→Basauri

Itziar Ituñok eta Dupla taldeak bideoklipa aurkeztu dute ‘Hamaika Gara’ ekimenerako

‘Hamaika Gara’ dinamikak bideoklip bat aurkeztu du Dupla talde aguraindarraren eta Itziar Ituño aktore basauriarraren parte-hartzearekin, erabakitzeko eskubidearen aldeko erreferenduma egiteko. Iratxe Reparazek sortu du bideokliparen kontzeptua eta Venet Studio arduratu da zuzendaritza lanez.

Ekimenaren helburua da erreferendum bidez erabakitzeko eskubidearen aldeko atxikimenduak eta konpromisoak batzea. “Geroz eta gehiago dira bat egiten ari diren herriko taldeak eta pertsonak, eta elkarlanerako ateak zabalik ditugu bide bera egin nahi duten guztientzat”, diote Hamaika Gara ekimenaren arduradunek: “Hamaika Gara mugak zeharkatu, bidean elkartu, eskuak hartu eta aurretik dugun bidea eraikitzeko deia da”.

Gure Eskuk eta beste 23 eragilek osatzen dute Hamaika Gara dinamika. Eragile horiek dira: AEK, Assemble Euskal Herria, Demokrazia Bai, Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna, Erabakitzaileak legelari taldea, Ernai, ESK, Etxalde nekazaritza iraunkorra, Etxerat, Euskal Herria Kirola, Euskal Herrian Euskaraz!, Euskal Herriko Bilgune Feminista, Gaurgeroa, Hiru, Ikastolen Elkartea, Kontseilua, LAB, Lumagorri, Nor, Olatukoop, Neka, Sare eta Steilas.

Sinadura bilketa

‘Hamaika Gara’ dinamikak erreferendum baten aldeko sinadura bilketa bat jarri zuen martxan martxoaren 11n, eta pandemia tarteko, berriro ekin diote sinadurak biltzeari. Amalur Alvarez eta Josu Etxaburu Gure Esku erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamikaren bozeramaileek diotenez, sinatzaileek “burujabetzarako bidean” euren “borondatea eta konpromisoa” adieraziko dituzte, eta era berean, “erreferendumak egiteko ahalmena bere gain hartu, arautu eta garatzeko” eskatuko diete Eusko Legebiltzarrari eta Nafarroako Parlamentuari.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak