→Basauri

Josu Amondarain: “Etxerre grisa zen, harrobiak ateratzen zuen hautsaren kolorekoa; orain ezberdina da, aldaketa polita izan du”

Bilbon jaio zen, baina bizitzako lehen 15 urteak Etxerren pasa zituen Josu Amondarainek. Bere gaztaroaz berba egin digu.

Josu Amondarain (Etxerre, Basauri, 1955) eta Bego Larrea lehengusuak dira, Etxerren hazitakoak // Geuria

Geuria #076 Monografikoan argitaratutako elkarrizketa
“Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak
Irakurri osorik PDFan

Etxerre Basauriko lurren barruan kokatzen da, Arkotxatik (Zaratamo) gertuago dagoen arren; bai, behintzat, zati handi bat. Josu Amondarain (Etxerre, Basauri, 1955) Etxerren hazitakoa da. Bego Larrea basauriarra du lehengusina. Hamabost urte bete arte bizi izan zen Josu bere gurasoekin baserrian, amamarekin eta osaba batekin. Ondoren, ondoko Pradera Hermanos fabrikan lan egin zuen hogeita hamar urte bete arte. Bego askotan joaten zitzaion bisitan, han-hemenka jolasteko. Etxerren bizi zuen gaztaroaz eta auzoak berak jasandako aldaketez hitz egin digu.

Nondik dator zure lotura Etxerrerekin?
Aitite eta amama Etxerren bizi ziren. Aitite ez dut ezagutu, baina amama, ama eta bere anaiak bertako baserri batean bizi ziren. Ondoren, baserrian geratu ginen osaba bat, ama, aita, amama eta ni neu. Baserriko bizimodua egiten genuen: ortua geneukan, baita ganadua ere, hala nola, oilaskoak, untxiak…

Zuen baserrian ere ur-putzu bat zeneukaten.
Bai. Gure baserrian putzu bat zegoen, 10 metro ingurukoa, eta etxeko ura bertatik ateratzen genuen. Beti zegoen ura putzu horretan. Lehen ez zegoenez Ur Partzuergorik, eta ura ez zen iristen etxe guztietara, gure putzura zetozen auzokoak uraren bila.

Nolakoa zen ezagutu zenuen Etxerre?
Alde batean Bilbo-Donostiako bide zaharra zegoen, baita Pradera Hermanos fabrika ere. Eta beste aldean baserriak zeuden —gurea barne—. Gero etxebizitzak ere eraiki zituzten. Gogoratzen dut Etxe Nagusia bezala ezagutzen genuen bat eraiki zutela, lau solairukoa. Ondoan beste etxe batzuk zeuden. Gure baserritik Basaurirako bidean ere beste baserri batzuk zeuden, baina gerora desagertu egin ziren. 

Aldaketa asko ikusiko zenituen.
Aldaketa batzuk ikusi nituen, bai. Pradera lantegiak azken handitzea egin zuen hirubide arte, Firestone ondoan. Beheko aldeko baserriak ere gerora desagertu egin ziren. Goiko aldean ere —’berriñe’ esaten genion—  beste baserri batzuk zeuden zelai handi baten ondoan eta bertan egoten ziren, besteak beste, behiak belarra jaten. Batez ere udan bertan igarotzen genuen denbora. 

Etxerre 1993an / Basauriko Udal Artxiboa

Ondoan harrobia ere bazegoen.
Harrobia ‘Etxerre bukaeran’ zegoen. Horrela esaten genion lehen gune horri. Leherketak egiten zituzten eta harriak eta harriak ateratzen zituzten bertatik. Han ondoan etxe batzuk ere egon ziren, eta bertan bizi ziren gehienbat harrobian lan egiten zutenak. Gogoratzen dut harrobia beherantz egiten hasi zirela. Eta nik horrela utzi nuen Etxerre bertatik joan nintzenean. 

Eta Etxerren eskola bat omen zegoen.
Bai. Gaur egun Forum dagoen tokian eskolaurre bat zegoen. Bi gela zeuden: bat neskentzako, bestea mutilentzako. Sukaldea ere bazuen eskolak. Oroitzen naiz andereñoak Bilbotik zetozela autobusean, eta goizetan esnea ematen zigutela. Batzuetan gailetekin, beste batzuetan gailetarik gabe (kar, kar, kar). Gero Basauriko Social Antzokiaren atzealdean dagoen institutuan ikasi nuen. Ordu erdiko bidea egiten nuen  egunero oinez Etxerretik institutura, goiz eta arratsalde joan-etorri. 

Nolakoa zen gazte baten bizitza Etxerre bezalako auzo batean?
Etxerren 12 bat neska-mutiko bizi ginen eta kuadrillan 6-8 inguru ibiltzen ginen, adin desberdinetakoak. Gaur egun Bilbondo dagoen aldera joaten ginen, eta mendian egoten ginen erabat aske. Ez genuen jostailurik eta pilotekin, harriekin, makilekin edo edozein gauzekin jolasten ginen. Gogoratzen dut errepidetik ez zirela kotxe asko pasatzen, eta bertan bizikletarekin ibiltzen ginen. 

15 urtez bizi izan zinen Etxerren.
Bai. 15 urte bete arte bizi izan nintzen Etxerren, baina auzoari lotuta egon nintzen ondoren ere. Hain zuzen ere, Praderan beste 15 urtez egin nuen lan, 1985. urtera arte. Etxerreko harrobia 1979an jada ez zegoen martxan, baina 1985ean oraindik ere berdin jarraitzen zuen zuloak.

Etxerre urez beteta ikusi al zenuen?
Bai, baina aurrerago, 2000. urtean-edo. Nik harrobia bere horretan bakarrik ezagutu dut gaztetan, urik gabe. Guztiz aldatuta topatu nuen gerora. Aldaketa polita izan duela esango nuke. Lehen harrobiak hauts asko ateratzen zuen, eta ingurua gris kolorekoa zen. Zainduta ere ez zen egoten. Ondoren urez beteta ikusi nuenean beste gauza bat ikusi nuen. Desberdina.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak