Maratoi Solidarioak eta egokitutako atletismo taldea dira, besteak beste, Javi Conde basauriarrak bere gain dituen ekimenak. GEURIA berarekin izan da Artunduaga kiroldegian, gai horiek hizpide.
Javi Conde (Basauri, 1964) atleta paralinpiko basauriarra 2008. urtean profesionalki erretiratu zenetik ekimen solidarioak egiten dabil mundu osoan zehar. Maratoi Solidarioak proiektua da horietako bat eta egoitza olinpiko zein paralinpiko izan diren 28 herrialdetan 42 kilometrotako lasterketak egitean datza. Era berean, Javi Conde-Saiatu Atletismo Egokitua taldean dabil umeak entrenatzen.
Bost urte joan dira hasi zinenetik…
2010. urtean hasi ginen proiektu honi itxura ematen. Profesionalki 2008. urtean erretiratu nintzen eta nire nahia korrika egiten jarraitzea zen. Orduan, errekurtso gutxi dituzten pertsonei laguntzeko asmoarekin pentsatu genuen ideia ona izango zela korrika egiteagatik diru-laguntzak erakunde ezberdinei banatzea.
Zelakoa izan zen proiektuaren hasiera?
Oso modu umilean hasi ginen: 1.000 euro batu genituen lehendabizikoz eta Gobernuz Kanpoko Erakunde (GKE) bati eman genizkion.
Gaur egunera arte hogeita sei lasterketa burutu dituzue…
Hala da, hogeita sei Maratoi Solidario egin ditugu dagoeneko eta guztira 133.000 euro eman ditugu. Hazkunde nabaria izan du proiektuak.
Maratoiak egin aurretik ba al dakizue zein GKEtara bideratuko duzuen dirua?
Gutxi gora-behera, laurogeita hamar erakunderi eman diegu laguntza eta esan beharra daukat ez dugula aldez aurretik pentsatzen. Momentuan erabakitzen dugula esan daiteke.
Hogeita zortzi egoitza olinpiko eta paralinpikotan maratoiak egingo dituen munduko lehen atleta izango zara…
Egia esan, poztasunez betetzen nau horrek. Batik bat, egunerokotasunean lan handia eskatu duen erronka delako eta ez delako batere erraza. Poztasuna ez dit erronka hau betetzen lehendabiziko atleta izateak bakarrik ematen, denbora horretan jende asko ezagutu izanak ere bai, asko ikasi dugulako eta, gainera, ikusi dudalako jende asko dagoela munduan besteei laguntzeko prest, musutruk.
Nola hasten da harremana egoitza olinpiko eta paralinpikoekin?
Egoitza hauek maratoiak antolatzen dituzte urtean zehar eta Javi Conde Maratoi Solidarioakeko taldea horietako batera doa beste atleta bat izango balitz bezala. Dortsala erosi eta edonork egin dezake korrika, hau da, ez gara antolatzaileekin harreman zuzenean jartzen. Inskribatu eta parte hartzen dugu.
2015eko urrian 27. maratoia egingo duzue Melbournen (Australia). Nola prestatzen duzue lasterketa?
San Louiseko (Missouri) maratoia -26. maratoia- apirilaren 12an egin dugu. Itzultzean errendimendua jaitsi behar izan dut, dagoeneko 50 urte ditudalako eta esfortzu horietatik errekuperatu egin beharra dagoelako. Hala ere, egunero entrenatzen dihardugu.
Maratoi Solidarioen bost urte hauen hausnarketa egitea eskatuko banizu…
Oso positiboa izan da, eta oraindik ere bada. Baina, batez ere, une txarrengatik da positiboa. Izan ere, etsita bukatu dut zenbaitetan eta proiektua bertan behera uztea pentsatu dut. Hala ere, momentu onak datozenean konturatzen zara egin duzun ibilbidea oso aberasgarria izan dela, eta aurrera jarraitzen laguntzen dizute.
Gaur egun egokitutako Saiatu Atletismo Taldean egiten duzu lan. Nola sortu zen ekimen hau?
2015. urtean Saiatu Atletismo Taldeak 20. urteurrena ospatuko du. Garai haietan ezgaitasunik gabeko pertsonek parte hartzen zuten eta Bidebieta Atletismo Taldea zuen izena. Denborarekin izen ezberdinak izan ditu. Atletismo egokitua egiten hasi ginen orain dela hamabi urte inguru eta gaur egun Saiatu Fundazioak babesten du.
47 kirolari ditugu aurten. Bizkaia mailan egokitutako atletismoaren fitxa guztiak gure taldeak ditu. Basaurikoak asko gara, baita Lemoa, Getxo, Bilbo zein Mutrikukoak ere.
Javi Conde
Saiatu atletismo eskola
Egokitutako atletismoaren barruan erreferente zarete Bizkaian eta Euskal Herri mailan…
Bai. Euskadiko zein Bizkaiko Kirol Egokituen Federazioa gurekin jartzen da harremanetan eta zuzenean bidaltzen dizkigute kirolariak. Bizkaia mailan fitxa guztiak gure taldeak ditu; kirol mota hau eskaintzen dugun bakarrak gara Bizkaian. Euskadiko txapelketetan parte hartzen duten %65 gure kirolariak dira.
Zenbat pertsona daude federatuta Saiatu Egokitutako Atletismo Taldean?
Denboraldi honetan guztira berrogeita zazpi fitxa ditugu. Basauriko herritarrak dira gehienak, baina Lemoako, Getxoko, Bilboko zein Mutrikuko ere kirolariak baditugu.
Zein da Saiatu Atletismo Taldeak egiten dizun ekarpena?
Joko Paralinpikoetan irabazi duzun dominak ez du konparaziorik atletismo talde honek ematen dizunarekin. Umeen eta gazteen bilakaera ikusteak asko asetzen zaitu. Oinarrizko ariketa batean hobekuntzaren bat ikustea ikaragarria da.
