→Basauri

San Migelen doako 35 aparkaleku eraikiko ditu Udalak, 120.000 euroko aurrekontuarekin

Udalbatzak 2020ko aurrekontua onartu du, EAJren eta PSEren aldeko botoekin. Aurten 55,2 milioi euro izango ditu Basaurik eta inbertsioetara bi milioi euro bideratuko dituzte

Parkinga eraikiko duten lur-eremua / Google Maps

Basauriko Udalak 55 milioi euroko aurrekontua onartu du, 2019koa baino % 3,2 gehiago. Herriko parkeak eta argiteria berritzea, auzo eta bide publikoak eraberritzea eta doako aparkaleku berri bat eraikitzea dira inbertsiorik nagusienak. “Herritarren egunerokotasuna eta bizi-kalitatea hobetzea dute helburu kontu hauek. Auzoak berritzeaz eta eskuragarriago egiteaz arduratuko dira, aisialdirako eremuak eta herritarren segurtasuna hobetzeaz, aparkatzeko aukerak zabaltzeaz eta, aldi berean, gizarte-politiketarako eta enplegurako partida ekonomikoak handitzeaz”, dio Asier Iragorri alkateak.

Aparkaleku falta da basauriarrek gehien sufritzen dutena. Hori dela eta, doako aparkaleku bat eraikiko dute San Migelen, futbol zelaiaren eta Renfe geltokiaren ondoan. “Aparkaleku falta arazo historikoa da Basaurin, eta, ahal dugun neurrian irtenbideak ematen saiatzen gara, eraikin dentsitate handia eta espazio libre gutxi dituen herri batean dugun marjinaren arabera”, dio Iragorrik. Proposamen horretara 120.000 euro bideratuko dituzte eta 35 aparkaleku izango ditu.

Bestetik, partida ekonomiko garrantzitsuenetako bat haurrentzako parkeak berritzera bideratu du Udalak. Izan ere, ia milioi erdi euro erabiliko dituzte Basauriko parkeak hobetzeko. Nabarmentzekoa da zenbatekorik handiena, 360.000 euro, Uribarriko hareazko parke berrira bideratuko dutela. Haurrentzako jolas berriak ipiniko dituzte eta estalki bat ere jarriko dute. Halaber, 108.000 euro erabiliko dituzte Bizkotxalde parkea osorik birmoldatzeko proiektua idazteko, “modu atseginago eta eskuragarriagoan egin ahal izateko”, dio Iragorrik.

OPOSIZIOAREN ZUZENKETAK ONARTUTA. Basauriko udal gobernu taldeak (EAJ-PSE) gehiengoa du udalbatzan. Hala ere, oposizioaren zenbait emendakin onartu eta 2020ko aurrekontuan txertatu dituzte, 147.000 euroko zenbatekoarekin. EH Bilduren zuzenketa hauek onetsi dituzte: Artunduagako kiroldegiaren eta bolatokiaren ingururako sarbidea berrantolatzea (20.000 euro), Uriarte kalean oinezkoentzako lehentasuna seinaleztatzea (3.000 euro), Arizko Tximeleta ludotekaren aurrean baranda bat edo segurtasuna prebenitzeko beste sistema bat jartzea (1.000 euro), Zuberoa parkea berritzea (40.000 euro) eta Arizko Dorretxearen ingurua hobetzea (3.000 euro). Era berean, Elkarrekin Podemosen zuzenketa hauek onartu dituzte: informazio-panel bat jartzea (15.000 euro), udal-eraikinetan estalki berdeak jartzea (15.000 euro) eta anbulatorioko txandakako aparkalekuan auto elektrikoak kargatzeko puntu bat jartzea. Larrazabalen oinezkoen pasabideak eta argiztapena hobetzeko zuzenketa ere sartu dute aurrekontuan, oposizioko bi alderdiek proposatuta (40.000 euro). EAJk eta PSEk aurrekontu orokorren alde bozkatu zuten eta PPk, Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk kontran.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak