→Basauri

Leire (Erizaina Italian): “Fisikoki hobeto gaude, baina burua leher eginda dugu”

16 urte Turineko Molinette ospiatleko larrialdietan lanean / Utzitakoa

Leire Zatón basauriarrak hogei urte damara Turinen. 2004an erizain ikasketak bertan bukatu zituen eta ordutik bertan bizi da. Italiako ospitale garrantzitsuenetako batean egiten du lan, Turineko Molinette ospitaleko larrialdi zerbitzuetan.

Zein da Molinette Ospitaleko egoera? Nahiko kritikoa da. Kutsatu asko ditugu ospitaleko solairuetan, ez soilik koronabirusak jota, bestelako patologiak dituztenak ere baditugu. Tumore eta transplante ebakuntzetan eta zaintzetan erreferente da gure ospitalea. Bigarren mailako zentroa da, hala sailkatzen ditugu hemen, eta horrek esan nahi neurozirujauak eta kardiozirujauak ditugula, besteak beste.

Eta nolakoak dira zure egunak? Estres handikoak. Familia medikuen kontsultak asko jaitsi dira, baina arnasteko arazoak dituzten gaixoak izugarri igo dira. Azken egunotan, fisikoki deskantsatuago gaudela esango nuke, baina buruari kostatzen zaio gertatzen ari den honekin guztiarekin aurrera jarraitzea, eta lan egiteko fresko mantentzea. Ez jakitea bisitatzen ari naizen pertsona kutsatuta dagoen edo ez gogorra da. Antsietate handia sortzen du horrek eta zure buruari etengabe galdetzen diozu ea dena ondo egin dudan, ea begiak edo aurpegia ikutu ditudan babesteko materiala kendu dudan bitartean, zerbait gaizki egin badut birusa nire etxera eraman dezakedala eta bertakoak kutsatu. Eta egunero ospitaletako gaixoekin gaude. Eurek ezin dute familia ikusi. Ikaragarria da, tristea eta gogorra.

Zuen gaixoen babeserako material nahikoa al duzue? Ospitaleak berak ematen dizkigu norbanakoarentzako babes materiala. Ahalik eta ondoen zaintzen saiatzen gara, den-dena ondo aprobetxatuz, bestela ez genuke guztiontzako materialik edukiko. Eskularru eta maskara bakoitza ondo zaindu behar dira.

Zenbat ordu ari zarete lanean? Zortzi orduko txandak egiten ditugu. Hori da gure ohiko ordutegia. Baina osasun langileen artean baja asko dago eta zerbitzu osoa mantendu ahal izateko lanean ari garenok guardia bereziak egitea beharrezkoa da. Hortaz, hamabi orduko txandak egin ditzakegu, segidan edo tartean atseden hartuta. Birusa uste genuena baino askoz gehiago zabaldu da osasun langileon artean, osasun zentro eta solairu gehienetan. Nire lankideen erdia, esaterako, berrogeialdian egon da.

Leirek hogei urte darama Italian bizitzen / Utzitakoa

Molintette Ospitalean egoerak gainezka egin al du? Ez. Hasiera batean egoera oso larria izango zela uste genuen, baina ez du gainezka egin eta zerbitzua eman dugu. Martxoan, birusa zabaltzen hasi zenean, herritar asko zetorren larrialdi zerbitzura, sintomari arinekin edo sintomarik eduki ez arren. Ikaratuta zeudelako etortzen ziren gurera. Orduan bai pentsatu genuela honek guztiak gainezka egingo zuela eta osasun zerbitzuak ezingo ziola krisi honi behar bezala erantzun. Baina ordutik egoera lasaitu egin da. Kutsatu eta hildakoen datuak onak izan ez arren, jendeak informazio gehiago zuen, gomendioak eta betebeharrak ezarri ziren eta familia medikuek sintoma arineko kasuak euren gain hartu zituzten. Hala ere, Italiako ZIUak beteta daude, oraindik beteta daude, ez dago toki gehiagorik.

Gizarteak nola bizi du krisia? Hasiera batean errespetu handiz bete genuen itxialdia, baina asteak aurrera joan ahala, lasaitu egin garela esango nuke. Gero eta jende gehiago ikus daiteke kalean, binaka eta babes neurriak bete barik. Ulertzekoa da nekea, umeak etxetik atera gura izatea, diabetikoen eta arazo psikikoak dituztenen egoera… Gizarte osoa eduki behar dugu buruan eta, ahal dela, ez dugu hutsik egin behar. Ez ohiko egoera batean gaude, ez dugu ahaztu behar, etxean geratu behar dugu eta funtsezkoa denerako bakarrik atera. ZIUetan toki librerik ez badugu, egoera larria izaten jarraitzen duenaren seinale, ezin ditugulako Covid19ak edo bestelako patologiak sufritu ditzaketenak, bihotzekoak kasu, behar bezala artatu.

Estatuek hartu dituzten neurriak nahikoak al dira? Uste dut neurriak berandu hartu direla, baina eraginkorrak izan direla. Gaur egun, segurtasun-indarren kontrola handiagoa izan beharko lukeela uste dut. Izan ere, italiarrek zalantzak dituzte orain: kalera ateratzen gara eta ikusten dugu ez zaigula ezer pasatzen, birusari beldurra galdu diogula esango nuke, eta hori arriskutsua da oso. Kontu handiz ibili behar dugu.

Italiaren atzetik goazela diote gurean. Aholkurik ematera ausartuko zinateke? 65 urtetik gorakoak, onkologikoak eta patologia asko dituztenak dira birusarekin kutsatu eta oso larri gaixotu daitezkeenak. Oro har, inmunodeprimituak, gorputzaren babesak ahul dituztenak, horiek dira aldebiko pneumonia azkarregi garatu dezaketenak eta ZIUn ingresatu behar ditugunak, bai ala bai, eta ZIUn ez dago nahi beste ohe. Hortaz, itxialdian jarraitu behar dugu, maskarak erabili, gure arteko segurtasun tartea zaindu eta etorriko dira txertoak edo tratamendu eraginkorrak. Pazientzia eduki behar dugu, baina aurrera egingo dugu.

Jatorrizko elkarrizketa hemen irakurgai.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak