→Arrigorriaga

EH Bilduk eta Arrigorriaga Garak krisi sozialean oinarritutako aurrekontuen proiektua adostu eta aurkeztu dute NOArekin 2021era begira

Jose Ignacio Fernández, Maite Ibarra eta Maria Jesus Acedo // Geuria

Aurrekontuak edozein instituzio publikok gizartearen ongizatean eskuhartzeko funtsezko erreminta direla adierazi du Maite Ibarra Arrigorriagako alkateak gaur goizean bertan udaletxean antolatutako prentsaurrekoan, “are gehiago Udala bezalako instituzio lokal batean”.

Covid-19ak sortutako pandemiak 2021eko aurrekontua erabat baldintzatu duela azaldu dute udal arduradunek, eta horrek ondorio larriak ekar ditzakeela adierazi du. “Diru-sarreren atalean Foru Aldundiak Bizkaiko zerga-bilketan % 8,93ko murrizketa aurreikusi du, eta, normala denez, horrek eragin zuzena du Bizkaiko udalerrietara bideratzen duen finantzaketan”, izan dira alkatearen hitzak udaletxeko prentsa aretoan. Arrigorriagak 7.449.177 euro jasoko ditu guztira datorren urtean, 2020an hasiera batean jasotakoa baino 727.639 euro gutxiago. “Foru Aldunditik datorren diru-sarrera Arrigorriagako Udalaren diru-sarreren erdia baino gehiago da”, azaldu du alkateak. Gainera, Udal gobernuak 2021eko zergak eta tasak izoztea erabaki zuen eta edukiera murrizketak direla-eta kiroldegiko eta kultur etxeko diru-sarrerak nabarmenki jaitsiko direla aurreratu du Ibarrak.

Horregatik, 2021eko gastuak eta inbertsioen zenbakiak ezin izango dira aurreko urteen parekoak izan. “Hori dela eta, Udal gobernua osatzen duten EH Bildu, Arrigorriaga Gara, NOArekin batera ahalegin berezia egitea adostu dugu testuinguru sanitario, sozial eta ekonomiko berezi honetan, pertsonen eta euren beharrizanen eta auzoen eskariei behar bezala erantzuteko” azaldu du alkateak. Horrez gain, auzoen eskaerei erantzuteko gai izatea eskatu du. “Pandemiak 2020 urtea eten zuen bat-batean, eta, aurrekontu-proposamen honek iaz zintzilik geratu ziren ideia eta proiektu batzuk jasotzeko ere balio du. Aurrekontu errealista, zorrotza eta jasangarria da, egungo testuingurua kontuan hartuta, eta Covid-19ak eragindako sektore ekonomikoetan eta pertsona ahulenetan dituen ondorioei aurre egiten lagundu behar digu”, azaldu du Maite Ibarra alkateak.

Ezkerretik eskumara: Jose Ignacio Fernández, Maite Ibarra eta Maria Jesus Acedo, prentsaurrekoan // Geuria

“Gobernuari dagokionez, gure gobernu-plana garatzeko apustua mantenduko dugu, iragarritako 100 neurrietan aurrera egitearren eta gaur egungo egoera zorrotzera doitzeak momentu honetan lehentasuna baitauka”, gehitu du Maria Jesus Acedok, lehen alkateordeak. Jose Ignacio Fernándezek, NOAko zinegotziak, azaldu du gaur egungo beharrizanetara egokitu behar diren aldeko apustua egingo duela alderdiak, “zorrotzak gastuari dagokionez eta irisgarritasunarekin, enplegu politikekin eta auzoekin konprometituak betiere”.

Joan den urriko informazio-batzordeetan gobernu-taldea aurrekontua prestatzen ari zela ohartu zenetik, hiru alderdiek erabateko adostasuna lortu dute, eta, lan egiteko modu horri jarraituz, proposamen hori udalbatza osatzen duten gainerako alderdi politikoei bidali zaie. Hurrengo egunetan gai horren inguruko bilerak prestatuko dituzte. “Gaur egun bizi dugun egoera kontuan izanik helburu nagusia ahalik eta babes handiena lortzea da eta aurrekontu hauek onartu ahal izateko Osoko bilkura antolatuko da abenduan”, azaldu du Fernándezek.

 

Aurrekontuen ardatz nagusiak

“2021eko Udal aurrekontuen ardatz nagusiak aurreratzearren, 13.738.000 euroko aurrekontua izango dugu: alde batetik Udalak egitura gastu batzuk izango ditu, urteko aurrekontuen %55ekoa” azaldu du Maria Jesus Acedok. “Kopuru hau nominak, energia, konponketak, eraikuntzen mantentze-lanak, eguneroko garbiketa eta lorategietako lanetara bideratuko da, besteak beste”. Aurrekontuetako 523.000 euro interesak ordaintzeko eta maileguak itzultzeko erabiliko direla azaldu du alkateordeak.

Horiez gain, 720.240 euro bideratuko dira inbertsioetarako eta Udal gobernua gobernu planaren 100 eskakizunei buruz aritu da, datorren urteko inbertsio garrantzitsuenen proposamenak aipatuz:

  • 21. eskakizunaren arabera, 19.000 euro bideratuko dituzte Geuretik Sortua euskararen proiekturako.
  • 26. eskakizunaren arabera, Udal aurreskolako patioa hobetuko dute (22.300 euro).
  • 55. eskakizunaren arabera, 8.000 euro bideratuko dituzte Gazte Planaren analisi eta proposamenerako.
  • 63. eskakizunaren arabera, Udal langileen behin-behinekotasuna murriztea eta kalitatezko enplegua sustatzea. Horretarako, informatikari lanpostua sortu dute (57.297 euro): “Udalean urteak daramatzagu digitalizazio-lanak egiteko beharrarekin. Horrela, herritar eta Udalaren arteko komunikazioan erreminta berriak eskaini eta administrazioarekin egin beharreko tramiteak erraztuko dira”, azaldu du Acedok. Halaber, kirol-teknikariaren lanpostu bat ere sortuko dute (67.974 euro).
  • 64. eskakizunaren arabera, 15.000 euro bideratu dituzte komertzio lokala bultzatzeko eta enpresak sortzeko eta beste 25.000 euro Arrigobonoetarako. Horrez gain, 84.000 euro bideratu dituzte langabeentzako formazio-ikastaroak antolatzeko eta beste 12.000 euro Arrigorriagako langabeek herritik kanpo formazio-ikastaroak egin ditzaten.
  • 75. eskakizunaren arabera, aldaketak egingo dira Mendikosolon, urtegia legezkotzen eta Mendikosolo parkearen kudeaketa lizitatuz (100.000 euro). Lizitazio hau 2021eko Uda aldean egiteko asmoa azaldu du Udal gobernuak.
  • 76. eskakizunaren arabera, Auzotaxi zerbitzua martxan jarriko dute kanpoaldeko auzoak Arrigorriagako zentroarekin konektatzeko (10.000 euro). Era berean, San Andreseko pasarela eta igogailua konponduko dute (70.000 euro), argiteria publikoa hobetuko dute (35.000 euro) eta errepideak margotu eta seinaleztatuko dituzte (15.000 euro).
  • 78. eskakizunaren arabera, Udaleko Auzoz Auzo programa 2021eko lehen hilabeteetan martxan jarriko dute.
  • 81 eta 89 eskakizunen arabera Abusuko Santa Isabel auzoko aparkalekuko irisgarritasun arazoak konpondu eta aparkaleku berri bat eraikiko da (305.000 euro).

Horrez gain, Peio Garmendia Ogasun, Kontu eta Giza Baliabideen zinegotziak azaldu du Arrigorriagak 560.000 euro itzuli beharko dizkiola Udalkutxari 2022 eta 2023 urteen bitartean.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak