Pasabide berria eraikitzeko lanak zortzi hilabetez luzatuko dira. Urbi kaleko 45.ean hasiko da eta, Nerbioi ibaia zeharkatuz, Oleta kalera helduko da, ibaiaren arroa oztopatu gabe.
Basauriko Udalak oztopo arkitektonikoak kentzeko beste ahalegin bat egin du: hilabete bukaeran Urbi eta Ariz auzoak elkartuko dituen pasabidearen obrak hasiko dira, udara arte luzatuko direnak. Azpiegitura honek lau metroko zabalera izango du eta iraupen luzea duen eta mantentze lan gutxi eskatzen duen materialez egingo da. Ezkerreko ertzean arrapala bat egitea ere aurreikusten da, ibaiertzeko bideari jarraipena emateko eta, horrela, Kantabria eta Soloarte parketako bideak lotzeko.
Muntatze lanei dagokionez, obrek ez dute ibaiaren arroa oztopatuko. Pasabidea Arizko ertzean muntatuko da: zubia eratzen duten kaxak soldatzen eta desplazatzen joango dira. Arrabol batek pasabidearen iraulketari helduko dio eta Urbi auzoraino osatzen joan bitartean zubiaren pisua ere oratuko du. Hala kamioien trafikoa eta materialen pilaketa ekidingo da.
Pasabide berri honen helburuak “oinezkoentzako zirkulazioa erraztea eta Metrorainoko ibilbidea laburtzea dira”. Basauriko Udalak 859.936 euro inbertitu ditu. “Auzotarren eskakizunak hartu ditugu kontuan, 15 urte baino gehiagoko kontua baita haientzat”, adierazi du Andoni Busquet Basauriko alkateak.
