→Basauri

Irantzu Varela: “Feministok ez dugu inor hil, baina agresiboak garela diote, beldur ematen diegun seinale”

Feminismoaren ahotsetako bat bihurtu da Irantzu Varela. Kontsumismo erromatikoaren eta martxoaren 8aren harira hitzaldiak eskaini ditu Marienean

Facebook / Irantzu Varela

Faktoria Lila gune feministaren koordinatzailea da, eta Pikara Magazinen eta Público egunkariaren ‘En la Frontera’ programan kolaboratzaile dabil Irantzu Varela basauriarra (Portugaleten jaio zen arren, 1974an). Egun feminismoaren ahotsetako bat da bera. “Inoiz ez naiz gustura egon, ondoezik moduan sentitu izan naiz neskatxa, neska eta emakume izanda gizartean izan dudan tokiagatik” dio. Unibertsitatean jaso zuen irakaskuntza teoriko feminista eta “orduan topatu nituen tresnak, eta hortik ezinbestean heldu zen borroka”. Basauriko mugimendu feministaz eta Marienea Emakumeen Etxeaz harro, Irantzurekin berba egin du Basauriko Bidebieta herri komunikabideak. Lerro hauetara ekarri dugu hitzez hitz elkarrizketa osoa.

‘La locura consumista del amor romántico’ izeneko hitzaldia eskaini zenuen Basaurin, San Valentinen bueltan. Nola laburbildu kontsumismoaren eta amodio erromantikoaren arteko lotura?
Laburrean eta zorrotz esanda, amodio erromantikoa asmakizun bat da emakumeok kapitalismoak inposatzen digun tokia bete dezagun, txintik esan barik, ea benetako erabaki bat edo aukeraketa librez mozorrotutako inposaketa bat den galdegin gabe. Kapitalismoak toki zehatz batean behar gaitu eta hortxe nahi gaitu: doako etxeko langileak, egun osoko zaintzaileak eta gainontzekoen beharren eta nahien asetzaileak. Amodioaren kontua sinistea inposatu ziguten, eta horregatik gaude egungo esplotazio eta biolentzia egoeran.

Marienea Emakumeen Etxean izan zen hitzaldi hura. Zein iritzi duzu erakunde horrek herrian egiten duen lanaz?
Basauriko mugimendu feministaren lanaren eta herrian gune feminista bat egoteko borrokatu duten guztiaren emaitza da Marienea. Harro egoteko modukoa, baita inbidia sentitzekoa ere Bilbon bizi eta borrokatzen dugunontzat. Bizkaiko hiriburuan dugun mugimendu feminista erreferentziala da, baina Udalak erabaki du entzungor egitea auzotarren eskaerei.

Eta Basauriko mugimendu feministaz galdetuko banizu?
Askoz gehiago ikusarazi eta baloratu beharko genukeen erreferentzia bat da. “Basauriko hamaika emakumeak” abortu eskubidearen aldeko borrokan nazioarteko erreferente dira, erreferente izan diren moduan sexu informazio bulegoa sortu zutenak, emakume langileak, etxeko langileak, migranteak, ijitoak eta arrazakeria pairatu dutenak. Horiek guztiak borrokan diraute urteetan, klase kontzientzia izan duen borroka batean, emakume behartuenen eta ahulenen beharrak erdigunean jarri dituen borrokan. Harro sentitzeko erreferente bat dugu gure herrian.

Martxoaren 8aren bueltan gaude eta, egunetik egunera aldarrikapenerako arrazoi gehiago azalarazten direla ematen du. Zein da arrazoia: emakumeen eskubideak gero eta zapalduago daudela edo mugimendu feminista erabat esnatu dela?
Mugimendu feminista beti egon da esna, baina azken urteotan, mugimendu horren urteetako lanaren poderioz, gero eta emakume gehiagoren kontzientziak pizten ari dira eta borroka hau euren borroka ere badela sentitu dute, mendeak daramatzagula jo eta su bidean, dugun guztia ematen gu guztion eskubideak defendatzeko. Eta orain, beste batzuek guretzat konkistatu duten askatasuna gozatzen dugun honetan, gu guztiok eskubide eta aukera berdinak izateko mundu baten alde borroka egiteko ardura hartu dugu.

Espainiar estatuan dagoen gobernu berriak genero-indarkeriaren legea hobetu dezakeela uste al duzu?
Segurtasun eta askatasun inguruak bermatzeko ezinbesteko tresnak dira legeak, batik bat egoera behartsuenean daudenei laguntzeko. Kontzientzia eta formakuntza feminista duten emakumeak botere eta erantzukizun guneetan badaude, tartean legeak idatzi eta martxan jartzeko, aurrerapausoa da emakume guztiontzat. Baina feminismoa, jatorriz, botereari aurre egiten dion mugimendua da, egun ezarritako sistema baita matxismoa eta biolentzia estrukturak dituena. Legeek babesa emango digute, boteredun karguetan dauden emakumeek aurrera egiten lagunduko digute, baina borroka guk geuk egingo dugu, kaleetan.

VOX moduko alderdi bat pizteak min handia sortu duela uste duzu, matxista askoren gogoa berotu duela?
Ultraeskuina Espainian ez da “bat-batean edo ezustean agertu”. Betidanik existitu den diskurtso bat da eta orain, emakumearen eskubideen aurrerapausoei eta kontzientzia feministari erantzun moduan, euren pribilegioak ezbaian ikusten dituzten gizarteko sektoreek (eta gizonezkoek) diskurtso hori normalizatzea erabaki dute, beste aukera politiko bat bezala agertu, komunikazio enpresa handien eta dena bere horretan jarraitzea gura dutenen laguntzaz. Eta asko daude uste dutenak gizonezko izate hutsagatik dena merezi dutela. Horiek ere emakumeoi botatzen digute errua, irakurketa kritiko bat egin beharrean eta onartu beharrean esplotazio erregimen hau euren onurarako eraikitakoa izan dela, nahiz eta ez duten inolako meriturik egin.

Politikaz gain, gizarteko zein ‘aldagai’ aldatu beharko litzateke berdintasuna benetakoa izan dadin?
Ez dago berdintasuna eragozten duen ‘aldagairik’. Ezberdintasuna eraikuntza konplexua da, indar handiak jartzen ditu modu naturalean ikusia izateko. Matxismoaren, arrazismoaren, esplotazio kapitalistaren… ezberdintasun guztien lorpenik handiena da gizarte guztiaren begi aurrean ‘normalak’ izango balira moduan agertzea. Eta ‘normala’ da arauak betetzen dituena. Eta arauak idatzi dituzte arau horiek betetzetik pribilegioak lortzen dituztenek. ‘Normala’ dena indargabetu behar dugu.

#EsUnaGuerra moduko hashtagak zabaldu dira twitterren. Zer arma erabil ditzakete emakumeek eta noren edo zeren aurka?
Oraingoz, ez dugu armarik erabili inoren kontra. Mundu mailako mugimendu iraultzailea da feminismoa, mendez mende aurrera egin duen borroka da eta ez dugu inor hil. Eta, hala ere, bortitzak eta agresiboak garela diote. Beldurra ematen diegu. Autodefentsa feminista da gure arma, antolakuntza kolektiboa eta emakumeon arteko elkartasuna zapaltzaileen kontra.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak