→Basauri

Leire Larrucea (North Academy): “Lan gehiago egiten ari gara itxialdian ohiko hizkuntza eskoletan baino”

Leire Larrucea eta Itziar García, North Academyko arduradunak // Utzitakoa

North Academy hizkuntza eskolako arduradunetako bat da Leire Larrucea, Itziar Garcíarekin batera. Basaurin dute egoitza, Basozelai auzoan. Orain dela urte gutxi hasi ziren martxan: aurre egin zioten negozio berri bat irekitzeari eta orain krisi berri batekin borrokan ari dira. Leirerekin egungo egoerari eta etorriko denari buruz egin dugu berba.

Nola bizitzen ari zarete egoera hau?
Pazientzia eta animoa behar dira egoera honi aurre egiteko. Horrekin batera, eguneroko ohiturak mantendu ditugu, baita laneko ohiturak ere.

Eta nola ari zarete lana aurrera ateratzen?
Alarma egoera ezarri aurreko astean hasi ginen eskuak garbitzeko gel hidroalkoholdunak erabiltzen. Ikasleen arteko distantziak mantentzen saiatzen ginen, gelara sartu aurretik eskuak garbitu, gure gelak desinfektatu egiten genituen… Behin akademia itxita, tele-eskolak egiten ditugu: zerbitzua mantentzen dugu eta internet bidezko eskolak egiten ditugu. Gure ikasle guztiekin harremanetan jarraitzen dugu hezkuntzaren prozesua ez eteteko: etxeko-lanak agintzen dizkiegu, zalantzak argitu eta euren feedback jaso. Nola? Email eta telefono bidez, baita facebook, instagram eta skype bidez ere. Ordutegia mantentzen saiatu gara, baina apur bat moldatu egiten dugu ikasleen arabera.

Gaur egun eta epe labur-ertainera begira, zein asmo duzue?
Egun, akademiak itxita jarraitzen du eta gu lanean buru-belarri: astelehenetik ostiralera bideokonferentzia bidez ari gara ikasleekin, ordutegi malgua dugu eurekin, bakoitzaren beharrean araberakoa. Tutoriak ere txertatu ditugu zalantza guztiak behar bezala argitzeko eta, ohiko ikasgaiez gain, gai arinagoak eta dibertigarriagoak txertatu ditugu, hala nola, magia, txisteak edo eskulanak.

Lan-karga gehiago al duzue itxialdi egoera hasi zenetik?
Lan gehiago egiten dugu, bai, askoz gehiago esango nuke. Eskola presentzialen dinamika oso barneratuta dugu, bai guk, bai ikasleek, baina orain landu beharreko materiala online egiteko moldatu behar dugu. Era berean, ordutegi malguarekin ari gara eta horrek lan-orduak luzatzen ditu, baina eskolen bidez, batetik umeak ikasten jarri nahi ditugu eta gurasoei arnasa hartzen lagundu.

Urte hasieran komunikabideetan ikusten genuena, orain heldu zaigu.
Ez genuen uste helduko zenik, baina bai, heldu zaigu. Txina, konfinamendua… zerbait puntuala izango zela uste genuen, hegaztien gripea edo SARS birusa, kasu: albistegietan asko agertu ziren, baina apurka-apurka lehen lerrotik desagertu ziren.

Osasun krisiarekin batera, krisi ekonomiko gogorra datorrela ematen du.
Uste dut gogorra izango dela denontzat. Gizarte eta ekonomi-krisi handia izango dela uste dut, eta kontsumo orokorrak behera egingo duela esango nuke. Bakoitzak bere gastuak hobeto begiratuko ditu eta sektore batzuk asko sufrituko dute. Ekonomia orokorrean ere aldaketak egongo dira eta gure ohiturak, halabeharrez, aldatuko dira. Aldaketa horiek imaginatzea zaila da, baina edozein aldaketak aukera berriak ekarri ohi ditu, idea berritzaileak sortzeko bidea izan daiteke.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak