→Basauri

Euskadi eta Nafarroako musika taldeen bila ari da jada Rockein lehiaketa

Rockein musika lehiaketa martxan da bederatzigarren urtez. Gaur aurkeztu dute edizio berria eta izena emateko epea irailaren 30era arte zabalik dagoela adierazi dute antolatzaileek. Jasotako proposamen guztien artetik sei finalista aukeratuko ditu sektoreko profesionalek osatutako epaimahaiak; eta azaroaren 27an Basauriko Social Antzokian ospatuko den finalean joko dute zuzenean. Gau horretan bertan erabaki eta emango du ezagutzera epaimahaiak zein diren 2021eko talde irabazleak.

Aurreko urteetan bezala, Sari Nagusia, Tokiko Artistarik Onenaren Saria y Euskarazko Artistarik Onenaren Saria banatuko dituzte finalean, eta aurten, nobedade bezala, Eskarabilera Saria aurkeztu du antolakuntzak. Publikoaren sariaren ordez sortu dute Eskarabilera Saria, eta irabazteko hautagai izango dira gutxienez kideen %50 emakumeak dituzten taldeak.

Lehiaketan parte hartzeko baldintzen artean daude, besteak beste: gutxienez taldeko kideetako bat Euskal Autonomia Erkidegoan edo Nafarroan jaioa izatea edo bertan bizitzea; Tokiko talde onenaren sarirako hautagai izateko, gutxienez taldeko kideetako bat Basaurin, Arrigorriagan, Galdakaon edo Laudion erroldatuta egotea; Eskarabilera Sarirako hautagai izateko gutxienez taldeko kideen %50 emakumeak izatea.

“2020a urte zaila izan zen kulturarentzat. Baita Rockeinentzat ere. Finala atzeratu behar izan genuen, izen-emate epea luzatu, gero itxiera perimetralak iritsi ziren. Hala ere, finala ospatu ahal izan genuen eta gonbidapen guztiak agortu ziren. Gainera, streaming bidez emititu zen finala. Uste dugu oinarri indartsua duten proiektuek soilik duten sendotasunari esker egin zuela Rockeinek aurrera hain urte korapilatsuan”, dio Asier Iragorri Basauriko alkateak.

Parte-hartze errokorrak urtez urte

2020an Rockeinek bere parte-hartze errekorra gainditu zuen bosgarren urtez jarraian, 169 parte-hartzailerekin. “Gainera, 2020ko azaroaren 20an Social Antzokian ospaturiko finalerako 250 gonbidapenak agortu egin ziren, finala itxiera perimetrala indarrean zen garaian ospatu arren”, diote antolatzaileek. Lehiaketak bikoiztu egin du parte-hartzea 2013ko lehen ediziotik.

Iaz Cecilia Payne taldeak irabazi zuen Rockein lehiaketa. Gaurko prentsaurrekoan aurkeztu ditu sariaren ondorioz ekoitzitako lanak, bost abestiz osatutako EPa eta ‘Sad Song’ abestiaren bideoklipa (Rockeinen sare sozial ofizialetan ikusgai dago). “Saria bera gauzatzea ez da errazagoa izan. Abesti berriak konposatzea, disko bat edo bideoklip bat grabatzea… ez dira lan errazak pandemia baten erdian egiteko, ezta atseginak ere. Horregatik egin nahi diegu aitortza hori gaur hemen gurekin dugun Cecilia Payne taldeari; euskarazko bandarik onena izan zen Addar taldeari; eta grabaketa estudioari zein bideokliparen errealizadoreari, hilabeteotako lan guztiagatik. 2021ean hazten jarraitu nahi dugu eta Rockein hortxe egongo da talentuak musikaren munduan bidea egiten jarrai dezan”, dio Iragorrik.

Basauriko Udalak antolatzen du Rockein musika lehiaketa, Arrigorriagako, Galdakaoko eta Laudioko Udalen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak