→Basauri

BIDEOA | Iñigo Lopez Simon: “Bilboko etxola-auzoen historia berreraiki dut”

Iñigo Lopez Simonek (Basauri, 1984) Tene Mujika beka irabazi zuen pasa den urtean. Debako Udalak eta Elkar Fundazioak emandako bekari esker Basaurin jaiotako historialari honek XX. mendean Bilbo inguruan zeuden etxolen inguruko ikerketa egin ahal izan du. Ikerketaren emaitza liburu batean argitaratuko da aurtengo udan. Lan honetan, Lopezek gure gizartea eraiki zuten langileen bizimodua eta ohiturak azaltzen dizkio publiko orokorrari, lehen eskuko testigantzak baliatuz. Izan ere, Hego Uriben etxola-auzoak zeuden arren, herrietan izan zuten paperaz ahazten da gizartea gehienetan.

Zertan datza zure ikerketa?
Berrogeigarren hamarkadaren hasieran etxola-auzo ugari hedatu ziren Bilbon barrena, lan egitera etorri ziren etorkinek eraiki zituzten bizitzeko leku bat izateko. Praktika hau azkar zabaldu zen eta 1961erako sei mila etxola baino gehiago zeuden Bilbo inguruan. Nire lanean fenomeno hau aztertu dut era kualitatibo zein kuantitatiboan. Horretarako, garai hartako artxiboak ikertu eta etxoletan bizi izan ziren pertsona batzuk elkarrizketatu ditut. Ikerketa honi esker, Bilboko etxola-auzoen historia eraiki dut.

Zer aurkituko du jendeak zure lana aurrean duenean?
Benetako istorio bat aurkituko du jendeak nire lana irakurtzerakoan, hemen gertatutako istorio bat. Istorioetako bat, hobeto esanda. 26.000 biztanle egon ziren etxoletan bizitzen eta ni argazki orokor bat egiten saiatu naiz. Bertan, fenomenoaren nondik-norakoak aurkituko ditu irakurleak. Nire helburuetako bat etxolan horien barruan sartzen saiatzea izan da, herritarren egunerokotasuna aztertu eta deskribatzeko.

Iñigo Lopez Simon, Arrigorriaga eta Bilbo arteko Abusu auzoan / Geuria

Zergatik zeuden hainbeste etxola Bilbo inguruan?
Estatuko hainbat tokitatik (Gaztela, Extremadura eta Galizia, esaterako) migrazio fluxu handia egon zen Bilborantz. Madrilekin eta Bartzelonarekin batera, etorkin gehien jaso zituen hiria izan zen. Bilbok hainbat muga zituen, eta ez bakarrik fisikoak, ikusten ez diren horietakoak ere bazituen: etxebizitza gabezia zegoen, eta zeudenak, gainera, oso garestiak edo oso eskasak ziren. Hortaz, lanera etorri zen jende horrek guztiak ez zuen etxebizitzarik topatu eta etxolak eraikitzea erabaki zuten.

Zer gertatu zen etxoletan bizi ziren familiekin?
Etxolak eraitsi ziren eta auzokoei etxeak merke erosteko aukera eman zieten. Horretarako sortu ziren Otxarkoaga bezalako auzoak, oso modu prekarioan egin zirenak. Bizileku berri hauetara aldatu ziren etxoletako familiak, batzuk beraien nahiaren aurka. Hala ere, etxola horietan bizi ziren batzuk ezin zuten etxe berri horien prezioa ordaindu, eta etxola-auzo batzuk mantendu zituzten Bilbo inguruan. Bertan bizitzen geratu zirenek estigmatizazio handia jasan zuten, baita behinola beren auzokideak izan zirenena ere.

Bilboko etxola-auzoak / Postadata / Elkar

Zer ezberdintasun daude gaur egungo eta momentu hartako gizarteen artean?
Izugarrizko ezberdintasunak. Kontuan izan behar dugu momentuko gizartea gerra batetik zetorrela, horrek dakarren guztiarekin. Erlijioak garrantzi handia zuen; hori etxola-auzoetan asko nabaritzen da. Gainera, biztanleria eta haren ohiturak, Bilbo aldatu den heinean aldatu dira. XX. mende erdialdean hiri industriala zen eta hiritar askok fabriketan egiten zuten lan. Hori asko aldatu da, turismora eta zerbitzuetara jo baita. Kalean bizitza askoz gehiago zegoen; gaur egun Bilbo erakusleiho bat bihurtu da, turistentzako hiri bat. Nik esango nuke hilik edo erdi hilik dagoela, lokartuta egongo balitz bezala. Garai hartan Bilbo askoz biziagoa zen.

Hori bai, gaur egun lana lortzea zailagoa da, eta bat lortzen duzunean ez daukazu babes handirik enpresa barruan. Lan baldintzak hobeak izan daitezke, baina sindikatuek ez dute hainbesteko indarrik. Langile kontzientzia guztiz galduta dago. Honi gehitu behar zaio, nire ustez, orain etorkizunarekiko ikuspuntu grisago bat daukagula. Antzina, orainaldia oso grisa zen, baina amesteko gaitasuna zuten, hobera egingo zuela uste zuten. Gogogabetasun hau Bilbok izan duen aldaketaren eskutik dator.

Eta antzekotasunik?
Arazoak. Bilbon, egun, etxebizitza bat lortzea oso zaila da. Oraindik badaude etxolak inguruan, oraindik bizi da jendea horrelako egoeretan. Prekarietate handia dago gaur egun ere.

Gaur egun, horrelako bizi baldintzen adibiderik badago?
Dimentsioak ez dira berdinak, baina, bai, egon badaude oraindik. 1959an sei mila etxola inguru zeuden; hau da, 26.000 pertsona zeuden Bilbo inguruan etxola batean bizitzen, biztanleriaren ehuneko hamarra. Gaur egun askoz gutxiago dira, baina badaude. Urtarrilaren hasieran, esaterako, Etxebarria parkean zeuden etxola batzuk eraitsi zituzten. Hego Uriben oso etxola gutxi daude; batzuk egon badaude nekazaritzara bideraturik daudenak, baina etxebizitza bezala soilik erabiltzen direnak oso gutxi daude.
XX. mendean gertatu bezala, etorkinak dira horrelako baldintzetan bizitzera bultzaturik ikusten direnak. Egun, gehienak gazte magrebtarrak dira. Hor hari bat dago bi momentu historikoak lotzen dituena.

Zein izan da atentzioa gehien eman dizun istorioa?
Emakumeen istorioak nabarmen erakarri zuen nire arreta. Liburuan atal oso bat dedikatu diot emakumeen errealitateari. Izan ere, auzoetako bizitza eraiki zutenak haiek ziren; gizonak goizean-goiz fabrikara zihoazen eta gauera arte ez ziren etxera heltzen. Auzoetan denbora gehien ematen zutenak emakumeak ziren, eta haiek saretu zituzten momentuko komunitateak. Komunitatearen zutabe garrantzitsuenetariko bat ziren, baina marjinalitate bikoitza jasaten zuten. Ez ziren soilik kanpotarrak eta pobreak, honi gehitu behar zaio emakumeak izateagatik jasandakoa.

Ijitoei beste atal bat eskaini diet. Auzo-etxoletan ondo integraturik zeuden gehienak; hala ere, auzo batzuk oso estigmatizaturik zeuden ijitoak zeudelako. 61ean, etxolak eraitsi zirenean, hauen etxola asko mantendu ziren, Otxarkoagara ezin zirelako joan, ezin zuten etxebizitza bat ordaindu han. Hori dela eta, estigma handitu egin zen haiekiko.

Iñigo Lopez Simon ikerlari basauriarrak Tene Mujika beka jaso zuen 2020an / Geuria

Zergatik erabaki zenuen etxolen inguruan ikertzea?
Nire doktorego tesia gazte-marjinalitatearen inguruan izan zen. Azaldu nahi nuen zergatik zegoen hainbeste marjinalitate 70-80. hamarkadetan. Ikerketa horri esker ikusi nuen honen atzean zegoen faktoreetako bat urbanistikoa zela. Bilboko Otxarkoaga auzoa eta Madrilgo San Blas auzoak hartu nituen erreferentzia bezala, eta konturatu nintzen biak etxola-auzoetatik zatoztela; hauei aurre egiteko. Honen inguruan zertzelada batzuk eman nituen soilik; gehiago aztertzeko gogoarekin gelditu nintzen, gaian gehiago sakontzeko.

Zer garrantzi dute herritarrentzat honelako ikerketek?
Honelako ikerketek nondik gatozen ulertzen laguntzen digute herritar bezala. Etxoletako biztanle horiek, eta haien ondorengoek, eraiki dute Bilbo. Etxebarrin, San Antonion zehazki, sekulako etxola-auzoa zegoen; haiek ere Etxebarriren historiaren eta istorioaren atal dira. Herriaren bizitza eraikitzen parte hartu dute, herriari identitatea eman diote. Bestetik, Bilbo Handian egondako desorekak plazaratzen laguntzen dute horrelako lanek, batzuetan alde batera uzten ditugunak.

Zer nolako estiloa izango du lanak?
Argitaratuko den lana ez da akademikoa, publiko orokorretik gertu egon daitekeen kontaketa da, puntu literario batekin. Gabriel Arestik bere lanetan aipatzen ditu behin baino gehiagotan etxolak. Honen adibiderik argiena Ollarganeko etxola batean antzezlana da. Horrelako gauzekin lotu dut lana, ez nuen ikerketa akademiko hotz bat egin nahi. Jendearen bizitza kontatzen dut lanean, eta beraiek kontatu zidaten berotasunarekin helarazi nahi izan diot irakurleari.

Beste lanik baduzu etorkizunera begira?
Momentuz deskantsatu egin nahi dut. Lan gogorra da horrelako ikerketak egitea, oso nekatuta bukatu dut. Hala ere, gustatuko litzaidake Bilboko historiaren inguruan beste lan batzuk egitea, uste baitut oraindik asko geratzen dela lantzeko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak