11 hautesleku izango dira eta bakoitzean hautestontzi bat edo bi ipiniko dituzte, biztanle-erroldaren arabera. 32 ikuskatzaile izango dira eta beste hainbeste ordezko
San Fausto, Bidebieta eta Pozokoetxe plan estrategikoari buruzko herri-kontsulta abenduaren 17an izango da. Horretarako, 11 hautesleku izango dira eta biztanleria-erroldaren arabera, hautestontzi bakarra edo bi jarriko dituzte: Heziketa Profesionaleko eskolan -CIPEB-, Sofia Taramonan, Arizko Dorretxean, Basozelain, Ibaiganen eta Euskaltegian hautestontzi bat jarriko dute eta Pozokoetxen, Musika Eskolan, San Josen, Kareagan eta Bizkotxalden bi. Hau da, guztira 16 hautestontzi ipiniko dituzte.
32 IKUSKATZAILE ETA 32 ORDEZKO
Kontsulta egunean 32 ikuskatzaile izango dira eta beste hainbeste ordezko. Iaz geldiarazi zuten kontsultan prestutasuna adierazi eta zozketa bidez atera ziren bolondresek lehentasuna izango dute. Horietako batek edo batzuek uko egiten badute, ordezkoen zerrendakoei deituko diete.
Modu horretan, izen-emate prozesua zabalduko luke berriro ere Udalak. Hori gertatzekotan, udal webgunean emango lukete horren berri. Kasu horretan, lehentasuna emango zaie langabetuei eta ikasleei.
Beharrezkoa izatekotan, zozketa egingo dute azaroaren 15ean 12:00etan udaletxean. Azken kasuan, boluntariorik agertu ezean, Lanbideren bitartez hautatuko lituzke Basauriko Udalak ikuskatzaileak edota ordezkoak.
