→Zeberio

‘Buzoi Solidarioak’ martxak Zeberioko mendi gailurretako postontzien bidez ikustaraziko ditu ELA bezalako gaixotasunak

Buzoi bat, zintzilikariarekin // ZeberioExtrem

ZeberioXtreme BTT martxak Buzoi Solidarioak kirol ibilaldia abiarazi zuen iazko abenduaren 27an Alboko Esklerosi Amiotrofikoa (ELA) bezalako gaixotasunei ikusgarritasuna emateko. 2021 osoan iraungo duen proba honetan, partaideek Zeberioko mendi gailurreko buzoietatik ibilaldia egingo dute. Kirolarien helburu nagusia buzoi guztietan argazkia egitea da antolakuntzak emandako zintzilikari batekin, argazki guztiak ZeberioExtrem facebook orrialdera igoz. Jarduera ez da zertan egun bakarrean egin behar (11 tontor baitira guztira), baina garrantzitsua da ZeberioExtremek ezarritako gailurren ordenua jarraitzea.

“Buzoi solidarioen ideia bigarren konfinamenduan bururatu zitzaion erakundeko kide bati eta iazko abenduaren 27an jarri zen martxan”, azaldu du Juan Carlos Arroita Salcedok. Juan Carlosek lehen pertsonan jasaten ari da ELA gaixotasuna: “Hasiera batean, nire gaixotasunari ahotsa emateko uzkur sentitu nintzen, baina denborak aurrera egin ahala eta gaixotasun ezezagun handia dela ikustean nire buruari galdetu nion: zergatik ez gaixotasun hau ikustaraziko duen kirol jarduerarik egin? Berez herri solidarioa gara eta are gehiago mendian. Beraz, noizbehinka postontzi bat egitera animatzen ditut interesdun guztiak”.

ZeberioExtremeko Buzoi Solidarioen kartela // ZeberioExtrem

Buzoi Solidarioak jardueran bisitatu beharreko gailurrak Argiñako Atakoa, Atxa-Mandoia-Tontor Handi-Upo-Artanda-Untzueta-Arrugaeta-Aizbelaga-Garaigorta-Pikubikotx-Murga-Argiñako Atxakoa izango dira, ordenu horretan. Antolakuntzatik iragarri dute ez dutela trackik egingo: “Jendeak leku askotatik heldu ahal izango diolako ibilbideari. Interesgarria litzateke gune bat egiten dutenek Facebookera igotzea, ezagutzen ez dutenei lagungarria izan daitekeelako”. Dagoeneko, buzoi bakoitzean zintzilikariarekin egindako argazkiak hurrengo kirolariarentzat baliagarriak izango dira, non atera diren jakiteko eta bide batez, esklerosiaren gaixotasunari ikusgarritasuna emateko.

ZeberioExtrem 2019 // ZeberioExtrem

ELA, errealitate krudelaren isla

4.000 lagun baino gehiagok pairatzen dute 150 urteko Alboko Esklerosi Amotrofikoa gaur egun Estatu mailan, eguneroko hiru agerpen eta hiru heriotza gertatuz, ZeberioXtrem webgunearen arabera. “Askotan, muskulu-faxkulazioekin eta ahultasunekin agertzen da gorputz-adar batean edo hitz egiteko zailtasunarekin: mugitzeko, hitz egiteko, jateko eta arnasteko behar diren muskuluen kontrolari eragiten dio ELAk eta ez dago sendabiderik gaixotasun hilgarri honentzat“, azaldu du Carlosek.

ELAk giharren borondatezko mugimenduak kontrolatzen dituzten nerbio-zelulei eragiten die, ala nola oinez ibiltzeari eta hitz egiteari. Ondorioz, gaixotasunak neurona motorrak pixkanaka hondatzea eta gero hiltzea eragiten du. Neurona motorrak garunetik bizkarrezur-muinera eta gorputz osoko muskuluetara hedatzen dira. Kaltetuta daudenean, giharrei mezuak bidaltzeari uzten diote eta beraz, hauek ezin dute behar bezala funtzionatu.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak