→Basauri

Sei urteko kartzela zigorra ezarri diote Basauriko futbol entrenatzaileari haur bati sexu abusuak egiteagatik

Urriaren hasieran egindako epaiketaren azken saioa / Geuria

Basauriko futbol entrenatzaile ohiaren auziak badu epaia: sei urteko kartzela zigorra, 40.000 euroko isuna, urruntze-agindua eta zaintzapeko askatasuna. Hau da Bizkaiko Auzitegiaren epaia. Oro har, fiskaltzak eskatutakoa onartu du epaileak, aldaketa bakarra egin du: kalte ordainak 80.000 euroko eskakizunetik erdira jaitsi ditu. Hortaz, epai honekin frogatuta geratzen da Basauriko futbol-entrenatzaile ohiak adingabe bati lau urtez jarraian abusuak egin zizkiola.

Kartzela zigorraz gain, auzitegiak debekatu egin dio biktimaren etxera, ikastetxera edo 200 metro baino gutxiagoko distantziara hurbiltzera, baita biktima askotan egon daitekeen lekuetara hurbiltzea ere. Gainera, ezingo du biktimarekin hamar urtez komunikatu, edozein bide edo prozeduraren bidez.

Halaber, adingabeekin harreman zuzena eta jarraia duten lanbideetan desgaikuntza berezia ezartzen dio epaiak. Futbol-entrenamenduetarako bederatzi urteko desgaikuntza ezarri dio. Sufragio pasiborako eskubidea sei urtez kendu dio epaileak.

Basauriko futbol entrenatzailearen abokatuak sententziaren kontrako errekurtsoa jarriko duela jakinarazi du EITBk. Bizkaiko Auzitegiak eman du epaia Basauriko futbol entrenatzaile ohiaren kontrako auzian, adingabe batek 2019an jasandako sexu abusuen salaketa egin ondoren.

Urrian egindako epaiketan, auzipetuak akusazioak ukatu zituen ahozko saioaren lehen saioan. Akusazioak epaiketan adierazitakoaren arabera, frogek “sinesgarritasuna” ematen diote biktimaren testigantzari. Biktimak 15 urte ditu gaur egun, eta abusuak 8 eta 12 urte bitartean zituenean jasan zituela salatu zuen.

Epaiketaren azken saioan honakoak izan ziren fiskaltzak emandako argudioak: “Kargu nagusiaren froga biktimaren deklarazioa da, baita duela urte batzuk sexu abusuak jasan zituen gainerako lekukoen testigantzak ere. Azken testigantza horiek preskribatuta egon arren, adingabeak kontatutakoarekin paralelismo argia dago: familiarentzako pertsona hurbila, gurasoekiko harreman estua, abusu berak, elkarrekiko masturbazioak, ingurune berdina akusatuaren etxean, abusuak denbora luzez ematen ziren edota biktimen adin berdina, hots, 8 eta 12 urte bitartean. Adingabearen deklarazioa indartzeko balio dezaketen datuak dira”.

Era berean, biktima adingabearen abokatuak elementu bat nabarmendu zuen: lantalde psikosozial judizialak egindako peritu-txostena, alegia. “Bi ondorio atera ditugu: alde batetik, psikologoek sinesgarritasuna ematen diote adingabearen bigarren deklarazioari, eta bestetik, adingabearen afekzio psikologikoa ere aintzat hartu dute. Lau urtez abusuak jasan ditu biktimak, astero. Guztira 200 abusu baino gehiago dira, eta horrek ondorio sendaezinak izango ditu biktimaren bizitza osoan”, esan zuen Ibon Infante biktimaren abokatuak, zeinak zortzi urteko zigorra eskatzen duen. Halaber, 85.000 euro eskatu zituen erantzukizun zibilagatik, baita zaintzapeko askatasuna eta urruntze agindua zigorra bete ondoren ere.

EPAIKETAREN NONDIK NORAKOAK. Testuinguruan jartzeko, adingabeak lehen deklarazioa egin zuenean ukatu egin zituen sexua abusuak jasan zituela. Honako azaldu zuen fiskalak: “Ukapen hori justifikatuta dago. Lotsagatik, erruagatik, erasotzailearen beldur izateagatik edo familiaren erantzunaren beldurragatik. Gogora dezagun adingabeak 8 eta 12 urte zituela abusuak jasan zituenean, eta deklarazioen arteko desberdintasunak biktimak bere erasotzailearekin harreman oso emozionala zuelako gertatu zirela. Ez da erraza salaketa jartzea, normala da salaketa jartzeko denbora behar izatea. Normala da adingabeak gertatutakoa ukatzea lehen unean”.

Akusatuaren abokatuak, aldiz, J.I.B.B. libre uztea eskatu zuen: “Epaileak kontuan hartu behar du adingabearen lehen deklarazioa, akusatuak sexu-abusuak egin zizkiola ukatu baitzuen. Bigarren deklarazioa egiten duenean eta abusuak jasan dituela esaten duenean, ikasitako diskurtsoa da. Bere amaren eta Pepe Godoyk argitara atera dituen bideoen eraginpean egin ditu adierazpenak”, esan zuen Javier Beramendi akusatuaren abokatuak.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak