Patinaje taldea da Basroller eta kirol eskaintzan pixkanaka bere lekua hartzen ari da bai Basaurin bai inguruetan. GEURIA Andres de Regil patinatzailearekin izan da patinajearen mundua hizpide hartuta.
2005. urtean hasi zen Andres De Regil (Galdakao, 1963) monitore lanetan Basauriko Artunduaga kiroldegian, patinaje modalitatean: “Abiatze-ikastaroan hainbat talde osatu ziren, haurrena zein nagusiena”. Teknikan eta praktikan hobekuntza ikusi ondoren, ikastaroetatik haratago joatea erabaki zuten hainbat lagunek eta patinaje elkartea sortzea pentsatu zuten, Basaurin eta inguruetan gurpil-kirola hedatzeko. Hori dela eta, 2007. urteko maiatzean eratu zen Basroller Kirol Elkartea.
Hastapen urteetan Basauriko herritarrek osatzen zuten taldea, baina inguruetako herrietan patinajea ez zegoenez oraindik hedatuta, Galdakaoko, Arrigorriagako edota Bilboko jendeak ere izena eman zuen Basroller-en.
Gaur egun, 70 bat kide daude federatuta -denak adinez nagusiak-: “Adin txikikoek ere lekua dute taldean, baina gure araudiaren arabera ezin dira elkarkidetu. Hori bai, etxeko norbait federatuta egonez gero, lotura estua du umeak Basroller-ekin”, dio De Regil kideak. Guztira, federatu zein ez, 85 lagunek osatzen dute Basroller. “70 urte ditu patinatzailerik helduenak. Europako hainbat txapelketetan parte hartu du bere kategorian, eta egia esan, oso patinatzaile ona da. Txikienak 10 urte izango ditu. Esan daiteke, adin-sorta oso zabala duela taldeak”.
IBILBIDEAK, ABIADURA, HOCKEYA ETA ESKOLA
Pertsona orori zuzendutako irteerak antolatzen dituzte, “normalean familia giroko eta gaueko irteerak”, baina gaur egun murriztu egin behar izan dituzte. Gehien antolatzen dituzten jardueren artean abiadura-irristaketa eta gurpil-lerroko hockeya daude. Andres De Regilen esanetan, “azken ekintza horretan talde bat sortu da eta astero partiduak izaten dituzte”. Abiadura-irristaketari dagokionez, txapelketetan hartzen dute parte taldekide gehienek: “Proba hauek gehiengoaren gustukoak dira. Lehiaketetan parte hartzeak asko erakartzen gaitu, nahiz eta oraindik denak oso profesionalak ez izan”.
Profesionaltasun hori hobetzeko asmoarekin, teknika lantzeko entrenamenduak egiten dituzte: “Urtero ‘clinic’ delakoa egiten dugu, hau da, Selekzio Nazionaleko entrenatzailea gurera etorri eta teknika hobetzeko ikastaroa ematen digu”. Hori gehienbat nagusiei zuzenduta egiten dute; izan ere, adin txikikoentzat Basroller Patinaje Eskola dute. De Regilek dioenez, “txikiek askoz errazago ikasten dute teknika, ahalmen handiagoa dute”. 2011/2012 ikasturtean ireki zuten eskola. 10 eta 16 urte bitarteko hamabost ume daude inskribatuta eta Bizkaia mailako lehiaketetan parte hartzen dute. Entrenatzailea Kubako selekzioko patinaje taldean aritu da.
PATINAJEAREN BILAKAERA
Kirol munduan patinajeak igoera izan duela aitortu du Andres De Regilek: “Lehen zaila zen 60 patinatzaile elkartzea; gaur egun, ostera, txapelketetan 200 eta 500 lagunen artean biltzen gara. Gero eta lasterketa gehiago daude eta horrek jende berria erakartzen du. Running-ak izan duenaren antzeko efektua izaten ari da irristaketa, baina neurri txikiagoan”.
“Running lasterketa gehienetan patinatzaileen partaidetza ahalbidetzen dute antolatzaileek”, dio Andres De Regilek, “eta horretan aurrerapausoa eman da, lehen horrelakorik ikustea zaila baitzen”. Hala ere, aurrerakuntza hori ez da guztiz finkatu: “Oraindik ere lehiaketak korrikalarientzako pentsatuta daude eta denbora gehiago behar da running lasterketak patinatzaileen errealitatera moldatzeko”.
ENTRENATZEKO LEKU FINKORIK EZ
Hainbat patinodromo eta entrenatzeko bestelako leku asko daudela dio Basroller taldeko kideak, “baina ez hemen, ez gure inguruan. Izan ere, Bizkaian eta Gipuzkoan apenas dago horrelakorik”.
Irristaketarekiko kultura areagotzen ari dela adierazi du De Regilek: “Hala ere, bidegorrietan lotsaz gorritu izan gara noizbait, espazioa elkarbanatzen dugulako bizikletekin eta oinezkoekin”. Hori dela eta, inguruetan entrenatzeko “leku aproposik” ez dagoela salatu du patinatzaileak: “Industrialdeetan entrenatzen dugu maiz trafikorik ez dagoenean. Batzuetan arrisku-kirola praktikatzen dugula esan daiteke”.
Dena dela, “denbora luzez” bila aritu ondoren, oraingoz Erandioko asfaltozko atletismo pista bat lortu dute entrenamenduak egiteko. “Astean hiru alditan joaten gara Erandiora, baina horrek entrenamendu jarraikorra egitea galarazten digu. Ez dugu entrenatzeko leku finkorik”.
Irristaketa kirol oso teknikoa dela, eta teknika hori hobetzeko egunero entrenatzea oso garrantzitsua dela dio De Regilek. Horiek horrela, “teknika on batekin eta esfortzu gutxiagorekin errendimendu gehiago lortzen da eta hori oso lagungarria da txapelketak irabazteko”.
24 ORDU LE MANS-EN
Basroller Kirol Elkartea sortu zen urte berean -2007an, alegia- Le Mans (Frantzia) zirkuituko patin lasterketa probatu zuten hainbat kidek. Erresistentzia-Patinaje lehiaketa da, 24 ordukoa. Andres de Regil patinatzailearen esanetan, “munduko irristaketa ekintzarik garrantzitsuena da: 8.000 patinatzaile inguruk hartzen dute parte. 24 orduko lasterketa zoratzeko modukoa da, baina noski, ez duzu egun osoa gurpil gainean ematen. Taldekako txapelketa da eta txandaka irteten da zirkuitura”.
Espainiako Calafateko (Tarragona) eta Kanadako zirkuituek ere 24 orduko probak antolatzen dituzte, “baina ez dira hain ezagunak”, dio De Regilek. Ekainaren 27an eta 28an ospatuko da Le Mans-eko txapelketa eta Basroller taldeko batzuek parte hartuko dute: “Nolabaiteko Euskadiko Selekzio informala egin dugu Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko patinatzaile onenekin eta bertara joango gara. Helburua Master (beterano) kategoriako garaikurra eskuratzea da”.
