Ekainaren 9tik 11ra bitartean ospatuko da Basauri Eskubaloi Solidarioaren X. edizioa. Txapelketa puntuagarria izango da Espainian eta Europan
Hamargarren edizioa beteko du aurten Basauri Eskubaloi Solidarioa ekimenak. Ekainaren 9tik 11ra bitartean ospatuko da Bizkotxalde parkean eta aurreko bi urteak bezala, Hondartza-eskubaloi txapelketa antolatu dute Basauriko Eskubaloi Taldeak eta Udalak, Indupime eta Bilbondo enpresen laguntzarekin. Aurten bilduko duten dirua Acambi elkartera bideratuko dute, Bularreko minbiziaren Bizkaiko elkarteari, alegia.
Arena 500 hondartza-eskubaloi txapelketaren baitan dago Basauriko torneo hau. Orain arte, Euskadiko txapelketarako puntuak ematen zituen, baina aurten, horrez gain, Espainiako txapelketako ‘Arena Tour 500’ eta ‘European Beach Tour’ Europako txapelketarako puntuak emango ditu. Gauzak horrela, oihartzun handia izan du aurten txapelketak: “Torneoa lau haizeetara zabaltzea lortu dugu, Espainiako zein Europako Eskubaloi Federazioekin harremanak lotuz. Orain arte, Bizkaiko eta Kantabriako taldeak izan ditugu gurean, baina oraingoan Kataluniatik eta Madrildik etorriko dira zenbait. Aipatzekoa da Portugaleko bi talde etortzekoak zirela, baina egutegi kontuagatik ezingo dira bertaratu“, dio Pablo Conejo Basauri Eskubaloi Taldeko presidenteak.
Guztira, 59 talde lehiatuko dira: 23 senior (gizonezkoen 17 talde eta emakumezkoen 6 talde) eta 36 eskola-talde. “Gutxi gorabehera 600 jokalari izango ditugu asteburuan Basaurin eta 120 partidu jokatuko dituzte“, dio Conejok. Berrikuntza izango da aurten hiru zelai izango direla Bizkotxalden.
ZERO ILARA
Txapelketa ikusteko sarrera doakoa da, eta izen-emateekin eta publizitatearekin lortuko duten dirua Acambi elkarteari emango diote antolatzaileek. Era berean, enpresek, erakundeek edota norbanakoek aukera izango dute ekarpen ekonomikoak egiteko. Horretarako ‘zero zenbakidun ilara’ sortu dute: ES84 0081 5055 35 0001845086 (Banco Sabadell). Ekainean zehar zabalik egongo da kontua.
Hamar edizio hauetan 65.000 euro baino gehiago biltzea lortu dute.
EGUTEGIA
Ekainak 9, ostirala
18:00-21:00 Eskolarteko txapelketa
Ekainak 10, larunbata
09:00-12:00 Eskolarteko txapelketa
13:00-23:00 Gizonezkoen eta emakumezkoen sailkapen absolutuak
Ekainak 11, igandea
09:00-13:30 Gizonezkoen eta emakumezkoen finalaurrekoak eta finalak
14:00 Sari banaketa
16:00-18:00 Eskolarteko txapelketa
