→Basauri

Jhon Hernandez (Kolonbia Euskadi): “Narkotrafikoa ez zuten hain gogor erasotu”

Apirilaren 28az geroztik errepresioa jasaten ari da Kolonbia. Hamaika dira salatutako giza eskubideei egindako urraketak.

John Freddy Hernandez / Utzitakoa

2021eko apirilaren 28an gobernuak hartutako zenbait neurriren aurka mobilizazioak hasi ziren Kolonbian. Momentu hartatik biolentziak gora egin du gobernuaren aldetik. Hamaika dira Latinoamerikako herrialdean azken hilabeteetan egondako giza eskubideen urraketak. Euskal Autonomia Erkidegoan hamabi mila kolonbiar inguru daude. Horien guztien erreferentetzat dihardu Kolonbia Euskadi elkarteak. Bere idazkari nagusiarekin, Jhon Freddy Hernándezekin (Bucaramanga, Kolonbia, 1974),  hitz egiteko aukera izan dugu Kolonbian bizi duten egoeraz eta erbestean dauden kolonbiarren ekintzez. 

Zer gertatzen ari da Kolonbian?
Urte askotan pilatzen joan dena gertatu da. Kolonbia da aberatsen eta pobreen artean desberdintasun handiena duen herrialdeetako bat. Gatazka armatu bat bizi izan dugu 60 urte baino gehiagoz; talde armatu desberdinak daude, legezkoak zein legez kanpokoak. Legez kanpokoak talde paramilitarrak, gerrillak, narkotrafikoarekin lotuak eta abar dira. Legezko talde armatuez ari garenean, armadaz eta poliziaz ari gara. Gaur egungo gobernua boterera iritsi zen FARCekin sinatutako bake hitzarmenaren aurka zegoela. Horri gehitu behar zaio bere jarrera eskuindarra, bai arlo sozialean, bai ekonomikoan. 2016an bake akordioa sinatu zenetik 300 bat buruzagi sozial erail dituzte. Nahasketa horrek guztiak, ustelkeriarekin batera, hainbat manifestazio eragin zituen 2019an. Iaz, koronabirus pandemiaren erruz, martxa horiek guztiak gelditu egin ziren. 2021eko apirilaren hasieran, Ivan Duqueren gobernuak zerga-erreforma bat proposatu zuen, eta, horren ondorioz, behar-beharrezko produktuek BEZa izango zuketen. Biztanleriaren gehiengoak nekez irauten duen herrialde batean, erreforma hau zorigaitz itzela izango zatekeen. Hau izan zen sutea eragin zuen azken txinparta.

Errepresio egoera latza da.
Apirilaren 28an Kolonbiako herria kalera atera zen protesta egiteko. Mobilizazio hauek geldiarazteko, Duquek armada bidali zuen. Protestak luzatu egin dira eta gobernuak neurrigabeko errepresioari eusten dio. Iristen zaigun informazioa da indarkeria horrek gora egin duela. Adibide bat jartzearren, istiluen aurkako kamioiek negar-misilak dituzte eta manifestarien aurka erabiltzen ari dira. Errepresio horren guztiaren ondorioz, jendeak protesta masiboa egiten du eta gazteek bat egiten dute. Gazte hauek ez dute orainaldirik eta ez dute etorkizunik ikusten. Hori dela eta, mobilizazioen buru izaten hasi dira. Gobernuaren errepresioaren oinarriak hauek dira: eskubideen urraketak, legez kanpoko atxiloketak, sexu-abusuak, desagertuak… Narkotrafikoari berari ere ez zioten horrela eraso egin.

Zure familiak nola bizi du hau guztia?
Kezkaz eta beldurrez. Etxeratze-agindua ezarri dute gauean, eta poliziak jende multzoak ikusten baditu, atxilotu ditzakete. Desagertu asko daude eta horrek beldur handia eragiten du. Baina aldaketaren sentsazioa dute, gauzak lortzen ari direla uste dute. Zergen erreforma, azkenean, behera bota zen. Baina mobilizazioei beste eskaera eta kolektibo batzuk gehitu zitzaizkien denborarekin, hala nola, geratzen zen osasun publiko apurra pribatizatu nahi zuen osasun erreformarekin amaitzea. Domino-efektu moduko bat sortu da.

Zer egin daiteke erbestean?
Hori guztia kanpoan gauden kolonbiarroi iristen zaigu, eta eskaera horiek eta borroka hori transbertsalizatu egiten da. Hemen jada ez dago ez eskuinik ez ezkerrik. Erbestean gaudenok ikusten dugu gure familia hiltzen ari direla. Horregatik, gertatzen denaren berri ematen saiatzen gara, eta nazioartean manifestatzen gara beste estatu batzuen erantzuna bilatzeko. Gainera, oso lagungarria da guretzat erbestean egiten ditugun mobilizazioetan kultura ezberdineko taldeak zein jendea egotea. Irtenbide bat bilatzeko edo, gutxienez, indarkeria eteteko bide bakarra da.

Zertan egiten du lan Kolonbia Euskadi elkarteak?
Euskadin bizi garen kolonbiarron elkarte bat da. Kolonbiako kolektiboarentzat erreferente izaten saiatzen gara hemen. Gure helburuen artean daude kolonbiar iritsi berriei laguntzea eta bizikidetza eta kulturartekotasuna sustatzea. Horrez gain, Kolonbiaren inguruko informazioa eman eta euskal gizartea sentsibilizatu nahi dugu. Hau esparru ezberdinetan egiten dugu; hala nola, politikan, kulturan edo gizartean. 2012tik garapenerako lankidetza-proiektuak garatzen ditugu Kolonbian gizarte-esklusioa izateko arriskua duten komunitateetan, Enertolima izeneko eskualdean, gehienbat. Batez ere, emakumeak ahalduntzeko, gazteekin lan egiteko edo gatazken erruz lekualdatuak izan diren pertsonekin lotutako proiektuetan egiten dugu lan.

Zer ekintza burutzen dituzue?
Ekintzak oso ezberdinak dira helburuen arabera. Kolonbiar iritsi berriei laguntzeko, igaro behar duten prozesu administratibo osoan zehar laguntza eta aholkuak eskaintzen dizkiegu. Horrez gain, kulturari loturiko hainbat ekintza garatzen ditugu: mintegiak, foroak, erakusketak, kulturarteko jardunaldiak… Honekin lortu nahi duguna da kolonbiarrek eta euskaldunek esperientziak eta ezagutzak partekatzea. Erakunde publikoetan presentzia dugu baita ere. Basaurin, esaterako, kulturartekotasun mahaiaren parte gara.

Zergatik heltzen da hain informazio gutxi?
Kolonbiako hedabide tradizionalek protesten aurka egin dute. Ideia faltsuak sustatzen dituzte, besteak beste, mobilizazioen atzean LNren gerrillak, FARCeko disidenteak eta Venezuela daudela. Sare sozialei ezin dizkiete mugak jarri, ordea, eta erbestean gaudenok bide horretatik informatzen gara. 

Zergatik da garrantzitsua zer gertatzen ari den jakitea?
Salatu egin behar delako. Gure Latinoamerikako gobernuek nazioarteko presioa sentitzen dutenean bakarrik erreakzionatzen dute; Estatu Batuek edo Europar Batasunak atentzioa deitzen dietenean. Oraingoz ez du inork erantzun sendorik eman.

Euskal Herritik erantzunik egon al da?
Hor aurkitzen dugu gobernu nazionalen eta autonomikoen arteko alde nagusia. Eusko Jaurlaritzak adierazpen instituzionala egin du, Duqueren gobernuari errepresioa eta indarkeria amaitzeko eskatuz. Eta, jakina, azken hilabeteetan gertatu diren giza eskubideen urraketa guztiak argitzeko eskatuz. Horrelako adierazpenek, Udalen adierazpenekin batera, han daudenei indarra bidaltzen laguntzen digute, nazioarteko bozgorailu bat dagoela ikusten baitute.

Emandako hitzaldien harrera ona izan da eta beste batzuk prestatuko dituzue.
Nabaritu dugu jendeak gaiarekiko interesa duela. Hala ere, Kolonbiako egoera ezin da ordu erdian edo ordu oso batean ulertu; aktore askok hartzen dute parte gatazka honetan. Sisteman erroturik dagoen arazo bat da. Ikusi dugun interesa dela-eta, beste hitzaldi batzuk antolatzea erabaki dugu. Pandemia dela medio online egin beharko ditugu. Hitzaldi hauekin lortu nahi duguna da Kolonbian gertatzen ari dena azaltzea, eta, egoera lasaitzen ez den bitartean, egin beharreko salaketak adieraztea. Edonork parte hartu dezake hitzaldi hauetan, haien inguruko informazioa bide konbentzionaletatik (kartelak edo prentsa oharrak) eta gure sare sozialen bidez zabalduko dugu.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak