→Basauri

Ibilbide osasungarrien sarea diseinatu du Basauriko Udalak, herritarrei jarduera fisikoa egitera bultzatzeko

basauri udaletxea
Sareak lau ibilbide izango ditu, herri barruan zein inguruetan zehar zabalduko direnak. Helburua kirola sustatzea izango da / Geuria

Jarduera fisikoa dibertsifikatzea eta herritarren artean kirola sustatzea da Udalak sortutako sarearen xedea. Lau ibilbide izango ditu, herri barruan zein inguruetan zehar zabalduko direnak. Gainera, horietan zehar, basauritarrek herriaren naturaz eta kultura-ondareaz gozatu ahal izango dute.

Batetik, ibilbide «urdina» egongo da. Honako hau Nerbioi ibaiaren ertzetik joango da. Lauen artean luzeena izango da, 8km hartuko baititu. Hala ere, maldarik ez duela izango aipatzekoa da. Arizko zubitik bidea hartu da eta ibaian gora egingo du, Arrigorriagaraino. Ondoren, San Migeletik igaro, eta joaneko bide beretik itzuliko da hasierako puntura.

«Laranja», «Basauri atzo eta gaur»
izeneko ibilbideari dagokionez, udalerriko eraikin historikoenetako batzuetatik (Taberna Nagusia, Sagasti baserria) eta landa-eremuetatik (Errekalde eta Uriarte auzoak, esaterako) igaroko dela nabarmendu behar da. Udalerri barrutik igaroko den eta 5km-ko itinerarioa izango da, ia-ia maldarik gabekoa. Asfaltotik doa eta erabat irisgarria da.

Bestalde, «Basauri: herria eta basoa» edo ibilbide «arrosa», erabat desberdinak diren bi eremutatik pasatuko da: Basauri herrigunetik eta Montefuerte (Ollargan) parketik. Honek, ibilbide maldatsua izanda, ahalegin fisiko handiagoa eskatuko du. Udaletxetik abiatu, eta Buiagoitiko pistatik igoko da bidea, Montefuerte parkerantz. Gero, Gaztelu (Kukurrustu) mendirantz egin, eta pistatik jaitsiko da Kareaga auzoraino, eta, handik, Basauriko udaletxera itzuliko da.

Azkeneko ibilbideak, hots, «gorria» izena duen ibilbideak, herritarrak «Basauri historiko eta naturala» ezagutzera eramango ditu. Bidea Finaga eta Malmasin mendi magalean zehar igaroko da. San Migel eliza ondotik abiatuko da, Nekazari plazatik. Ibilbidea 5 kilometrokoa izango da, zirkularra, 200 metro inguruko desnibelarekin. Errepidetik, pistatik eta bidezidorretatik joango da.

Sarea udaberrirako prest egotea espero dute arduradunek, ibilbideetan seinaleak jartzeko eta material dibulgatzailea egiteko lanak kontratatzeko prozesuari ekin baitiote jada. Nerea Renteria Ingurumeneko zinegotziak adierazi duenez, «seinaleez gain, ibilbide bakoitzari buruzko informazio-liburuxka bi prestatzen ari dira: bat, herritarrentzako, oro har; eta beste bat, ibilbidea familiarekin egin nahi dutenentzat, eta, batez ere, umeei zuzenduta».

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak