Maiatzaren 24an udal eta Batzar Nagusietarako hauteskundeak ospatuko dira. Basaurin sei alderdi nagusi aurkeztuko dira: EAJ-PNV, PSE-EE, EH Bildu, PP, Irabazi Basauri eta Basauri Bai. Hona hemen hautagai bakoitzaren profila:
ANDONI BUSQUET – EAJ-PNV
Adina: 48 urte
Ikasketak: Pedagogian lizentziatua eta Heziketa Sozialean diplomatua
Hizkuntzak: euskara eta gaztelania
Oraingo alkateak aitortu du alkatetzara aurkeztu zen lehen aldian ilusioz beteta bazegoen ere, “une honetan ilusio hori bikoiztu egin da hainbat jarduera estrategiko jarri ditugulako martxan, eta oraindik kudeaketa lan eraginkor eta gardena behar dute eta errealitatez eraikitako politika, egitasmo horiek guztiak garatu ahal izateko“. Lau urte hauetan ere, udalerriko elkarte eta taldeekin etengabeko harremanaren bidez, EAJren udal taldeak herritarren parte hartzea bultzatu izan du etengabe bere gobernuaren jardunean.
SORAYA MORLA – PSE-EE
Adina: 43 urte
Ikasketak: Ikerketa Pribatua ikasten UNED bidez
Hizkuntzak: gaztelania
Kultura zinegotzia Loly de Juanen udal agintean. Egun, Basauriko talde sozialistaren Antolakuntza idazkaria. “Ilusioz eta lan egiteko gogo handiekin” aurkezten da 2015eko udal hauteskundeetara. “Lau urte hauetan Basaurik ez du hobekuntza nabarmenik izan eta kulturan eta aisialdian murrizketak izan ditu”. Horren aurrean, “Herritarren kontratua” martxan jarri nahi du: Basauriko BEZ kulturala %21etik %5era murriztu eta diferentzia bonoekin ordezkatu, doako WiFi sarea eratu eta herritarrentzako bulegoak sortu: ustelkeriaren kontrakoa, funtzionarioen defentsakoa eta desjabetzen aurkakoa.
NATALIA GARDEAZABAL – EH Bildu
Adina: 47 urte
Ikasketak: Ingeles Filologian eta Historian lizentziatua
Hizkuntzak: euskara, ingelera eta gaztelania
Bere lan politikoa emakumeen eskubideen defentsa aktiboarekin eta borroka feministarekin egon da bideratuta. EH Bildu Basauri koalizioaren programak “puntuz puntu” izena hartu du, helburua Basauri puntuz puntu eraldatzea delako. Horretarako, herritarren zein elkarteen eta erakundeen proposamenak hartuko dituzte kontuan.
GABRIEL RODRIGO – PP
Adina: 39 urte
Ikasketak: Zuzenbidean lizentziatua eta Hiri-Zuzenbidean diplomatua
Hizkuntzak: gaztelania
Iurretako Udalean zinegotzia (2003-2007), Arrigorriagako Udalean zinegotzia (2009) eta Trapagako Udalean PPko bozeramailea (2011-2015). “Basauriko PPren helburu nagusia langabezia tasa murriztea izango da, baita herriko merkataritza sustatzea, hirigunea sendotzea, periferiako auzoekin konexioak lantzea eta Pneumatikoak Jasotzeko Programa (2007-2011) berreskuratzea”.
JESUS SACRISTAN – IRABAZI BASAURI
Adina: 41 urte
Ikasketak: Batxillergoa eta Bigarren Mailako Heziketa Profesionala
Hizkuntzak: gaztelania
Herriko hainbat arlotan pertsona aktiboa. 1995etik aurrera Ezker Anitza talde politikoan ekintzailea. Irabazi Basauri alderdiaren punturik nabarmenenak: “Gardentasuna eta herritarren partaidetza, euskararen normalizazioa administrazio publikoan, garraio publikoaren eta bizikletaren erabilera bultzatzea, enplegu egonkorrak lortzea, etxebizitzen alokairua sustatzea eta desjabetzaren kontrako plataformekin harremanak indartzea, besteak beste”.
SERGIO RECIO – BASAURI BAI
Adina: 39 urte
Ikasketak: Kimikaria eta Bide-segurtasun irakaslea
Hizkuntzak: gaztelania
Reciok dioenez, “urteetan zehar ikusi dut nola Basauri pixkanaka-pixkana gainbeheran joan dela, batik bat udal gobernuek eraginda. Horrek alarma egoeran jarri du gizartea”. Horren aurrean, Basauri Bai alderdia gobernatzeko prest agertu da, “gardentasunez, herriko jendearekin eta bizilagunen proposamenak kontuan hartuta, bilkura eta etengabeko debate irekiak antolatuz”.
