Sareak

☉ Basauri

Nagore Lopategui: “Basaurin bizi diren nazionalitate ezberdinetako ia 3.000 pertsonek egiten dute herria pluralagoa”

Nagore Lopategui basauriarra Perun bizi da gaur egun. Basauriko tokiko merkataritzaren aniztasunari buruzko azterlan bat egiten ari da, “herriko migrazio-ekintzailetzari buruzko pertzepzioa, estereotipoak eta jarrerak ezagutzeko”

|

Nagore Lopategui / Utzitakoa

Nagore Lopategi basauritarrak (Basauri, 1984) erantzukizun sozialean eta garapenerako lankidetzan oinarritu du bere ibilbide profesionala. Basauriko Arizko Ikastolan eta Urbi Institutuan egin zituen ikasketak, 2006tik hainbat herrialdetan bizi izan da eta 2011z geroztik Peruko komunitate askotan garatu ditu proiektuak.

Gaur egun, Gizarte Berrikuntza eta Ekonomia Solidarioa masterra egiten ari da, eta Basauriko tokiko merkataritzaren aniztasuna aztertzen ari da, “udalerriko migrazio-ekintzailetzari buruzko pertzepzioa, estereotipoak eta jarrerak ezagutzeko”, dio.

Noiz eta nola erabaki zenuen Basauritik kanpo joatea zure lana egiteko?
2006an Ekonomiako karrerako azken urtea ikasi nuen Lyonen, Frantzian. Nire lehen esperientzia izan zen atzerrian bizitzen, eta une hartan herrialde desberdinetan biziko nintzela erabaki nuen. 2007an Madrilera joan nintzen bizitzera eta bertan hiru urte eta erdi eman nituen. Garapenerako Lankidetzako masterra eta Gizarte Komunikazioko beste ikasketa batzuk egin nituen. Mugarik Gabeko Medikuak erakundean lan egiten nuen, baina egoera zaila zen lanean, eta gero eta aukera gutxiago zeuden, batez ere gazteentzat. 2011n Perura bidaiatzeko aukera sortu zitzaidan eta ez nuen zalantzarik izan. Ordutik Perun bizi naiz. Hainbat proiektu egin ditut Perun, jendea, paisaia, kultura eta tradizio desberdinak ezagutuz.

Nolakoa da Peruko errealitate soziala?
Peru dibertsitate handiko herrialdea da: 55 herri indigena baino gehiago ditu eta jatorrizko 47 hizkuntza. Bere lurraldeetan aberastasun handia du historiari, praktikari eta jakintza zaharrei dagokienez. Hala ere, desberdintasun-maila handiak daude, baita ustelkeria eta egiturazko arazoak ere. Horren ondorioz, 6,4 milioi pertsona pobrezia-egoeran daude, batez ere, Andeetako eta Peruko Amazoniako landa-populazio eta populazio indigenetan.

/ Utzitakoa

Eta zein proiektutan ari zara lanean gaur egun?
Peruko herriaren borrokarako eta erresistentziarako estrategia nagusia komunitate antolaketa da, herri jantokiekin, eltze komunalekin eta batez ere emakumeek bultzatutako beste elkartasun sare batzuekin. Urte hauetan, eta hainbat GKEtan, nire lana izan da genero-proiektuak dituzten oinarrizko erakundeekin artikulatzea. Proiektu horien helburua gaitasunak indartzea eta ekonomia- eta gizarte-inklusiorako aukerak sustatzea da. 2016tik Tamboras Resistencia kolektiboan parte hartzen dut, emakumeak musikaren eta danborraren bidez biltzen dituen talde feministan.

Beste herrialde batzuetan ere egon zara, Kolonbian adibidez.
2015ean Bogotan urtebetez bizitzeko aukera izan nuen. Aldeas Infantiles SOS GKEn lan egin nuen, Gizarte Erantzukizunaren arloan. Enpresekin eta Kolonbiako sektore publikoarekin aliantzak eginez, familiengandik banandu diren eta gatazka armatuak, indarkeria matxistak edo larrialdi-egoerek eragin dieten haur, nerabe eta gazteei harrera eta aterpea emateko proiektuak finantzatzea lortzen genuen.

Latinoamerikako herrialde askotako egoerak emigratzera behartzen ditu pertsona asko. Zure ustez, nolakoa da harrera herrialde hartzaileetan?
Giza-mugikortasuna beti presente egon da planeta honetan eta historiaren aldi guztietan. Pertsonak etengabeko mugimenduan gaude, aukera gehiagoren bila edo babes bila. Migratzea ez da prozesu erraza: familiarengandik eta zure ingurunetik urruntzea da, leku berri batera iritsi eta hutsetik hasteko. Euskal Herriak asko daki horretaz, ia denok ditugu migrazioari edo erbesteari lotutako familia-istorioak penintsulako edo atzerriko beste lurralde batzuetan.

Nagore Lopategui / Utzitakoa

Euskal gizartea nolakoa den galdetuko banizu.
Euskal gizartea, oro har, nahiko harkorra dela uste dut. Baina galdera horri erantzuteko, askoz ere interesgarriagoa litzateke biztanleria migratuak berak duen pertzepzioa ezagutzea. Haien ahots, testigantza eta sentsazioetatik. Nire ustez, esperientziak entzuteko eta trukatzeko ariketa hauekin asko ikas genezake.

Migratzaileek zailtasun handiak dituzte oraindik beren bizi-proiektua beste herrialde batzuetan garatzeko?
Biztanleria migratzailea oso anitza da, baina beti izan du ahultasun-egoera bat lan-merkaturako sarbidean. Horren ondorioz, langabezia-egoerak edo informaltasun-baldintza eskasak, behin-behinekotasuna, lanaldi partzialak edota soldaten murrizketa jasaten dituzte. Talentu handia izan arren, gure begirada arrazista, klasista eta matxistak hainbat sektoretan kokatzen ditu migratzaileak, hala nola, ostalaritzan eta eraikuntzan edo etxeko lanetan, zaintzan eta garbiketan.

Horren aurrean, azken urteotan, Gosearen Aurkako Ekintzan lan egin dut, ekintzailetza- eta autoenplegu-proiektuak bultzatuz, zapalduen eta aukera gutxien dituzten biztanleria-taldeak garatzeko eta gizarteratzeko alternatiba gisa. Oso emaitza onak izan ditugu. Nire ustez, estrategia interesgarria izan daiteke Basauri bezalako udalerrientzat; izan ere, hainbat nazionalitatetako pertsonek bultzatutako negozioak ugaritzen, tokiko merkataritza indartzen eta auzoetako bizitza dinamizatzen ari dira.

/ Utzitakoa

Hain zuzen ere, Basauriko migratzaileen egoera aztertzen ari zara orain.
Basauriko garapen soziala eta ekonomikoa migrazio-mugimenduekin lotuta dago historikoki. Joan den mendean, herrialdeko hainbat lekutatik etorritako langile familien etorrerak aurrekaririk gabeko eraldaketa ekarri zuen. Basauri landa-herria izatetik inguruko industria-gune nagusietako bat izatera pasa zen. Zazpi hamarkada eskasetan, 2.000 biztanle izatetik, 55.000 baino gehiago izatera igaro zen 80. hamarkadan. Hau da, 28 aldiz biderkatu zen Basauriko biztanleria. Gaur egun, herrian bizi diren etnia, kultura eta nazionalitate ezberdinetako ia 3.000 pertsonek egiten dute Basauri pluralagoa eta anitzagoa.

Orain Basauriko tokiko merkataritzaren aniztasunari buruzko azterlan bat egiten ari naiz, udalerriko migrazio-ekintzailetzari buruzko pertzepzioa, estereotipoak eta jarrerak ezagutzeko.

Eta zelan egin duzu azterlana?
Galdetegi labur bat partekatu nuen sare sozialetan, eta astebetean 650 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten inkestan. Beraz, eskerrak eman nahi dizkiet parte hartu zuten Basauriko herritarrei, parte hartzeko prest agertu direlako beste behin ere.

/ Utzitakoa

Basaurin hainbat ekimen garatu dira, hala nola, Zurrumurruen Aurkako Estrategia, eta kulturartekotasuna bultzatzeko elkarteak daude.
55 herrialdetatik baino gehiagotatik etorritako pertsonen presentziarekin, XX. mendean baino anitzagoa da Basauri XXI. mendean. Eszenatoki multikultural horiek aukera eta erronka berriak adierazten dituzte. Horren aurrean, garrantzitsua da politika publikoetan kulturarteko ikuspegia zeharkakotzea; errealitatea hobeto ezagutzeko azterlanak eta diagnostikoak egitea eta ekintza eraginkorrak garatzea; kulturen arteko bizikidetza indartzeko herritarren partaidetza eta artikulaziorako espazioak sustatzea. Ia 15 urte daramatzat Basauritik kanpo bizitzen. Hala ere, Udalak, Zurrumurruen Aurkako Sareak, Marieneak edo Emakumeak Aniztasunean elkarteak egiten duten lana ezagutu ahal izan dut. Nire ustez, oso lan baliotsua da aniztasunaren sentsibilizazioan eta sustapenean.

☉ Basauri

Basauriko gizon bat atxilotu dute Errioxan emakume bati egindako sexu erasoagatik

|

Guardia Zibilak jakinarazi duenaren arabera, 43 urteko gizon basauriarra atxilotu dute Errioxan. Atxilotuak zigor-aurrekariak ditu, eta leporatzen zaion erasoa joan den martxoaren 8an gertatu zen, Albelda de Iregua (Espainia) herrian.

Bere maskotarekin zegoen 28 urteko emakumea bultzatu eta mehatxatu ondoren, eta bere nagusitasun fisikoa erabiliz, bertatik urrunarazi ondoren sexualki eraso egin zion.

Emakumezkoa ospitalera eraman zuten. Errioxako Guardia Zibilak kasuaren ikerketa bere gain hartu zuen, eta aste honetan atxilotu dute gizona.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basaurik 2,5 milioi euro bideratuko ditu Bizkotxalden aparkaleku berriak sortzeko eta irisgarritasuna hobetzeko

Bestetik, La Basconia eta Pozokoetxe lotuko dituen bidegorria egiteko proiektua idatzi nahi du Basauriko Udalak aurten

|

Matxitxako eta Uribarriko Ingurabidea kaleetako aparkalekuak zeharka jarriko dituzte plaza gehiago lortzeko // Google Maps

Basauriko Udalak iazko gerakinetik 4 milioi euro bideratuko ditu aurten herrian aparkaleku berriak sortu eta hainbat gune berriz urbanizatzeko.

Zenbateko horretatik, 2,5 milioi euro Bizkotxalden inbertituko ditu Udalak: aparkaleku plaza berriak sortuko ditu eta parkearen beheko aldeko irisgarritasuna hobetuko du.

“Proiektu honen helburua da aparkaleku-plazen kopurua handitzea, Matxitxako eta Uribarriko Ingurabidea kaleetan dauden ilarako aparkalekuak zeharkako aparkaleku bihurtuta, eta parkearen beheko aldeko irisgarritasuna hobetzea”, diote udal arduradunek.

La Basconia-Pozokoetxe bidegorria

Bestetik, aurten beste bi proiektu idatziko ditu Udalak: alde batetik La Basconia eta Pozokoetxe lotuko dituen bidegorria egitekoa, eta bestetik, Kareaga Goikoa (Agirre Lehendakaria kaleko 9. zenbakitik) eta Kareaga Behekoa lotzeko zubibidea egitekoa.

Bolueta eta La Basconia lotuko dituen bidegorriari jarraipena emateko gure asmoa da bidegorria Pozokoetxeraino luzatzea”, diote udal ordezkariek.

Bi proiektu horiek idazteko 240.000 euroko partida onartu zuen udalbatza martxoko osoko bilkuran.

Asfaltatzeak eta urbanizazioak

Gerakinaren beste zati handi bat (milioi bat euro) Bilbondorako errepidea eta Fleming doktorea (Soloarte) eta Artunduagako kiroldegiko aparkalekuak asfaltatzera, eta San Migeleko Ganguren Mendi eta Eleuterio Villaverde berriz urbanizatzera bideratuko ditu Udalak.

Era berean, Leoi kalean saneamendu-sarea berrituko du Udalak (135.000 euro) gerakinarekin.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Bideoa / Basauriko Kareaga eta Bilboko Bolueta bidegorri bidez lotzeko lanak martxa onean doaz

Bidegorriak kilometro bateko luzera du, Zubialdeko zubitik Baskonia kaleko aparkalekuraino. Udalak asmoa du La Basconia-Pozokoetxe tartean luzatzea bidegorria eta proiektua idaztea

|

Basauriko Kareaga eta Bilboko Bolueta bidegorri bidez lotzeko asmoa errealitate bihurtuko da aurten. Bizkaiko Foru Aldundiak bidegorriaren obrak hasi zituen urte hasieran eta lanak “martxa onean” doazela adierazi digute Kareaga Auzo Elkartetik.

Hain zuzen ere, Kareaga Auzo Elkartearen urteetako aldarrikapena izan da bidegorria eraikitzea: “Kareaga Auzo Elkartetik hamar urte baino gehiago generaman aldarrikapen honen atzetik, pentsatzen genuelako berreskuratu behar zela zonalde hau, aprobetxatzea zegoen Arratiako Tranbia zaharraren trazadura, bertan bidegorria eta oinezkoentzat pasealekua egiteko. Bidegorria zein pasealekua ezinbestekoa da basauriar guztiontzat”, dio José Andrés Mieres Kareaga Auzo Elkarteko kideak.

Bidegorriak kilometro bateko luzera izango du eta txirrindularientzat zein oinezkoentzat egokituta egongo da. “Zabalera sei metrokoa da: lau metro txirrindularientzat egokituta eta bi metro oinezkoentzat. Horrek ahalbideratuko du gaur egun ehundaka oinezko eta txirrindulari errepidetik egiten dugun bidea modu seguru eta lasai batean egitea”, dio Alberto Delgado Kareaga Auzo Elkarteko kideak: “Hortaz, oso albiste hau oso pozgarria da Kareagako zein Basauriko txirrindulariontzat zein oinezkoentzat”.

Bizkaiko Foru Aldundiak 2,2 milioi euro inbertituko ditu Basauri eta Bilbo artean oinez edo bizikletaz joan-etorri seguruak egiteko bidegorria eraikitzen. Asier Iragorri Basauriko alkateak dio herritarrek pasealekuekin eta aisialdirako guneekin bat egiten duen proiektu honekin gozatzeko aukera izango dutela: “Bidegorri honen eraikuntzarekin Basauriko herritarrekin hartu genuen beste konpromiso bat betetzen dugu”.

“Trazadura laua”

Basauri eta Bilbo arteko bidegorriak 1.090 metroko luzera izango du eta laua izango da ia osorik. Trazadura Baskonia kaleko aparkalekuan hasiko da eta Etxebarriko muga barrutik igarota, Nerbioi-Ibaizabal ibaiaren ibilgua inguratuz Boketeko tuneleraino iritsiko da. Bidegorriak 120 metro luze den tunel hori zeharkatuko du eta Zubialdeko zubira iritsiko da eta Boluetan Bilboko udal bizikleta sarearekin lotuko da.

Bidegorriaren obrak Kareagatik ikusita // Geuria

Obren bidez Arratiako Tranbiaren trazadura berreskuratuko da, eta Zubialdeko zubia handituko dute oinezkoentzako eta bizikletentzako bide berrirako behar den espaziora iritsi arte. “Bokete tunelean, egitura kontserbazio-egoera onean dagoenez, lanak egingo dira, besteak beste, hegoaldeko ahoa egokitzeko, hondatutako eremuak saneatzeko eta lehengoratzeko eta jatorrizko drainadura berreskuratzeko”, diote Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunek.

“Bidegorriak segurtasun-hesiak izango ditu erabiltzaileentzako arriskua dagoen lekuetan, baita argiztapena ibilbide osoan ere. Horretarako, eguzki-led argiak jarriko dira, 27,5 metroko tartearekin, aire zabalean eta zazpi metroko tarteetan tunelaren barruan, argiztapen uniformea lortzeko. Era berean, tunelean bideozaintza-sistema bat jarriko da, ibilbide osoa estaltzen duten hiru segurtasun-kamerarekin”, diote.

Jarduketaren ondorioz, halaber, Baskonia kaleko aparkalekua berrantolatuko dute, eta erdiko bide bat ezarriko dute eta horren alboetan baterian kokatutako 46 aparkaleku egokituko dituzte. Aparkaleku horren ondoan, eta bizikleta-bidearen hasieran, 100 metro karratuko aisialdirako gune bat sortuko da, bizikleten aparkaleku, mahai eta zurezko bankuekin.

Aldarrikapenak etenik ez

Bidegorriaren aldarrikapena Kareaga Auzo Elkarteak egin du 2014tik, baina ez da elkarte bakarra bidegorria eskatzen. Besteak beste, Biziz Bizi Hiri Txirrindularien Elkartea 2021eko urrian hasi zen Bilbotik Galdakaora bitartean bidegorria aldarrikatzeko bizikleta martxak hilero antolatzen.

“Ibaizabal inguruan bizikleta zeharkaldi ibilbide segurua eskatzeko egiten ditugu hilero bizikleta martxak. Bilbo-Etxebarri-Basauri-Galdakao artean bizikletaz mugitu nahi dugu, betiere modu seguruan”, aldarrikatu dute beti Biziz Biziko kideek. Elkartea 1993an sortu zuten, bizikleta egunerokoan garraio alternatibo gisa erabiltzea aldarrikatzeko.

2021eko urritik gaur egunera 26 bizikleta martxa antolatu dituzte, beti hileko azken larunbatean. Apirilean, hilaren 27an egingo dute martxa, 11:00etan Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza nagusitik abiatuta.

“Bidegorri honek lotura zuzena egingo du Boluetatik Kareaga auzora, baina Kareagatik Galdakaoraino asko dago oraindik zehazteko eta egiteko. Beraz, Biziz Bizi elkarteak jarraituko du hilero bizikleta martxak antolatzen, “Bidegorria Galdakaora orain!” lemapean”, dio Delgadok, Biziz Bizi elkarteko kide ere badenak.

Bestetik, 2019an Basauriko, Arrigorriagako, Galdakaoko, Ugaoko eta Zeberioko udal ordezkariek (garai horretan alkate guztiak ziren EAJkoak) Unai Rementeria ahaldun nagusia zenari eskatu zioten Hego Uribeko bidegorri sarea handitzeari “lehentasuna” emateko.

La Basconia-Pozokoetxe

Bolueta eta La Basconia lotuko dituen bidegorriari jarraipena emateko asmoz, Basauriko Udalak bidegorria luzatu nahi du La Basconiatik Pozokoetxera.

Udal arduradunen asmoa da aurten idaztea proiektu hori, eta horretarako 2023ko diruzaintzako gerakina erabiliko du.

“Oinezkoentzako eta bizikletetarako bidegorria eginda, jarraipena emango zaio urte honen amaieran Bolueta eta La Baskonia lotuko dituen bidegorriari, Arratiako tranbia zaharraren ibilbidean barrena”, diote udal ordezkariek.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko Hitz-erdiko Kontaketak lehiaketak euskarazko 155 ipuin jaso ditu

|

basauri hitz erdiko kontaketak literatura lehiaketa 2018 argazkia Thought Catalog Unsplash
Guztira 89 adingabek bidali dituzte kontaketak // argazkia: Thought Catalog, Unsplash

Hitz-erdiko Kontaketak lehiaketa sendotu da Basaurin. Martxoaren 22an itxi zen lehiaketan parte hartzeko epea, eta guztira euskarazko 155 ipuin jaso ditu antolakuntzak: 107 Bizkaitik (horietatik 18 Basauritik); 34 Gipuzkoatik; 13 Arabatik; eta bakarra Nafarroatik.

“Denera, 89 adingaberen eta 66 helduren kontaketak jaso ditugu”, diote Zirt Zart Basauriko Udaleko Gazte Zerbitzuko arduradunek. Hain zuzen ere, 12 eta 35 urte bitarteko herritarrei dago zuzenduta lehiaketa.

Kontakizunak epaimahaiaren esku daude dagoeneko, eta apirilaren bukaera aldera jakitera emango dituzte irabazleen izenak.

Guztira bost sari banatuko dituzte: lehenengo sailkatuarentzako 200 euroko bonua, bigarren sailkatuarentzako 150 euroko bonua, hirugarren sailkatuarentzako 100 euroko bonua, Elkar Saria jasoko duenarentzako 150 euroko bonua, eta Basauri Saria jasoko dutenentzako 150 euroko bonua. Gainera, sarituriko kontakizunak GEURIAn argitaratuko ditugu. 

Aurtengo zazpigarren edizioan partaideek “Haur bat bezala…” esaldiarekin hasi behar izan dituzte beren kontakizunak. Eta, aurrekoetan bezala, liburuxka berezia kaleratuko dute aurten. Ale kopuru mugatua egongo da eskuragarri Basauriko Gazte Informazio Bulegoan eta Elkar dendan. Doakoa izango da.

Hitz-erdiko Kontaketak euskarazko ipuin lehiaketa ZirtZart Basaurik —Basauriko Udalaren Gazteria Ataleko programak— antolatzen du, Elkar Euskal Kulturgintzaren eta GEURIA Hego Uribeko herri komunikabidearen laguntzarekin. Lehiaketa 12 eta 35 urte bitarteko gazteei dago zuzendua, eta helburu du idazmenean interesa dutenen talentua sustatzea.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Jokalari hauek dira 2024ko Basauriko Selekziorako hautatuak

|

2024ko Basauriko Selekzioko jokalariak eta lantalde teknikoa // Basauriko Udala

Mikel Rodriguez Basauriko Selekzioko futbol entrenatzaileak hautatu ditu dagoeneko aurtengo jokalariak. Guztira 24 jokalari hautatu ditu Rodriguezek, Athletic Club, Arenas, Ariz, Barakaldo, Baskonia, Baskauri, Danok Bat, Deusto, Indartsu eta Leioako jokalariez osatuta.

Rodriguezek jokalarien maila goraipatu du eta “talde-lanaren, laguntasunaren, ahaleginaren eta sakrifizioaren” garrantzia azpimarratu du.

Asier Iragorri alkateak udalerria ordezkatzearen garrantzia eta “Basauriko armarria eramatearen harrotasuna” azpimarratu ditu, eta Jon Zugazagoitia Kirol arloko zinegotziak esperientziaren minutu bakoitza aprobetxatzera animatu ditu jokalariak, are gehiago Basauri Kirolaren Europako Hiri izendatu duten urtean.

Jokalari hauek osatzen dute 2024ko Basauriko Selekzioa:

ATHLETIC CLUB
Urko Sainz

ARENAS
Iñigo Sedano

ARIZ
Daniel Prieto
Diego Ulloa
Mikel Cuello
Urko Lapeña

BARAKALDO
Aimar Gómez

BASCONIA
Arkaitz Navarro

BASKAURI
Aritz Encinas
Oier Santiago
Aimar Salan
Osama Bouzidi
Juan David López

DANOK BAT
Amets Arteaga
Adrian Berbis
Eder Girotto

DEUSTO
Aritz del Pico

INDARTSU
Urko García
Aetz Bernaola
Lucas León
Ibon Gaitán
Xabier Molina
Aner Sagarduy

LEIOA
Iker Galdeano

Osorik irakurri