Sareak

☉ Basauri

Lopez Garai: “Umeek kalean jolas dezatela futbolean, hori galtzen ari baita”

|

basauri aritz lopez garai lagunak

Indartsu Klubean hasi zen futbolean Aritz Lopez Garai (Basauri, 1980) eta ordutik hona hainbat taldetan ibi­li da: Athletic, Basconia, Gernika, Conquense, Sala­manca, Castellon, Celta de Vigo, Cordoba eta Sporting de Gijón. Denboraldi ho­netan Lehenengo Mailara egin du salto Cordobare­kin, baina urtarrilaren 29an talde uztea erabaki berri du. Erabaki hori hartu au­rretik izan ginen berarekin.

Aritz Lopez Garai

Nolakoa izan da Lehen Mailan debutatzea?
Espainiako futbol ligako Lehenengo Mailan debu­tatzea momentu oso desi­ratua zen niretzat. Horren esperoan geunden familia eta biok. Izan ere, bizitza osoa daramat fut­bolean jokatzen. Gainera, debuta­tzeko Bernabeu zelaia baino esze­natoki hoberik aurkitzea zaila da.

Poztasun ikaragarria izango ze­nuen, Cordoba hiriarekiko senti­mendu berezia baituzu…
Duda barik, hala da. Cordoba nire etxea da arrazoi askorengatik: lana­gatik bertan bizi naiz, familia erdia bertan dut… Gainera nire semea Cordoban jaio da. Maitasun gehien eman didaten lekua da Cordoba.

Bertako futbol taldea urrezko ka­tegorian da berriro 42 urteren on­doren. Ezin esan hasiera oso ona izan duzuenik, baina entrenatzaile aldaketarekin gauzak pixkanaka aldatzen doazela uste al duzu?
Argi nabari dugu munduko futbol ligarik onenera egokitzea oso kon­plikatua izan dela. Gainera horri gehitu behar zaio taldean hamalau jokalari berri ditugula eta entrena­tzaile aldaketa izan dugula denbo­raldia hasi eta gutxira. Nire ustez, Djukic-ekin taldeak borroka egingo du ohorezko maila honetan beste denboraldi batez mantentzeko.

Cordoban “Vasco” ezizenez ezagu­na zara, nahiz eta taldeko euskal­dun bakarra ez izan…
Bai, kar kar… Mikel Saizar atezaina ere euskalduna da, baina ni bera baino urtebete lehenago etorri nin­tzen Cordobara. Beraz, “Vasco” ezi­zenarekin ezagutzen naute hemen.

Zeintzuk dira bigarren eta lehe­nengo mailaren arteko alderik na­barmenenak?
Lehenengo mailan jokoaren errit­moa azkarragoa da, eta egindako akatsak neurrigabe zigortzen di­tuzte. Era berean, jokoaren kalita­tea altuagoa da zentzu guztietan. Hainbat urtez bigarren mailan egon ostean, Cordoba bezalako talde ba­tentzat zaila da lehenengo mailan mantentzea; baina hori da helbu­rua.

Lehen esan duzun bezala, bizitza osoa daramazu futbolean jokatzen eta hainbat klubetan izan zara. Bakoitzean momentu onak eta ez hain onak biziko zenituen…
Bai, noski. Klub edo hiri bakoitzean aurkitu ditudan pertsona bikainak ezagutzea eta, noski, lehenengo mailara igoera izan dira momentu­rik onenak. Balantzaren beste al­dean, dudarik gabe, Xixonen bizi izan nuen egoera jarriko nuke; momentu oso gogo­rrak izan ziren.

INOIZ AHAZTUKO EZ DITUDAN IRUDIAK, LEHEN MAILARA IGO GINENEKOAK

Denbora luzez ahaztuko ez duzun anekdotarik ba al duzu kontatzeko?
Asko ditut, baina inoiz ahaztuko ez ditudan iru­diak lehenengo mailara salto egin genuenekoak dira, bai Las Palmasen bai Cordoban bizitakoak: Uti­lleroak ileordeekin Las Pal­maseko kaleetan barrena, jokalariak zerbitzariz mo­zorrotuta hotel bateko afa­ria zerbitzatzen… eta abar luze bat.

Athletic gertutik jarrai­tzeko aukera duzu ala Cor­doban duzu burua etenga­be?
Hemen, Cordoban, dauka­gunarekin nahiko dut, bai­na egia da asteburuetan tarte bat hartzen dudala Athleticen ibilbidea jarraitzeko.

Athleticeko eta Cordobako zaleak antzekoak omen dira…
Cordobako zaleak ikaragarriak dira: etengabe animatzen dihardute nahiz eta partida osteko emaitzak onak ez izan. Athleticeko zaleak eza­gunak dira mundu osoan zehar oso leialak direlako, baita San Mamesen animatzen duten moduagatik ere.

Aholkurik ba al duzu futbolean ha­siberri diren umeentzako?
Garrantzitsuena dibertitzea da, aha­lik eta ondoen pasatzea. Eta kalean jolas dezatela; hori galtzen ari baita pixkana-pixkanaka, eta oso polita da.

BADAKIT NIRE FUTBOLARI IBILBIDEA AZKEN TXANPAN DAGOELA

Etorkizunari begira…
Badakit nire futbolari ibilbidea bere azken txanpan dagoela, baina ilusioa dudan bitartean eta fisiko­ki ondo sentitzen naizen bitartean futbolean jokatzen jarraitu nahiko nuke. Entrenatzaile izateko aukera ez dago, epe laburrera begira behin­tzat, nire asmoen artean.

 

_______________

«ONENA, LEHEN MAILARA IGOTZEA; OKERRENA, XIXONEKO SEI HILABETEAK»

Zer egiten duzu denbora librean? Nire emaztearekin eta semearekin pasatzen dut nire denbora librea

Beste kirolen bat? Saskibaloia. Bereziki, NBA

Amets bat futbolean? San Mamesen jokatu ahal izatea eta Cordoba lehenengo mailako taldea izaten jarraitzea

Bazkaririk gogokoena? Aitak prestatzen dute hegaluzea

Pelikula bat? El diario de Noah. Nire semearen izena Noah da, peli­kularengatik

Liburu bat? El código Da Vinci

Futbolean momenturik onena? Lehenengo mailara igoera

Eta txarrena? Xixonen bizi izandako sei hilabeteak

basauri aritz lopez garai familia

Lopez Garai eta bereak, familia giroan, Basaurin

☉ Basauri

Basauri Bonua kanpaina berria martxan izango da apirilaren 22tik maiatzaren 19ra arte

|

Bi bonu mota igorriko dituzte: bata 4 eurokoa, bezeroek 6 euro gastatu ahal izateko; eta bestea 10 eurokoa, 15 euro gastatzeko // Geuria

Basauri Bonua kanpaina berria abiaraziko du Udalak apirilaren 22tik maiatzaren 19ra bitartean. Guztira herriko 140 saltoki atxiki dira kanpainara, iaz baino zazpi gehiago.

Aurreko urteetan bezala, bi bonu mota igorriko dituzte: bata 4 eurokoa, bezeroek 6 euro gastatu ahal izateko; eta bestea 10 eurokoa, 15 euro gastatzeko.

Aurrekoetan bezala, bonuak ez dituzte formatu fisikoan aterako. Bonuak kanpainari atxikitako establezimenduetan eskuratu behar dira, eta gehienez ere 60 eurora arteko bonuak erosi ahal izango dira NAN/IFZ/AIZ bakoitzeko. Ezin izango dira diru-truke aldatu eta, erabiltzen ez badira, ez da dirua itzuliko.

Kanpainara atxiki diren establezimenduen zerrenda apirilaren 22an bertan publikatuko dute bono.basauri.eus webgunean. Hala ere, saltoki bakoitzak Basauri Bonua identifikazio-eranskailua izango du.

100.000 euro gehiago

Basauriko Udalak 300.000 euro bideratu ditu aurtengo kanpainara, iaz baino 100.000 euro gehiago.

“Guztira 300.000 euro bideratuko ditugu ekimen honetara, baina udalerrian izango duen inpaktu ekonomikoa askoz ere handiagoa izango da, bezero bakoitzak bonua eskuratzean eta erosketa egitean ordaintzen duen kopurua gehitu behar baitzaio kopuru horri”, diote udal ordezkariek.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko Meeting Probak maiatzaren 5ean izango dira Artunduagako kiroldegian

|

Proba Nazioarteko Batzorde Paralinpikoaren Nazioarteko Atletismo Egutegian sartuta dago // Geuria

Basauriko Meeting Probak maiatzaren 5ean, igandez, izango dira Artunduagako kiroldegian 09:00etatik aurrera. Aurten 26. edizioa da eta guztira 40 proba izango dira, tartean kategoria paralinpikokoak.

Izan ere, proba Nazioarteko Batzorde Paralinpikoaren Nazioarteko Atletismo Egutegian sartuta dago, eta, beraz, meetingaren emaitzek errekorretarako eta KPIren rankingerako balioko dute.

Basauriko Meeting Probetan parte hartzeko izena emateko epea zabalik dago apirilaren 21era arte. “Beharrezkoa da atletek, gidariek eta entrenatzaileek izena emateko inprimakia betetzea”, diote batzorde antolatzailetik.

Meetinga Basauriko Merkatari Elkarteak antolatzen du, Udalaren laguntzarekin.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauri metro geltokia itxi dute “sute txiki” batengatik

|

basauri metro bilbao 2016 bost urte
Basauriko metro geltokia // Artxiboko irudia, Geuria

Arazo teknikoak direla eta, Etxebarri eta Basauri geltokien artean zerbitzua eten egin du Metro Bilbaok. Gainera, Basauri geltokia itxita egongo dela adierazi dute, “beste abisurik eman arte”.

Suhiltzaileek jakinarazi dutenez, “sute txiki bat” piztu da metro trenaren gainean, eta adierazi dutenez Metroko langileek eurek amatatu dute.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Thailandian gaixo dagoen basauriarra ekartzeko hegazkin medizalizatua prestatzen ari dira

|

Alex Garcia, Usoa Martinez bere emaztearekin batera //

Alex Garcia Galas basauriarra (Basauri, 36 urte) pankreatitisak jota gaixorik dago Bangkokeko (Thailandia) ospitale batean.

Otsailaren 25ean ospitaleratu zuten Zainketa Intentsiboetako Unitatean (ZIU) eta ordutik bere senideak Euskal Herriratzeko ahaleginetan dira.

Alexen ingurukoek zabaldu dutenez, familiak, “etsi-etsian”, hegazkin medikalizatu bat kontratatu zuen bertara ekartzeko, baina ez zioten hegan egiten utzi, “barne-odoljario larria izateko arriskua” baitzegoen.

Familiak 221.000 euro jarri zituen hegazkin medikalizatu hori kontratatzeko, baina ezin izan dutenez erabili, diru hori galdu dute.

Gauzak horrela, crowfunding kanpaina bat abiarazi dute Alexen lagunek eta senideek. Momentuz 91.371 euro bildu dituzte.

Defentsa Ministerioarekin harremana

Alexen senideak Margarita Robles Defentsa ministroarekin harremanetan jarri ziren aste hasieran eta horrek egoera aztertuko zuela adierazi zien.

Orain, Eitb-k jakinarazi duenez, Defentsa Ministerioak baieztatu du pankreatitisa duen gaztea Espainiaratzeko (Madrilera eramango lukete) hegazkin medikalizatua prestatzen hasi direla, baina oraingoz ez dutela datarik zehaztu.

Diru bilketa Basaurin

Estatuko zein Euskal Herriko hainbat herritarrek dohaintzak egin dituzte. Momentuz 91.371 euro bildu dituzte eta asmoa da 221.000 eurora iristea.

Basaurin El Maño Basozelaiko Auzo Elkarteak kanpaina bat jarri du martxan dirua biltzeko: “Basozelaiko Auzo Elkartetik gure babesa adierazi nahi diogu gure bizilagun Alexen familiari eta datozen egunetan zehaztuko ditugu egingo ditugun ekitaldi solidarioak”, diote.

“Basozelaiko saltokietan itsaulapikoak jarriko ditugu Alexen familiari dohaintzak egiteko, eta diru-sarrerak egiteko kontu-zenbaki bat zehaztuko dugu”, adierazi dute.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Ikastetxeetako jolastokiak ikuspegi feministarekin eraldatzeko prosezua hasi dute Basaurin

|

Apirilaren 23an egingo dute mahai-inguru irekia / Geuria

Ikastetxeetako jolastokiak ikuspegi feministarekin eraldatzeko prozesua hasi dute Basaurin. Horretarako Udaleko Berdintasun Arloak jardunaldi bat antolatu du eskoletako jolastokiak ikuspegi feministarekin eraldatzearen garrantziari buruzko gogoeta bultzatzeko.

‘Patioetan hamaika aukera. Jolastokiak konpon eta berdintasuna lor’ lemapean, apirilaren 23an mahai-inguru ireki bat antolatu dute Basauriko Udalak eta Marieneak 1era2kain egitasmoaren barruan.

Jardunaldia Ibaigane Kultur Etxean izango da 17:30etik 20:00etara bitartean, eta Basauriko jolastokiak eraldatzeko prozesuan parte hartu duten Lehen Hezkuntzako ikastetxeen esperientziak aurkeztuko dituzte, “haien zailtasun, erronka eta aukerekin”.

Ildo horretan, etorkizuneko erronkak jasoko dituzte “eskola-ingurune inklusibo, genero-estereotiporik gabekoa eta ingurunearen eta pertsona guztien zaintzaz arduratutako baterantz urratsak egiten jarraitzeko”.

Jardunaldian parte hartu nahi duten herritarrek izena eman behar dute esteka honen bitartez edo 605 173 119 telefono zenbakira deituz apirilaren 22a baino lehen.

Osorik irakurri