→Basauri

La Basconiako lursailean jarduera ekonomikoekin aurki hasteko bidea ireki du Basaurik

La Basconiako lursaila, Basauriko Sarratu auzotik gertu eta Etxebarri ondoan / Geuria

Alderdi sozialista eta popularra buru zituen Basauriko gobernu taldeak 2009an La Basconiako lursailaren garapenaren inguruan sinatutako hitzarmena, hamabi urte geldirik egon ondoren, egokitu egin dute Basauriko Udalak eta SEPESek, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Ministerioari atxikitako Lurzoruaren Enpresa Erakunde Publikoa.

Helburua honakoa da: La Basconiako lursailean gertuko etorkizunaren garapenari begira ateak irekitzea, etxebizitzak eraikitzeaz gainera, jarduera ekonomikoa ere baimenduz. Batetik, 2009an sinatu zuten hitzarmena Basauriko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean (HAPO) jasotzen diren hirigintza-zehaztapen berrietara egokitu baitute.

Asier Iragorri alkatearen hitzetan nabarmentzen da, aldaketa honi esker “udalerriarentzat oso estrategikoak diren lursail horietan edozein ekintza” egiteko aukera irekitzen dela. Etxebizitzak eraikitzeaz gain, ordea, Udalak ez du besterik zehaztu. Zehazki, ez du zehaztu dagoeneko jarduera ekonomikoren bat aurrera eramateko proposamenik duen mahaigainean. Era berean, ez da lursailen desinfekzioei buruz berba egin, ezta babestutako eraikin historikoen birgaitzeari buruz ere.

2009an, Basauriko Udalak, Loly de Juan buru zuen sozialisten eta popularren gobernuak, eta SEPESek hitzarmen bat sinatu zuten 13 hektarea inguruko jarduera-eremu horretarako, bertan 1.000 eta 1.300 etxebizitza artean eraiki ahal izateko. Egun, jeltzaleek eta sozialistek sortzen duten gobernu taldeak uste du eremu horretan jarduera ekonomikoa eta industriala sortu daitekeela, azalera handia izanik, erabilera hori bizitegi-erabilerarekin uztartuz.

Gobernu taldeak dio ikuspegi berri hau alderdi politiko guztien oniritzia izan duen HAPO berrian islatuta dagoela, baina La Basconiako lursailen aldaketa honek, iragarri eta ordu gutxira, oposizioko alderdi nagusiaren zalantzak agertu ditu bozeramaileen bazordean.

GARAPEN INDEPENDIENTEA. HAPOan aurreikusitako antolamendu-esparru berrian bi eremu bereizten dira La Basconian jarduteko: “Basconia ipar-mendebaldea”, hirugarren sektoreko eta industria-erabilerako 74.845 m²-ko azalerako eremua, eta “Basconia ipar-ekialdea”, bizitegi-erabilerako 62.455 m²-ko azalerako eremua, non 398 etxebizitza eraiki ahalko diren. Biak dira plan berezien bidez garatzea aurreikusten diren jarduketa integratuak, eta, hirigintzaren aldetik bereizitako sektoreak direnez, haien garapena independentea izan daiteke.

Hortaz, Basauriko Udalak eta SEPESek 2009ko akordioa berrikusi eta eguneratu dute. “Bi administrazioen artean harreman ona dago, eta, eremu hori garatzeko konpromisoa hartu dugu, hitzarmen berri bat sinatuz”, adierazi dute udal ordezkariek.

ONARTZE-PROZESUA. Hamabi urtez geldirik egon ondoren, aste gutxiren epean prozesua arintzeko beharra ikusi du Udalak. Are gehiago, Basauriko Udalak hitzarmenaren hasierako berrespena egiteko administrazio-izapideak alkatetzaren dekretu bidez egin dira.

Hala ere, Bozeramaileen Batzordean alderdi politiko guztiei aldez aurretik informazio teknikoa jaso dute. Proiektua jendaurrean jartzeko epea igaro ondoren, hitzarmena behin betiko onartu edo atzera bota beharko da, jeltzaileek eta sozialistek gehiengoa duten osoko bilkuran.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak