MAZ Basauri motorrak berotzen hasi da eta dagoeneko aurkezpen jaia antolatu du. Hitzordua martxoaren 27an, ostiralean, Social Antzokian. Bertan rockaren eta musika beltzaren barnean korronte ezberdinak ordezkatzen dituzten hiru talde ariko dira: Los Coronas, Freedonia eta The Weapons, baita Dino Velver Pinchadiscos, ere gauari amaiera egiteko.
Laugarren edizio honetan ere, MAZ Basaurik prezio merkeen aldeko apustua egingo du, bai Social Antzokiko kontzertuen sarreretan, baita antzokiko barrako edarien salneurrian ere. Aldez aurretik erosiz gero, aurkezpen jairako sarrerak 8 euroren truke eskura daitezke, eta 10 euroren truke, egunean bertan erosita. BBK Multizerbitzu kutxazainak, kutxabank.es, socialantzokia.com eta Social Antzokiko txarteldegiak (astelehenetik igandera arratsaldeko bostak eta gaueko bederatziak bitartean) dira salmenta tokiak.
8.500 LAGUN HIRU URTETAN
MAZ Basauri Udalak eta Social Antzokiak sustatutako jaialdia da. Aurreko hiru edizioetan guztira 8.500 lagun bildu ditu eta antzokiko sarrerak behin baino gehiagotan agortu izan ditu. Gainera, jaialdiak Basauri musika erreferente moduan kokatu du eta herriko ostalaritza eta bizitza kulturala eta komertziala bultzatu ditu.
