→Basauri

Zergatik erabaki du Osakidetzak Basaurin San Jose ikastetxeko gela bat ez isolatzea?

San Jose ikastetxea / Geuria

2020-2021 ikasturtea hasi zenetik, Euskal Autonomia Erkidegoko eskola guztiek dute Covid arduradun bat. Protokoloak horrela dio: ikastetxeko ikasle edo langile batek Covid19aren sintomak baditu, Covid arduradunari jakinarazi behar dio eta hori Osasun Sailaren arduradunekin jarriko da harremanetan kasu zehatz hori aztertu eta erabaki bat hartzeko.

Hego Uribe eskualdean badaude isolatuta dauden gelak, PCRan positibo eman duten irakasle eta ikasleak, eta astebeteko itxialdearen ostean berriro ikastetxera bueltatu direnak ere. Azken positiboetako bat Basauriko San Jose ikastetxean agertu da, hain zuzen ere, Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasle baten eman du positibo PCR proban.

“Orain dela astebete, ikasle bat ez zen eskolara etorri ondoezik zegoelako. Etxean geratu zen. Egunak aurrera, familiak erabaki zuen osasun zentrora eramatea. Bertan PCR proba egin zioten eta igandean jakin dugu emaitza positiboa dela. Hortaz, protokoloa martxan jarri dugu: Covid arduradunari jakinarazi diogu eta Osakidetzako osasun arduradunek erabaki dute ikaslea eta bere familia isolatzea, baina ikasgela ez. Arrazoiak: ikaslea PCRa egin baino astebete lehenagotik ez da ikastetxean egon, ez da gertuko kontakturik egon beste ikasleekin eta gure taldeak egonkorrak dira, hau da, ez dute beste ikasleekin kontakturik ez gelan, ez jantokian, ez jolastorduan. Esan beharra dago, osasun arduradunei dagokiela erabakia hartzea eta ez ikastetxeari”. Azken lerro hauek Jabi Etxeberria San Jose ikastetxeko zuzendariaren hitzak dira.

Ezkerrean, San Jose ikastetxeko atzeko atean baranda berria. Eskuman, autobus geltokia / Geuria

Tentuz eta arnasa sakon hartuz, baina ozen esandako berbak dira Jabi Etxeberriarenak. Izan ere, haserre agertu da gaur goizean komunikabide batek ateratako lerroburuarekin. “San Josen ez dago ez harridurarik, ez nahasmenik. Osasun arduradunei dagokie erabakia hartzea eta hartu dute. Guk guraso guztiak jakinaren gainean jarri ditugu”, azaldu du Etxebarriak: “PCRan positibo eman duen ikasleak ez du bere gelako ikasleekin kontakturik izan, ez du jantokian jaten, eta ikastetxearen protokoloa kontatutan hartuta, bera eta bere familia isolatzea erabaki dute osasun arduradunek, ez beste inor. Eta arrazoi beragatik gelakideei ez dizkiete PCR probak egingo. Positibo bat dagoen guztietan ez dute gela isolatzeko erabakia hartzen eta hori izan da San Jose ikastetxearen kasua”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak