→Basauri

Mikelatsen eta Basauriko Udalaren jarrera kontrajarriak, asteburuko sexu erasoen prebentzioan

basauri udaltzaingoa 2015

Igandean San Migeleko jaietan gertatutako bi sexu erasoen harira, Mikelats Kultur Elkarteak iruzkina argitaratu du gaur arratsaldean sare sozialetan.

Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren presentzia handiagoa eskatu zion MIkelatsek Udalari // Argazkia: Geuria

Igandean San Migeleko jaietan gertatutako bi sexu erasoen harira, Mikelats Kultur Elkarteak iruzkina argitaratu du gaur arratsaldean sare sozialetan. Jaietan segurtasun baliabide falta izan dela salatu dute Mikelatsetik: “Jaiak hasi aurretik Udalari bidali genizkion proposamenen artean zeuden, besteak beste, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren presentzia handiagoa, batez ere asteburuko gauetan, eta lanzadera zerbitzua asteburuko gauetan ezartzea, modu jarraitu batean. Hala ere, proposamen hauek baztertu zituen Udalak, euren esanetan, baliabide eta aurrekontu faltagatik”, diote kultur elkartetik.

Mikelatsen adierazpenak hautsak harrotu ditu: “Mikelatsetik egin dituzten adierazpenak sentitzen ditugu. Izan ere, ez datozte bat ez jaien aurretiaz eurekin izan genituen elkarrizketekin, ezta urte luze hauetan izan dugun harremanekin ere”, adierazi dute Basauriko Udaletik. Era berean, Mikelatsek polizia gehiago beharrezkoa dela dioen bitartean, Udalak “beharrezkoak ziren segurtasun baliabideak” bideratu dituela dio, are gehiago, “presentzia poliziala nabaria izan da San Migeleko jaietan”, diote Udaletik. Lanzaderari dagokionez, Udaletik adierazi dute, “horrek ez duela zerikusirik izan gertatutako erasoekin, hauek herrigunean jazo zirelako, eta ez San Migelerako bidean”.

Azkenik, gertaerak gaitzesteaz gain, “komunikabideen bitartez eraso hauen berri izan izana” salatu du Mikelatsek: “Gure haserrea erakutsi nahi dugu Mikelatsen, San Migeleko jaien antolatzaile bezala, gertaera horien berri komunikabideen bitartez jaso dugulako, eta ez ordea zuzeneko kanalen bitartez: Udalarengandik edota beste elkarteengandik, adibidez”.

Basauriko talde politiko guztiek adierazi dute bat egingo dutela herriko talde feministek deituko dituzten elkarretaratze eta agerraldi guztiekin. Hain zuzen ere, urriaren 10ean 20:00etan manifestazioa deitu dute San Migeleko Ixatxak parketik Basauriko Eskarabilera plazaraino, San Pedro elizaren ondoan. Mugimendu Feministatik beltzez jantzita joateko deia egin dute.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak