Hego Sudanen desnutrizioa eta malaria dira gaixotasunik nabarmenenak. Itxaso Ferreras bertan izan da Mugarik Gabeko Medikuak erakundearekin lanean.
Itxaso Ferreras (Basauri, 1980) 2009. urtean Mugarik Gabeko Medikuak erakundean boluntario gisa laguntzen hasi zen eta “erakundeak egiten duen lanarekin liluratuta” gelditu zen. Horiek horrela, 2011z geroztik elkartean lan egiten du Bartzelonan Komunikazio eta Fundraising Sailetan. 2014an Hego Sudanera bidaiatzeko eskaria egin zuen eta bertan sei hilabete eman ditu. ‘Afrikak jota’ blog pertsonalean bertan bizi izandako bizipenak gordetzen ditu.
Zer lan egin duzu Hego Sudanen?
Bertan egin behar den lana oso serioa da. Eskarmentu handiko profesionalak joan ohi dira, bertan egiten dugun lana oso gogorra baita. Osasun-langileek, logistek eta administratzaileek (Giza baliabide eta finantziazio arduradunak) lan egiten dute Hego Sudanen. Ni kazetari eta publizista izanik, administrari lana egiten ikasi behar izan nuen bertara joateko.
Zer da bertan aurkitu duzuna…
Pamat izeneko herrian izan nintzen, herrialdearen ipar-mendebaldean. Bertan, Sudango gudatik alde egin duten familiak bizi dira, Hego Sudan herrialde bilakatu zenean muga zeharkatu zuten etxe berri eta lasaiago baten bila, 2011. urtearen inguruan. Orain osasun zerbitzurik ez dagoen gune batean bizi dira, oraindik lastoz egindako etxeetan, medikurik eta sendagairik gabe. Hori da guk betetzen dugun behar nagusiena: osasunarena.
Zein beste egitasmo burutzen ditu Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak bertan?
Hogei proiektu baino gehiago ditu Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak Hego Sudanen, ez baitago osasun azpiegitura egonkorrik. Malakal inguruan, gainera, gatazka dago. Inguru horretan biztanleriak osasun zerbitzuen beharra izateaz gain, bortizkeria pairatzen du. Pamaten, nahiz eta gatazkarik ez egon, biztanleria oso ahula da. Euri sasoian malaria dago eta sasoi lehorrean desnutrizioak gora egiten du.
Trebakuntzan ere egiten dugu lan, bertako hezkuntza oso eskasa baita. Hego Sudanen ez dago ia ikasteko aukerarik, baliabideak dituzten familiek bakarrik dute beren seme-alabak atzerrira ikastera bidaltzeko aukera. Hezkuntza gutxi batzuen eskuetan baino ez dago.
HEGO SUDANEN EZ DAGO IA IKASTEKO AUKERARIK. HEZKUNTZA OSO ESKASA DA
Hego Sudan munduko herrialderik gazteena da, 2011. urtean sortua…
Herrialde berri-berria da eta horrek bere alde onak eta txarrak dakartza. Herrialde berri baten freskotasuna eta ilusioa nabaritzen dira, baina itxaropena boterearengatik sortu den borrokak lainotu egin du. Gobernuaren eta oposizioaren arteko gudak orain dela urtebete pasatxo egin zuen eztanda, 2013an. Hortaz, ez dago oinarrizko zerbitzurik ere.
Zein da herrialdearen eta biztanleriaren egoera?
Izan nintzen lur eremuan ez dago ia ezer. Herrialdearen beste aldean petrolioarengatik liskarrak daude eta gurean, berriz, lasto eta ur nahikoa izatea da familien kezka nagusia. Lastoz eta adobez egindako tukuletan bizi dira eta euri sasoia eta sasoi lehorra pairatzen dute.
Horrek zer esan nahi du?
Eurien sasoian bideak lokaztu egiten dira eta oso zaila egiten zaigu gaixoengana iristea. Askotan asto gurdien bidez garraiatu behar izaten genituen gaixoak euren etxeetatik gure osasun zentroetara. Kotxea erabiltzea ezinezko bilakatzen da euri sasoian. Gainera, eltxoak barra-barra agertzen dira, malaria kutsatuz. Sasoi lehorrean ur erreserbak eta uztak azkarrago bukatzen dira eta horrek eragin handia du haurrengan eta emakumeengan.
Beraz, haurrek eta emakumeek laguntza gehiago behar dute…
Bost urte baino gutxiagoko haurrak eta haurdun dauden emakumeak dira gure lehentasuna. Desnutrizioa eta malaria dira gaixotasun nabarmenenak. Aurre egiteko tratamenduak baditugu, baina zailtasun handiena urrun dauden familiengana iristea da.
HAURRAK ETA HAURDUN DAUDEN EMAKUMEAK DIRA GURE LEHENTASUNA
Malariari eta desnutrizioari aurre egiteko tratamenduak eraginkorrak al dira?
Bien kasuan, bai. Malariari dagokionez, ahalik eta lasterren diagnostikatzea da hoberena. Askotan umeak oso berandu etortzen dira gurera eta osatzea zailago izaten da. Desnutrizioari aurre egiteko, jateko prest dauden elikagaiez osatutako poltsatxo batzuk banatzen ditugu, ingelesez RUFT edo Ready-to-use therapeutic food. Malariaren eta desnutrizioaren arteko nahasketa mortala izan ohi da, eta zoritxarrez, oso ohikoa da inguru honetan.
MALARIA ETA DESNUTRIZIOAREN ARTEKO NAHASKETA MORTALA IZAN OHI DA
Oroimenean geratu zaizun pasarteren bat…
Gure lantaldearen laurdenak ez daki idazten ezta irakurtzen ere. Beraz, alfabetatze ikastaro bat antolatu nuen. Boligrafo eta koaderno bana banatu nien ikastaroa jarraitzeko. Irakasleak lehenengo klasearen ostean arkatzak eta borragomak eskatu zizkidan, boligrafoarekin idazten ikasten hasiz gero, koaderno pila bat beharko zituztela azalduz. Hain logikoa den xehetasun horretaz konturatu ere ez nintzen egin.
Nola deskribatuko zenuke bizi izandako esperientzia?
Oso esperientzia aberasgarria eta polita izan da, bi zentzuetan. Batetik, nire lanak eragin zuzena izan du bertako herritarrengan eta bestetik, bertan egoteak neure burua ere asko aberastu du. Era berean, asko ikasteaz gain, bizipen hunkigarriak eskaini dizkit abentura honek.
