Aspaldian ez da Basaurin aritu, eta MAZera etortzeko gogoz agertu da. Ikasle garaian, bi urtez Pozokoetxen bizi izan zen, eta hango etxeko sukaldean abestu zizkion lehen aldiz Atxagari haren poemekin egindako kantuak.
Ruper Ordorika (Oñati, 1956) musikaria Basaurira itzuliko da maiatzaren 23an Musika Alternatiboaren Ziklora (MAZ). GEURIA berarekin solasean ibili da kontzertua eman aurretik.
Zer suposatzen du zuretzat MAZ Basauri jaialdian kartel-buru izateak?
Egia esan, Basaurin jo ahal izatea oso garrantzitsua da niretzat. Aspaldian ez naiz Basaurin aritu, eta hori da burura etortzen zaidan lehenengo erantzuna. Garai batean asko jotzen genuen Social Antzokian eta berriro itzultzeak poztasuna ematen dit.
Gainera, Audience talde gernikarrarekin elkarbanatuko duzu eszenatokia…
Bai. Lehendik ezagutzen dudan taldea da. Noizbait elkarrekin jo izan dugu eta gustura elkarnabatuko dut eszenatokia MAZ Basaurin, noski.
MAZ Basaurira hurbilduko direnek zer ikusiko dute Ruper Ordorikaren kontzertuan?
‘Lurrean etzanda’ azken diskoa ardatz hartuko dugu, baina gu harantzago goaz: beste disko eta saio ezberdinetako abestiak ere joko ditugu.
Basaurin bizi izan zinen orain zenbait urte, ezta?
Hala da, bai. Urte asko pasatu dira geroztik eta seguru nago Basauri oso aldatua dagoela. Unibertsitatean nenbilenean Bilbon, Pozokoetxeko auzoan bizi izan nintzen bi urtez.
Eta bi urte horietan euskara irakasle lanetan ibili omen zinen…
Pozokoetxen antolatu ziren euskara eskola batzuk ematen aritu nintzen unibertsitateko ikasketak egiten nituen bitartean. Lagun batekin batera irakasten nuen euskara gure kabuz, inolako erakunderen parte izan gabe.
Nola gogoratzen dituzu garai haiek Basaurin?
Oso giro gatazkatsua bizi genuen: langile mugimendu oso indartsua zegoen Basaurin eta jende askok lotzen zituen askatasun gogo horiek euskal munduarekin. Gaur egun hori asko aldatu da.
‘Hautsi da anphora’ zure lehenengo diskoak harremana omen dauka Basaurirekin…
80. hamarkadaren inguruan Bernardo Atxaga Bilbora bizitzera etorri zen. Orduan guztiz ezezaguna zen, baina nik ezagutu nituen bere poema batzuk eta pare bat musikatu nituen. Pott Bandaren hasieretan (1980) harremanetan jarri ginen eta bertan esan nion bere poema batzuei musika jarri niela. Ez nizkion erakusten, baina egun batean Basaurin azaldu zen Atxaga eta Pozokoetxeko nire etxean, sukaldean, abestu nizkion. Diskoa bera Galdakaon grabatu nuen.
Wikipediak dioenez, “euskal musikari berritzaile eta nazioartekoa” zara, baita “euskal kantagintzak eman duen bakarlaririk enblematiko eta gorenetakoa” ere. Horrela ikusten duzu zure burua?
Ez dakit nire burua nola definitu ere! Neure eginkizunari, neure hariari tiraka nabil hasieratik eta berdintsu ikusten dut nire burua, baina egia da denborarekin beste era batera hartzen zaituztela eta horrek gehiago konprometitzen zaituela. Ahal bezala ibiltzen gara gu eta Wikipediak bereak egiten ditu.
Aurten 35 urte beteko dituzu musikaren munduan. Zein hausnarketa egiten duzu?
Lehenengo diskoak sortzeko denbora gehiago behar izaten nuen eta azkenengo diskoa, ‘Lurrean etzanda’, urtebetean egin nuen. Egia esan, lan handiak izan dira lehenengo urteetakoak. Egun, diskoko lehendabiziko kontzertuak egin eta geroko tartetxoan nabil eta nik uste dut laster hasiko naizela gogo berriekin gauzak egiten. Hala ere, zuzeneko emanaldiak berpizkunde bat dira niretzat eta asko disfrutatzen ditut.
Nola azalduko zenuke, laburrean, disko bat sortzeko prozesua?
Kantuak gehienetan bakarka ontzen ditut, nire etxean normalean. Gero, badut azkenengo urteetan ohitura bat, niretzat oso ederra dena: neure antzinako baxujole batekin, Alberto de la Casarekin, elkartzen naiz. Formak ematen dizkiegu abestiei musikarekin.
Nik beti esan dut boxealariek borrokatzeko sparring bat behar duten bezala, musika benetan beste batek entzuten duenean osatzen dela. Hau da, zu bakarrik zaude, kantutxo bat egiten duzu eta beste bati abesten diozunean gauzatzen da benetan hori.
Gaur egun, euskal musikaren eszena nola ikusten duzu?
Galdera zaila erantzuteko. Nire ustez, oso oparoa da euskal musika. Joera askotako musikariak eta abeslariak daude, baina testuinguru oso gatz batean: gero eta ate gehiago ixten zaizkio musikan ikasi eta sakondu nahi duenari. Kultura alor guztietan igarri da hori eta testuingurua oso zaila egiten zaio musikariari, baina artean ateratzen dira proposamen berriak eta oraindik uste dut eskaintza oparoagoa dela eskaera baino.
