→Basauri

‘Jaiegunetan denok jai!’ lemapean protesta egin dute Carrefour saltokian, Basaurin

Pozokoetxe auzoko Carrefour saltokiaren aurrean egindako protesta / Utzitakoa

‘Basaurin, pentsio, lan, bizi duina’ plataformak protesta egin du gaur goizean Pozokoetxe auzoko Carrefour saltokiaren aurrean. Saltoki honek egunero irekitzen ditu ateak. “Erosi zure herrian edo auzoan. Jaiegunetan denok jai!” lemapean egin dute elkarretaratzea.

“Asteko egun guztietan lanik ez egitea, eta asteko 40 orduko lanaldia langile klasearen borrokagatik lortu zen. Igande eta jaiegunetan saltokiak irekitzeak atzerapauso bat suposatuko luke zentzu horretan, jendeak lan gehiago egin beharko lukeelako diru bera irabazteko“, adierazi dute bertaratutakoek.

Igandeetan eta jaiegunetan irekitzeko interes handiena dutenak multinazionalak eta saltoki kate handiak direla salatu dute, “eta horrela saltoki txikiei are kalte handiagoa egiten diete”.

Hori dela eta, bertaratutako herritarrek aldarrikatu dute garrantzitsua dela “gure herri eta auzoetan erostea. Era berean, garrantzitsua da denda hauei jaiegunetan ez irekitzeko eskatzea”.

Basauriko Merkatarien Elkarteak protestaren argazkia sareetan elkarbanatu egin du, aldarrikapenarekin bat egiten duela adieraziz. Bizkaian mobilizazio gehiago egin dira jaiegunetan saltokiak ez irekitzeko eskatuz.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak