongo naizen, baina argi daukat futbol munduan jarraitu nahi dudala. Berdin dit Basaurin, Mauritanian edo munduko beste edozein herrialdetan. Nire anaia ere entrenatzailea da; gaur egun Mexikon dago eta egunen batean berarekin talde bat entrenatzea asko gustatuko litzaidake. Horretan sinisten dut!

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak