→Basauri

Rockein lehiaketak baditu 2021eko finalistak: Ainhoa Sagasti, Dekot eta Full Cab

Bestetik, Julen Burgos (Laudio), Kurixe (Arrigorriaga) eta La Nevera Vacía (Galdakao) izango dira Tokiko artistarik onenari saria irabazteko hautagaiak.

Ainhoa Sagasti, Dekot eta Full Cab dira Rockein 2021eko finalista nagusiak // Rockein

Rockein musika lehiaketak baditu 2021eko finalistak: Ainhoa Sagasti (Getxo), Dekot (Maruri-Jatabe) eta Full Cab (Bilbo). Rockeinen bederatzigarren edizioaren sari nagusia irabazteko hiru hautagaiak dira horiek. Bestetik, Julen Burgos (Laudio), Kurixe (Arrigorriaga) eta La Nevera Vacía (Galdakao) izango dira Tokiko artistarik onenari saria irabazteko hautagaiak.

Artista irabazleak EP profesional bat grabatu, ekoitzi eta masterizatuko du Bilboko El Tigre estudioetan, EParen 500 kopia diseinatu eta editatuko ditu CD euskarrian, bideoklip profesional bat grabatuko du, eta MAZ Basauri jaialdian kontzertua eskainiko du. Tokiko artistarik onenak MAZ Basauri jaialdian joko du.

Finala azaroaren 27an, larunbatez, izango da Basauriko Social Antzokian. Sarrera doakoa izango da, baina gonbidapenak eskuratu beharko dira socialantzokia.eus webgunearen bitartez azaroaren 3tik aurrera (eguerditik aurrera). Publikoa zutik egongo da, gehienezko edukierarekin eta indarrean dauden osasun neurriak beteko dira.

Euskarazko artistarik onenaren eta Publikoaren sariaren irabazlearen izenak finalean bertan jakinaraziko ditu epaimahaiak. Euskarazko artistarik onenak abesti bat grabatuko du eta kontzertua eskainiko du MAZ Basauri jaialdian, eta Eskarabilera sariari dagokionez, irabazleak kontzertua emango du MAZ Basauri jaialdian.

URTETIK URTERA MARKAK HAUTSIZ

Iragan irailaren 30ean itxi zuten Rockein lehiaketako bederatzigarri edizioan izena emateko epea. Guztira 179 artistak eman dute aurten izena, seigarren urtez jarraian parte hartze marka gaindituz. Izan ere, 2013an lehen edizioa abiarazi zutenetik Rockeinen parte-hartzea gero eta handiagoa izan da urtetik urtera: 2013an 85 izen-emate jaso zituzten, 2014an 105, 2015ean 95, 2016an 110, 2017an 129, 2018an 135, 2019an 146, 2020an 169, eta 2021ean 179.

Rockein Basauriko Udalak antolatzen du, Arrigorriagako, Galdakaoko eta Laudioko Udalen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz, eta Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako bakarlari eta taldeei zuzendutako lehiaketa da.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak