Sareak

☉ Basauri

[Sakonean] Mitologiaz dantzan

Ekaitza Dantza Taldea deseginda, Antzart Dantza Taldea eratzea erabaki zuten zenbait kidek. Nortasunaren Bila azkenengoz antzeztuko dute abenduaren 11n.

|

basauri antzart dantza taldea 2016 nortasunaren bila argazkia koldo fernandez

2005eko apirila zen Basaurin Antzart Dantza Taldea sortu zenean. Gaur egun entzungai diren musika estiloak lantzen dituzte euren ikuskizunetan eta dantza ikuskizunetatik aparte, alternatiba ugari bilatzen dute taldekideek.

Dantzariak ginen eta ikusten genuen dantza ikuskizunak beti zirela garaikideak, klasikoak edota euskal dantzak. Orduan, erabaki genuen buelta bat ematea dantzaren munduari”, dio Eneko Amezketa Antzart Dantza Taldeko kideak: “Rocka eta musika modernoarekin ikuskizun berri bat sortzea pentsatu genuen. Musika mota hau betidanik dantzatu izan dugu, baina ez genuen tankera horretako emanaldirik kalean ikusten”.

Denborak aurrera egin ahala, taldekide kopurua aldatzen joan da eta gaur egun 12 kidek osatzen dute Antzart Dantza Taldea. “Taldekide gehiago ere izan gara, baina bestelako helburu eta zereginak tarteko, 12 gara orain”, dio Enekok. Gehienak Basaurikoak dira, baina inguruko herrietako taldekideak ere badaude, “esate baterako Bilboko eta Barakaldoko dantzariak daude taldean”.

Sorrera Ekaitzatik

Gazte talde batek Ekaitza Dantza Taldea sortu zuen orain dela urte mordoska bat: “Antzart taldearen aurrekaria zela esan genezake”, dio Amezketak: “Gaur egun Antzart osatzen dugun askok ibilbidea hasi genuen Ekaitza Dantza Taldean”.

Dantzatzea asko gustatzen zitzaien lagun talde bat bildu zen: “Oso gazteak ginen Ekaitza Dantza Taldea sortu genuenean eta esan genezake hobby moduan hartzen genuela bertakoa”, dio Amezketak.

Hala ere, hobby hori profesionalizatzea erabaki zuten Ekaitza taldeko hainbatek eta dantza munduan ibilbidea egiteko asmoarekin eratu zuten Antzart Dantza Taldea. “Ekaitzako zenbait taldekidez gain, dantzaren inguruan mugitzen zen jendea batu zen Antzarten proiektu berrira”.

Nortasunaren Bila

Antzart Dantza Taldearen proiektu nagu- sien artean Nortasunaren Bila ikuskizuna dago. 2005eko ekainaren 24an emanaldiaren estreinaldia egin zuten Balmasedan, taldea eratu eta bi hilabetera.

Euskal musikarekin egindako ikuskizuna da ‘Nortasunaren Bila’. Musika da ikuskizunaren alderik nabarmenena, baina off ahotsean grabatutako narrazio tartea ere badago. Itziar Ituño aktore basauriarrak eta lagunak lagundu zigun horretan”, dio Eneko Amezketak: “Hala ere, dantzaren bitartez kontatzen dugu istorio guztia, noski”.

Euskal Mitologiari buruzko ipuin bat kontatzen du ikuskizunak, Enekok berak asmatutakoa. Era berean, koreografia taldekide guztien artean sortu dute eta jantziak Amezketaren izeko batek prestatu ditu.

Ikuskizunaren mamia zein den galdetuta, Amezketak dio istorioa “oso sinplea” dela, “jende guztiak ulertzeko modukoa, nahiz eta euskaraz ez jakin”. Kontakizunaren protagonista Izaro da, “gure auzolaguna izan daitekeen edozein neska. Bere kultura ezagutzeko helburuarekin, baso miresgarri batean murgiltzen da eta bertan pertsonaia ezberdinak ezagutzen ditu. Pertsona horiek informazio berezi batzuk ematen dizkiote Izarori eta horri esker ulertzen du nondik datorren -eta gatozen-”.

Gaztetxetik Biarte Eskolara…

Hasiera batean Txarraska Gaztetxea dagoen eraikinean egiten zituzten entseguak. “Udalak aukera eman zigun Basconia lantegiko bulegoak eta aurretiko Arizko Ikastola zenaren eraikinean entseguak egiteko eta orain gutxira arte bertan izan gara”, dio Amezketak.

Izan ere, orain lekuz aldatzen ari dira, Musika Eskola dagoen eraikinera hain zuzen ere. “Oraingoan ere, Udalak aukera eman digu Musika Eskolako lokal batean guk erabiltzen ditugun material guztiak gordetzeko. Eta, entseguak Biarte Dantza Eskolan egiten ditugu”.

…eta, Basauritik Mundura

Ikuskizun gehienak Euskal Herri mailan eskaini dituzte, baina gure mugetatik kanpo ere lau haizeetara zabaldu da Antzart Dantza Taldearen esentzia.

2008ko maiatzean Toledon aurkeztu zuten Nortasunaren Bila, Tea Festibalean (espektakuluak eta antzerki alternatibo, esperimentala eta garaikidea), eta urte bereko abuztuan Gironan erakutsi zuten ikuskizuna nazioarte mailako Fitag Festibalean.

Nortasunaren Bila Toledon plazaratu genuenean istorioaren o ahotsa gaztelaniaz egin behar izan genuen. Gironan, aldiz, euskarazko bertsioan aurkezteko esan ziguten, nazioarteko jaialdi bat delako eta bertara Mundu osoko hizkuntzak eta kulturak eramaten dituztelako”, dio Amezketak.

Anekdota moduan Enekok dio Gironako publikoari “izugarri” gustatu zitzaiola ikuskizuna eta Antzart Dantza Taldeko kideak “zur eta lur” gelditu zirela. “Ez genuen horrelako harrerarik espero eta genituen itxaropen guztiak gainditu zituen hango publikoak. Benetan, liluratuta geratu ginen bertako publikoak zeinen ondo hartu zuen gure ikuskizuna!”, dio Amezketak, oraindik ere bizi izan zutenaz txundituta.

Iratxoen kondairak

Nortasunaren Bila espektakuluaz gain, beste aktuazio berri bati ekin zion Antzart Dantza Taldeak 2009an: ‘Iratxoen kondairak’. Pertsonaia mitologikoei buruzko istorioak kontatzean datza ikuskizuna, ume txikiei zuzendutakoa eta antzerki formatuan.

Nortasunaren Bila ikuskizunean erabiltzen ditugun musika eta pertsonaiak erabiltzen ditugu ‘Iratxoen kondaira’ kontatzeko. Besteak beste, Anbotoko Mari, Basajaun eta Tartalo bezalako pertsonaien istorioetan sakontzea da helburua eta modu ludiko batean umeei helaraztea”, dio Amezketak.

2009ko abenduaren 8an proiektu honen aurreaurkezpena egin zuten Arrankudiagan eta hurrengo egunean estreinaldi nagusia eskaini zuten Zamudion. Hortik aurrera, zenbait eskoletan aurkeztu dute Iratxoen kondaira. Hala nola, Basozelai-Gaztelu eskolan 2013ko apirilean.

Agurra antzokian

Abenduaren 11n, Basaurin Be Bagara jaia ospatuko da Social Antzokian. Aurten arratsaldeko saioa izango da eta jardueraz beterik egongo da programa. Tartean, Antzart Dantza Taldearen Nortasunaren bila ikuskizunaren despedida izango da. “Agur esango diogu ikuskizunari eta datozen urteetarako beste proiektu batzuetan murgilduko gara”, dio Eneko Amezketa Antzart taldeko kideak. Gauzak horrela, 22. ikuskizunarekin batera, Nortasunaren Bila lana agurtuko dute hamaika urtez han eta hemen taula gainean ibili ondoren.

Argazkia: Koldo Fernandez

☉ Basauri

Basauri Bonua kanpaina berria martxan izango da apirilaren 22tik maiatzaren 19ra arte

|

Bi bonu mota igorriko dituzte: bata 4 eurokoa, bezeroek 6 euro gastatu ahal izateko; eta bestea 10 eurokoa, 15 euro gastatzeko // Geuria

Basauri Bonua kanpaina berria abiaraziko du Udalak apirilaren 22tik maiatzaren 19ra bitartean. Guztira herriko 140 saltoki atxiki dira kanpainara, iaz baino zazpi gehiago.

Aurreko urteetan bezala, bi bonu mota igorriko dituzte: bata 4 eurokoa, bezeroek 6 euro gastatu ahal izateko; eta bestea 10 eurokoa, 15 euro gastatzeko.

Aurrekoetan bezala, bonuak ez dituzte formatu fisikoan aterako. Bonuak kanpainari atxikitako establezimenduetan eskuratu behar dira, eta gehienez ere 60 eurora arteko bonuak erosi ahal izango dira NAN/IFZ/AIZ bakoitzeko. Ezin izango dira diru-truke aldatu eta, erabiltzen ez badira, ez da dirua itzuliko.

Kanpainara atxiki diren establezimenduen zerrenda apirilaren 22an bertan publikatuko dute bono.basauri.eus webgunean. Hala ere, saltoki bakoitzak Basauri Bonua identifikazio-eranskailua izango du.

100.000 euro gehiago

Basauriko Udalak 300.000 euro bideratu ditu aurtengo kanpainara, iaz baino 100.000 euro gehiago.

“Guztira 300.000 euro bideratuko ditugu ekimen honetara, baina udalerrian izango duen inpaktu ekonomikoa askoz ere handiagoa izango da, bezero bakoitzak bonua eskuratzean eta erosketa egitean ordaintzen duen kopurua gehitu behar baitzaio kopuru horri”, diote udal ordezkariek.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauriko Meeting Probak maiatzaren 5ean izango dira Artunduagako kiroldegian

|

Proba Nazioarteko Batzorde Paralinpikoaren Nazioarteko Atletismo Egutegian sartuta dago // Geuria

Basauriko Meeting Probak maiatzaren 5ean, igandez, izango dira Artunduagako kiroldegian 09:00etatik aurrera. Aurten 26. edizioa da eta guztira 40 proba izango dira, tartean kategoria paralinpikokoak.

Izan ere, proba Nazioarteko Batzorde Paralinpikoaren Nazioarteko Atletismo Egutegian sartuta dago, eta, beraz, meetingaren emaitzek errekorretarako eta KPIren rankingerako balioko dute.

Basauriko Meeting Probetan parte hartzeko izena emateko epea zabalik dago apirilaren 21era arte. “Beharrezkoa da atletek, gidariek eta entrenatzaileek izena emateko inprimakia betetzea”, diote batzorde antolatzailetik.

Meetinga Basauriko Merkatari Elkarteak antolatzen du, Udalaren laguntzarekin.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Basauri metro geltokia itxi dute “sute txiki” batengatik

|

basauri metro bilbao 2016 bost urte
Basauriko metro geltokia // Artxiboko irudia, Geuria

Arazo teknikoak direla eta, Etxebarri eta Basauri geltokien artean zerbitzua eten egin du Metro Bilbaok. Gainera, Basauri geltokia itxita egongo dela adierazi dute, “beste abisurik eman arte”.

Suhiltzaileek jakinarazi dutenez, “sute txiki bat” piztu da metro trenaren gainean, eta adierazi dutenez Metroko langileek eurek amatatu dute.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Thailandian gaixo dagoen basauriarra ekartzeko hegazkin medizalizatua prestatzen ari dira

|

Alex Garcia, Usoa Martinez bere emaztearekin batera //

Alex Garcia Galas basauriarra (Basauri, 36 urte) pankreatitisak jota gaixorik dago Bangkokeko (Thailandia) ospitale batean.

Otsailaren 25ean ospitaleratu zuten Zainketa Intentsiboetako Unitatean (ZIU) eta ordutik bere senideak Euskal Herriratzeko ahaleginetan dira.

Alexen ingurukoek zabaldu dutenez, familiak, “etsi-etsian”, hegazkin medikalizatu bat kontratatu zuen bertara ekartzeko, baina ez zioten hegan egiten utzi, “barne-odoljario larria izateko arriskua” baitzegoen.

Familiak 221.000 euro jarri zituen hegazkin medikalizatu hori kontratatzeko, baina ezin izan dutenez erabili, diru hori galdu dute.

Gauzak horrela, crowfunding kanpaina bat abiarazi dute Alexen lagunek eta senideek. Momentuz 91.371 euro bildu dituzte.

Defentsa Ministerioarekin harremana

Alexen senideak Margarita Robles Defentsa ministroarekin harremanetan jarri ziren aste hasieran eta horrek egoera aztertuko zuela adierazi zien.

Orain, Eitb-k jakinarazi duenez, Defentsa Ministerioak baieztatu du pankreatitisa duen gaztea Espainiaratzeko (Madrilera eramango lukete) hegazkin medikalizatua prestatzen hasi direla, baina oraingoz ez dutela datarik zehaztu.

Diru bilketa Basaurin

Estatuko zein Euskal Herriko hainbat herritarrek dohaintzak egin dituzte. Momentuz 91.371 euro bildu dituzte eta asmoa da 221.000 eurora iristea.

Basaurin El Maño Basozelaiko Auzo Elkarteak kanpaina bat jarri du martxan dirua biltzeko: “Basozelaiko Auzo Elkartetik gure babesa adierazi nahi diogu gure bizilagun Alexen familiari eta datozen egunetan zehaztuko ditugu egingo ditugun ekitaldi solidarioak”, diote.

“Basozelaiko saltokietan itsaulapikoak jarriko ditugu Alexen familiari dohaintzak egiteko, eta diru-sarrerak egiteko kontu-zenbaki bat zehaztuko dugu”, adierazi dute.

Osorik irakurri

☉ Basauri

Ikastetxeetako jolastokiak ikuspegi feministarekin eraldatzeko prosezua hasi dute Basaurin

|

Apirilaren 23an egingo dute mahai-inguru irekia / Geuria

Ikastetxeetako jolastokiak ikuspegi feministarekin eraldatzeko prozesua hasi dute Basaurin. Horretarako Udaleko Berdintasun Arloak jardunaldi bat antolatu du eskoletako jolastokiak ikuspegi feministarekin eraldatzearen garrantziari buruzko gogoeta bultzatzeko.

‘Patioetan hamaika aukera. Jolastokiak konpon eta berdintasuna lor’ lemapean, apirilaren 23an mahai-inguru ireki bat antolatu dute Basauriko Udalak eta Marieneak 1era2kain egitasmoaren barruan.

Jardunaldia Ibaigane Kultur Etxean izango da 17:30etik 20:00etara bitartean, eta Basauriko jolastokiak eraldatzeko prozesuan parte hartu duten Lehen Hezkuntzako ikastetxeen esperientziak aurkeztuko dituzte, “haien zailtasun, erronka eta aukerekin”.

Ildo horretan, etorkizuneko erronkak jasoko dituzte “eskola-ingurune inklusibo, genero-estereotiporik gabekoa eta ingurunearen eta pertsona guztien zaintzaz arduratutako baterantz urratsak egiten jarraitzeko”.

Jardunaldian parte hartu nahi duten herritarrek izena eman behar dute esteka honen bitartez edo 605 173 119 telefono zenbakira deituz apirilaren 22a baino lehen.

Osorik irakurri