Sareak

☉ Basauri

Rockein 2022 lehiaketan 188 proiektuk eman dute izena, parte-hartze marka berria

|

Iazko finala irabazi zuen Full Cab taldeak // Rockein

Rockein lehiaketaren hamargarren edizioa martxan da. Maiatzean ireki zuten epea Euskadiko eta Nafarroako musikari eta taldeek izena emateko eta uztailaren 12an itxi zuten. Bada, aurten guztira 188 proiektuk eman du izena Rockein lehiaketan, parte-hartze marka berria -zazpigarren urtez jarraian-.

Jasotako proposamenen artean 38 (iaz 25) tokikoak dira (Basauri, Galdakao, Arrigorriaga edo Laudion erroldatutako kide bat, gutxienez); 42 euskarazko talderik onenari saria lortzeko hautagai dira (iaz 33); eta 15ek Eskarabilera saria eskuratzeko aukera izango dute (gutxienez kideen % 50 emakumeak dituzten proiektuak). “Nabarmentzekoa da lehiaketak jasotako proposamenak berritzeko duen gaitasuna, parte hartzaileen % 25a 2021arekiko berriak baitira”, diote antolatzaileek.

Epaimahaiak orain erabaki beharko du zein talde edo musikarik joko duten final handian, azaroaren 19an. Finala, ohi bezala, Basauriko Social Antzokian izango da.

Basauriko Udalak antolatzen du Rockein musika lehiaketa, Arrigorriagako, Galdakaoko eta Laudioko Udalen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Parte-hartzearen bilakaera

Rockeinen parte-hartzaile kopurua hazi eta hazi egin da 2013ko lehen ediziotik. Bilakaera honakoa izan da:

2013: 85 parte-hartzaile
2014: 105 parte-hartzaile
2015: 95 parte-hartzaile
2016: 110 parte-hartzaile
2017: 129 parte-hartzaile
2018: 135 parte-hartzaile
2019: 146 parte-hartzaile
2020: 169 parte-hartzaile
2021: 179 parte-hartzaile
2022: 188 parte-hartzaile

SARIAK

Talde irabazlea
– EP profesional bat (gutxienez bost abesti) grabatzea, ekoiztea eta masterizatzea Bilboko El Tigre estudioetan.
– EPa editatzea
– Bideoklip profesional bat grabatu eta ekoiztea.
– MAZ Basauri jaialdian kontzertua

Tokiko talderik onena
– MAZ Basauri jaialdian kontzertua

Euskarazko talderik onena
– Abesti bat grabatzea eta ekoiztea.
– MAZ Basauri jaialdian kontzertua

Eskarabilera saria
– MAZ Basauri jaialdian kontzertua

☉ Basauri

Basauri Bonua kanpaina berria martxan izango da apirilaren 22tik maiatzaren 19ra arte

|

Bi bonu mota igorriko dituzte: bata 4 eurokoa, bezeroek 6 euro gastatu ahal izateko; eta bestea 10 eurokoa, 15 euro gastatzeko // Geuria

Basauri Bonua kanpaina berria abiaraziko du Udalak apirilaren 22tik maiatzaren 19ra bitartean. Guztira herriko 140 saltoki atxiki dira kanpainara, iaz baino zazpi gehiago.

Aurreko urteetan bezala, bi bonu mota igorriko dituzte: bata 4 eurokoa, bezeroek 6 euro gastatu ahal izateko; eta bestea 10 eurokoa, 15 euro gastatzeko.

Aurrekoetan bezala, bonuak ez dituzte formatu fisikoan aterako. Bonuak kanpainari atxikitako establezimenduetan eskuratu behar dira, eta gehienez ere 60 eurora arteko bonuak erosi ahal izango dira NAN/IFZ/AIZ bakoitzeko. Ezin izango dira diru-truke aldatu eta, erabiltzen ez badira, ez da dirua itzuliko.

Kanpainara atxiki diren establezimenduen zerrenda apirilaren 22an bertan publikatuko dute bono.basauri.eus webgunean. Hala ere, saltoki bakoitzak Basauri Bonua identifikazio-eranskailua izango du.

100.000 euro gehiago

Basauriko Udalak 300.000 euro bideratu ditu aurtengo kanpainara, iaz baino 100.000 euro gehiago.

“Guztira 300.000 euro bideratuko ditugu ekimen honetara, baina udalerrian izango duen inpaktu ekonomikoa askoz ere handiagoa izango da, bezero bakoitzak bonua eskuratzean eta erosketa egitean ordaintzen duen kopurua gehitu behar baitzaio kopuru horri”, diote udal ordezkariek.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko Meeting Probak maiatzaren 5ean izango dira Artunduagako kiroldegian

|

Proba Nazioarteko Batzorde Paralinpikoaren Nazioarteko Atletismo Egutegian sartuta dago // Geuria

Basauriko Meeting Probak maiatzaren 5ean, igandez, izango dira Artunduagako kiroldegian 09:00etatik aurrera. Aurten 26. edizioa da eta guztira 40 proba izango dira, tartean kategoria paralinpikokoak.

Izan ere, proba Nazioarteko Batzorde Paralinpikoaren Nazioarteko Atletismo Egutegian sartuta dago, eta, beraz, meetingaren emaitzek errekorretarako eta KPIren rankingerako balioko dute.

Basauriko Meeting Probetan parte hartzeko izena emateko epea zabalik dago apirilaren 21era arte. “Beharrezkoa da atletek, gidariek eta entrenatzaileek izena emateko inprimakia betetzea”, diote batzorde antolatzailetik.

Meetinga Basauriko Merkatari Elkarteak antolatzen du, Udalaren laguntzarekin.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauri metro geltokia itxi dute “sute txiki” batengatik

|

basauri metro bilbao 2016 bost urte
Basauriko metro geltokia // Artxiboko irudia, Geuria

Arazo teknikoak direla eta, Etxebarri eta Basauri geltokien artean zerbitzua eten egin du Metro Bilbaok. Gainera, Basauri geltokia itxita egongo dela adierazi dute, “beste abisurik eman arte”.

Suhiltzaileek jakinarazi dutenez, “sute txiki bat” piztu da metro trenaren gainean, eta adierazi dutenez Metroko langileek eurek amatatu dute.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Thailandian gaixo dagoen basauriarra ekartzeko hegazkin medizalizatua prestatzen ari dira

|

Alex Garcia, Usoa Martinez bere emaztearekin batera //

Alex Garcia Galas basauriarra (Basauri, 36 urte) pankreatitisak jota gaixorik dago Bangkokeko (Thailandia) ospitale batean.

Otsailaren 25ean ospitaleratu zuten Zainketa Intentsiboetako Unitatean (ZIU) eta ordutik bere senideak Euskal Herriratzeko ahaleginetan dira.

Alexen ingurukoek zabaldu dutenez, familiak, “etsi-etsian”, hegazkin medikalizatu bat kontratatu zuen bertara ekartzeko, baina ez zioten hegan egiten utzi, “barne-odoljario larria izateko arriskua” baitzegoen.

Familiak 221.000 euro jarri zituen hegazkin medikalizatu hori kontratatzeko, baina ezin izan dutenez erabili, diru hori galdu dute.

Gauzak horrela, crowfunding kanpaina bat abiarazi dute Alexen lagunek eta senideek. Momentuz 91.371 euro bildu dituzte.

Defentsa Ministerioarekin harremana

Alexen senideak Margarita Robles Defentsa ministroarekin harremanetan jarri ziren aste hasieran eta horrek egoera aztertuko zuela adierazi zien.

Orain, Eitb-k jakinarazi duenez, Defentsa Ministerioak baieztatu du pankreatitisa duen gaztea Espainiaratzeko (Madrilera eramango lukete) hegazkin medikalizatua prestatzen hasi direla, baina oraingoz ez dutela datarik zehaztu.

Diru bilketa Basaurin

Estatuko zein Euskal Herriko hainbat herritarrek dohaintzak egin dituzte. Momentuz 91.371 euro bildu dituzte eta asmoa da 221.000 eurora iristea.

Basaurin El Maño Basozelaiko Auzo Elkarteak kanpaina bat jarri du martxan dirua biltzeko: “Basozelaiko Auzo Elkartetik gure babesa adierazi nahi diogu gure bizilagun Alexen familiari eta datozen egunetan zehaztuko ditugu egingo ditugun ekitaldi solidarioak”, diote.

“Basozelaiko saltokietan itsaulapikoak jarriko ditugu Alexen familiari dohaintzak egiteko, eta diru-sarrerak egiteko kontu-zenbaki bat zehaztuko dugu”, adierazi dute.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Ikastetxeetako jolastokiak ikuspegi feministarekin eraldatzeko prosezua hasi dute Basaurin

|

Apirilaren 23an egingo dute mahai-inguru irekia / Geuria

Ikastetxeetako jolastokiak ikuspegi feministarekin eraldatzeko prozesua hasi dute Basaurin. Horretarako Udaleko Berdintasun Arloak jardunaldi bat antolatu du eskoletako jolastokiak ikuspegi feministarekin eraldatzearen garrantziari buruzko gogoeta bultzatzeko.

‘Patioetan hamaika aukera. Jolastokiak konpon eta berdintasuna lor’ lemapean, apirilaren 23an mahai-inguru ireki bat antolatu dute Basauriko Udalak eta Marieneak 1era2kain egitasmoaren barruan.

Jardunaldia Ibaigane Kultur Etxean izango da 17:30etik 20:00etara bitartean, eta Basauriko jolastokiak eraldatzeko prozesuan parte hartu duten Lehen Hezkuntzako ikastetxeen esperientziak aurkeztuko dituzte, “haien zailtasun, erronka eta aukerekin”.

Ildo horretan, etorkizuneko erronkak jasoko dituzte “eskola-ingurune inklusibo, genero-estereotiporik gabekoa eta ingurunearen eta pertsona guztien zaintzaz arduratutako baterantz urratsak egiten jarraitzeko”.

Jardunaldian parte hartu nahi duten herritarrek izena eman behar dute esteka honen bitartez edo 605 173 119 telefono zenbakira deituz apirilaren 22a baino lehen.

Osorik irakurri