Maiatzaren 17tik 21era bitartean Basaurik Udaberriko Kontzertuen XVIII. edizioa ospatuko du San Migelgo Taberna Nagusian eta Elizan. Lehendabiziko kontzertua BKB-Bidassoa Klezmer Band taldeak (klarinetea, biolina, gitarra eta kontrabaxua) eskainiko du, asteartez, 20:00etatik aurrera Taberna Nagusian. Maiatzaren 18an Hala Dzipo taldearen euskal musika tresna tradizionalen kontzertu didaktikoa ikusteko aukera egongo da 18:30etik aurrera, eta hilaren 19an Enrike Solinis eta Euskal Barrokensemble taldeak (biolin barrokoa, biolonea, perkuzioa, ahora, gitarra barroka eta lavta) “Hego-koloreak” emanaldia taularatuko dute 20:00etan.
Udaberriko Kontzertuei amaiera emateko maiatzaren 21ean, larunbatez, Danbolin Txistulari Elkarteak San Migelgo Elizan eskainiko du ikuskizuna, 19:30ean hasita. Kolaboratzaile izango ditu Maider Diez saxoa, Jose Garate kontrabaxua, Ibone Obieta akordeoia, Bizkaiko Gaiteroak eta Basauriko Dantza Taldeak.
