→Basauri

Zaintza lanak aitortzeko kontzentrazioa egingo dute gaur Basaurin

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zaintza arloko langileek greba eguna dute gaur. Basaurin kontzentrazioa deitu dute arratsaldean.

Besteak beste, zaintza-sistema unibertsala, publikoa eta doakoa aldarrikatu dute // Geuria

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zaintza arloko langileek greba eguna dute gaur. Besteak beste, zaintza-sistema unibertsala, publikoa eta doakoa, profesional gehiago kontratatzea, sektoreko genero-arraila gainditzeko eta zaintzaren gizarte- eta produkzio-balioa aitortzeko neurri egokiak ezartzea, edota zuzeneko arretako eta bajan dauden langileen ordezkapeneko ratioak lehen egunetik hobetzea aldarrikatzen dituzte zaintza arloko langileek. Hego Uribe eskualdean, Basaurin kontzentrazioa deitu dute gaur 19:00etan San Pedro plazan.

“Nabarmen hobetu behar dira langileen lan baldintzak zaintza arloan, eta merezi duen bezala konpentsatu behar da nagusiki feminizatuta, eta ondorioz, prekarizatua dagoen sektore honek betetzen duen funtsezko eginkizuna”, diote LAB sindikatutik. ELA sindikatuak ere babestu egiten du gaurko greba eguna. Sindikatuek instituzioei eskatu diete egungo zaintza-eredua alda dezaten, “negozioan oinarritzen baita, eta ez pertsonengan”. “Zaintzaren sektoreko profesionalen lan-baldintzak hobetzea ezinbestekoa da zaindu beharreko pertsonek arreta duina eta integrala izan dezaten bizitzako ziklo guztietan, jaiotzetik heriotzaraino. Zaintza-eredu horren oinarriak hurbiltasuna, kalitatezko tratua eta pertsonen autonomiarekiko errespetua izan behar dira”, diote ELA sindikatutik.

Martxoaren 4rako beste greba egun bat aurreikusita dago. “Borroka hau ez dagokie soilik bertako langileei. Zerbitzu hauen hartzaile garen heinean, guztioi dagokigu, irabazien ordez gure beharrak lehentasun izango dituzten zerbitzuen alde borrokatzea”, diote LABetik.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak