→Basauri

Zurrumurruen aurkako estrategiak: “Bakoitzaren aurreiritziak zeintzuk diren ikasi behar dugu horiek saiheste aldera”

Basauriko Zurrumurruen Aurkako Estrategiak hainbat ekitaldi antolatzen ditu gizartean dauden estigma arrazistak desagerrarazteko. Aida Otxoa, Paula Garcia eta Pedro Agüerorekin izan gara.

Ezkerretik eskumara, Paula Garcia, Aida Otxoa eta Pedro Agüero / Geuria

[2020ko azaroan 26an paperean argitaratuko elkarrizketa] Zurrumurruen Aurkako Estrategia 2016an sortu zen Basaurin. Udalak bultzatutako ekimena da hau eta bere helburua gizartean erroturik dauden zurrumurru edo pentsamendu arrazistak desagerraraztea da. Aida Otxoa (Bilbo, 1988) sarearen bideratzailea, Paula García (Barakaldo, 1985) LHIEB Lanbide Hastapenerako Ikastegia Etxebarri-Basauriko orientatzailea eta Pedro Agüero (Caracas, Venezuela, 1975) kidea estrategiaren barruan daude. Sarean paper desberdinak jokatzen dituzten arren, hirurek euren onena ematen dute zurrumurru hauekin behin betiko bukatzeko. Oraindik lana egin behar dela iritzi dute hirurek, baina ematen ari diren pausoak norabide onean doazela uste dute.

Labur azalduta, zer da Zurrumurruen Aurkako Estrategia?
Aida Otxoa: Zurrumurruen Aurkako Estrategia, Basauriko Udaletik 2016an sortutako ekimena da, immigrazio sailak bultzatzen duena. Sarearen xedea, jatorria erbestean duten gure bizilagunekiko dauden zurrumurru, aurreiritzi eta estereotipoen aurka egitea da. Horretarako sarea administrazioak zein herritarrek eratzen dute, kultura arteko elkarbizitza plurala eratzeko asmoz. Hasieratik, gure helburua jendeak kolektibo hauekiko dituen pertzepzio negatibo eta faltsuak aldatzea izan da. Basauriko estrategiarekin hasteko, gai hau jorratzen zuten zer nolako entitate eta asoziazioak zeuden ikertu zen, eta zer nolako kolektiboak zeuden herrian. Honela, entitate ezberdinekin jorratu daitezkeen gaiak eta jarduerak prestatu daitezke. Gaur egun, jarduera hauek antolatzen jarraitzen dugu, baina horiei gehitu behar zaizkie gai zehatzen inguruan eskaintzen ditugun ikastaroak, hala nola, islamofobiaren inguruan.

Zurrumurruen aurka zer egin behar da?
A.O.: Abiapuntua gogoeta indibiduala da. Ulertu beharra dago zeintzuk diren bakoitzaren estigmatizazioak eta aurreiritziak eta hauek identifikatzen ikasi, gerora ekidin ahal izateko. Ez da sartu behar amaierarik gabeko eztabaida batean. Guztiok dauzkagu gure aurreiritziak. Zurrumurruen aurkako agente izateko gureak onartu behar ditugu eta aztertu nondik datozen aurreiritzi hauek. Izan ere, askotan, sentimenduetatik datoz. Beraz, estigmen arrazoi hauek identifikatzen ikasitakoan, aurreiritzi hauen aurka egiteko era identifikatzen da: emozio horien arrazoia aztertu eta handik eraiki. Datuak erabilita ez da hainbeste lortzen, beldurra bezalako emozioen inguruan mintzatzen ez bagara, baitago gehienetan aurreiritzi hauen atzean.

Pedro Agüero: Lortu behar dena gizartea sentikortzea da. Gurekin bizi diren bestelako kulturak ezagutzera eman behar dira estigmetan ez jausteko. Duela gutxi umeekin egindako jarduera batean egon nintzen, eta oso nabaria da gaian duten interesa. Hortik josten hasi behar da, hazia landatu behar da etorkizunera begira. Esan beharra daukat, nik pertsonalki, Basaurin ez dudala hainbesteko arazorik ikusten arrazismoa dela medio. Nik lan egiten dudan lekuan ez da ezberdintasunik nabari jaioterriagatik. Oso gizarte irekia daukagu hemen.

Paula García: Norbanakoek parte hartze aktiboa izatea da zurrumurruekin bukatzeko era. Adibidez, Whatsapp talde batean norbaitek komentario arrazista bat egiten badu ez utzi ezer gertatuko ez balitz bezala, atentzioa deitu behar da horrelako komentarioak ez errepikatzeko. Izan ere, ez bada ezer egiten horren parte zara, nahi ez izan arren. Hala ere, jakin behar da non egin hau. Sare sozialetan debate bat hasteak ez du pena merezi.

Lanbide Hastapenerako Ikastegian hainbat jarduera eramaten dituzue aurrera.
P.G.: Duela lau urte hasi ginen ikastegian Zurrumurruen Aurkako Estrategiarekin batera lan egiten. Lehenengo urtean zurrumurruen aurkako pintxo lehiaketa egin zen sukaldaritza taldearekin. Jarduera honek jadanik hiru edizio izan ditu, baina, tamalez, momentuz ezin izan da laugarrena ospatu bizi dugun egoera dela eta. Iaz, arte grafikoen tailerrean Zurrumurruen Aurkako Estrategiak duen logoarekin lan egin genuen. Aurten, musukoak egingo dira gai berdinarekin eta herriko saltokietan banatuko dira. Tailerra aurrera eraman baino lehen, formakuntza teoriko bat ematen zaie ikasleei jorratuko den gaiaren inguruan. Nire ustez herrian sortzen den sare komunitariora gazteak heltzea zaila da. Kosta egiten zaie horrelako ekimenetan parte hartzea. Beraz, ikastetxetik bertatik aurrera eramaten badira jarduerak, errazagoa da beraiek parte hartzea eta gaia ulertu eta barneratzea; gero, beraien ingurugiroan zurrumurruen aurkako agente izan daitezen.

Ezkerretik eskumara, Paula Garcia, Pedro Agüero eta Aida Otxoa / Geuria

Herri mailan hainbat jarduera antolatzen dituzue. Nola eragiten dute hauek gizartean?
P.A.: Jarduera hauei esker gauzak hautemateko era aldatzen da, nolabait. Nire kasuan, esaterako, noizbait gertatu izan zait norbaitek, min egiteko asmorik gabe, txisteren bat egitea. Ni orain konturatu egiten naiz horretaz eta moztu egiten dut. Duela gutxi, itzulpen lanetan egon nintzen Arrigorriagan errefuxiatu batzuei laguntzeko, frantsesa zekien norbait behar baitzuten. Goiz heldu nintzen eta gazte hauek ordubete geroago heldu ziren. Arrigorriagan gizon bat dago errefuxiatuei laguntza itzela ematen diena, beraien aitona izango balitz bezalakoa da, beti laguntzeko prest. Gizon honek txiste bat egin zuen esanez: “Afrikako orduarekin bizi dira gazte hauek”. Nik badakit ez zuela fede txarrez egin, baina, batzuetan esaten ditugun gauzak dira, eta baztertu egin behar ditugu.

Zein da zabalduen dagoen zurrumurrua?
A.O.: Sarean ez dugu uste zurrumurru bakar bat denik, baizik eta eremuen araberakoak dira. Zurrumurruak beti daude han, denok entzun ditugu noizbait. Gainera, konturatu gara oso ziklikoak direla: hedabideetan zerbaiten inguruan hitz egiten bada sasoi batean, aurreiritzi hori puztu egiten da gizartean.

P.G.: Nik berdin pentsatzen dut. Eraso bat jasotzen denean edo arazo bat dagoenean beti nazionalitatea esaten dizute. Hortik aurreiritzi bat sortzen da. Hau oso argi ikusten da diru-laguntzen gaiarekin. Pertsona batek iruzur egin duela plazaratzen denean estigma hori nazionalitate berdineko pertsona guztiei esleitzen zaie.

Aditu batzuen arabera, gure gizartean etorkinen irudi utilitarista bat daukagu.
P.G.: Egia da gure gizartean rol finko batean egongo balira bezala baloratzen ditugula etorkinak. Gure onerako lan egiteko egongo balira bezala.
A.O.: Sarean sentsibilizaturik gauden pertsonak egon arren, horrelako pentsamenduetan jausi gaitezke. Etorkinak justifikatzeko orduan, ekonomia suspertzeko beharrezkoak direla bezalako argudioek kutsu utilitarista dute, dudarik gabe. Eraiki behar dena ez da intereserako sortutako erlazio bat, baizik eta, berdintasunean erroa duena. Guztiok zerbait eskaintzen diogu herriari, era batean edo bestean.

Zer aldatu beharko litzateke gizartean ekintza arrazistak amaitu daitezen?
P.A.: Nire ustez arrazismoa ez da inoiz guztiz amaituko. Pertsonak gara eta gure izateko eran dago txertaturik. Beti egongo da alborapen bat eta talderen batek pairatu beharko du. Hobe hau ez balitz gertatuko. Horretarako daude horrelako ekimenak, hau gutxitzeko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak