☉ Ugao
Emakumeen aurkako indarkeria saihesteko eta sentsibilizazioa bultzatzeko tailerrak Ugaoko institutuan
“2018-2022 aldirako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako IV. Plana” aprobatu ondoren, indarkeria matxistaren aurka sentsibilizatzeko eta emakumeen aurkako edozein indarkeria mota saihesteko xedea duten ikastaroak antolatu ditu Ugaoko Udalak bigarren urtez, institutuko bigarren hezkuntzako ikasleei zuzenduta. Izan ere, Udalak beharrezkotzat jotzen du genero-berdintasunerako politikak garatzen jarraitzea, gizartean gaiaren inguruko sentsibilizazioa sustatuz.
Aurrekoaren garrantzia azpimarratu nahi izan du Ana Maite Fernandez udaleko berdintasun zinegotziak, konpromiso sozialaren garrantzia gogoraraziz. Izan ere, Fernandezek adierazi duenez, “denok hartu behar dugu ardura hori, tokiko administrazioek, hezkuntza komunitateak, familiek, agente sozializatzaileek eta abarrek. Genero indarkeria gaitz larria da, batasunik gabe desagerterazteko zaila, eta proiektu honekin Udalak bere ekarpen txikia egin nahi du”.
Bi orduko tailer hauek urtarrilean zehar egin dira eta hamar ikasgela inguruk hartu dute parte. Horrako hauetan, esku-hartzea eta ikasketa aktiboa sustatzeko, adin desberdinetara egokitutako hainbat material eta dinamika erabili dituzte. Esaterako, rol-jokoak eta ikus-entzunezkoak.
Ekaitz Metxaka alkateak jakinarazi duenez, proiektuarekin genero indarkeriaren prebentzioa hezkuntza komunitatetik lantzen aritu dira. “Tailer hauen bitartez, Ugaoko gazteak sentsibilizatzea eta kontzientziatzea bilatzen dugu, sexu desberdinen arteko harremanak simetrikoagoak izan daitezen eta espazioak pertsona guztientzat seguruak izan daitezen. Errespetua, tolerantzia eta berdintasuna txikitatik landu daitezkeen eta landu behar diren printzipioak dira”, esan du Mentxakak.
Ikastaroak bukatu ondoren, saioetan parte hartu duten gazteek betetako balorazio-galdetegiak jasoko ditu Udalak, etorkizunean egin daitezkeen tailerrak hobetzeko eta egokitzeko asmoarekin.
☉ Ugao
Athletic Jaia antolatu dute Ugaoko Herriaren plazan, pantaila eta diskofestarekin
Euria eginez gero pantaila institutuko kirol-kantxan ipiniko dutela iragarri dute Ugaoko Udaletik
Athletic Clubek Kopako finala jokatuko du Mallorcaren aurka datorren apirilaren 6an, Sevillako La Cartuja estadioan. Bertara milaka zale joango dira baina badira ere Hego Uribe eskualdean geratuko diren zale ugari.
Eskualdeko herri gehienetan pantailak jarriko dituzte eta Ugaon, hainbat aurrekontu ikusi ostean, horrelako bat ipiniko dute: “Ugaok bat egingo du jardunaldi historiko honekin, eta Udalak, pantaila erraldoi bat ipiniko du Herriaren Enparantzan ugaotarrek partida zuzenean jarraitu ahal izateko”, azaldu dute udal ordezkariek.
Pantaila horretan, finaleko partidaz gainera, diskofesta antolatu dute 19:00etatik 22:00ak arte, “partidaren atarikoa” girotzeko. Partidaren erretransmisioa jarraian emango dute. Euria eginez gero pantaila institutuko kirol-kantxan ipiniko dute.
“Udalak dei egiten die herritarrei kalera atera eta jai-giroaz gozatzera eta nola ez, gizalegez jokatzera. Aurten bai! Aupa Athletic!”, adierazi dute Udaletik.
☉ Ugao
Argazkiak / Ugaotarrek herriko plaza bete dute Maite Idirinen omenaldian
500 lagun baino gehiago bildu dira Herriaren plazan musikari ugaotarraren bizitzari errepaso emotiboa egiteko
Maite Idirinen omenaldiaren azken eguna izan da gaurkoa eta 500 lagun baino gehiago bildu dira Herriaren plazan musikari ugaotarraren bizitzari errepaso emotiboa egiteko. Ekitaldi hau, aurreko asteetan egindako beste hiru jarduerekin batera, herritarren eta Ugaoko hainbat eragileren lanaren emaitza izan da.
Abesti jakin batzuekin egituratu dute gaurko ekitaldia: Zu askatasuna zu, Goizian argi hastian, Aldapeko (moldaketa), Azken dantza da hau eta Ahizpatasuna. Tartean, Idirinen bizitzan zehar eragina izan duten hainbat pertsona igo dira udaletxe aurrean ipinitako oholtza urdinera: Etorki Dantza Taldeko dantzari beteranoak, Bego Reketa, Ana Tere Salazar, Karmele Landeta, Bakarne Bengoetxea…
Gaurko omenaldian, Idirinen senide eta lagun minez gainera Ugaoko herritarrak eta Udaleko EAJko zein EH Bilduko ordezkariak hurbildu dira, baita Emahots elkarte feminista berriko kideak ere, tartean.
Hainbat abesti kantatu, olerkiak irakurri, pasarte zehatzak berbizi eta Idirinek herrian utzitako aztarna izugarriaren lekuko izan dira herritarrak, arrosa moreen artean, irribarre eta malkoen berotasunean.
☉ Ugao
Envases Universaleseko langileen manifestazioak 400 lagun baino gehiago bildu ditu Ugaon
Ehunka herritarrek elkartasuna adierazi diete Envases Universaleseko langileei gaurko manifestazio jendetsuan
Ugaoko lantegiko sarreran eta Bilboko egoitzan lehen mobilizazioak egin ostean, Envases Universales enpresako langileek lehen manifestazioa egin dute herrian bertan. Deialdia 17:30ean izan da eta 400 pertsona baino gehiagok bat egin dute Ugaoko plantako langileek zuzendaritzak aurreikusitako Aldi Baterako Enplegu Erregulazio-Espedienteak ekarriko dituen ondorioak salatzeko.
“Gaurkoan ehunka pertsona izan gara Ugaon, Envases Universales enpresako langileen borra babestuz”, azaldu du Maider Gaztaka Ugao EH Bildutik. “Hasiera besterik ez da izan, baina borrokarako grina nabaritu izan da manifestazioan”.
Maider Gaztaka: “Hasiera besterik ez da izan, baina borrokarako grina nabaritu izan da manifestazioan”
Ibilbidea 17:30ean hasi dute Herriaren plazan Ugaoko pentsionisten hitzartzearekin. Hortik, kale zaharrean barrena beheko biribilgunera abiatu dira manifestariak, Ugaoko Dorretxetik igaroz Envases Universales lantegiko sarrerara heldu arte. Lantokiaren sarreran bertan hitzartzea egin dute eta bertatik Herriaren plazara itzuli dira, manifestazioaren familia-argazkia egitera.
“Oso pozik gaude gaurko manifestazioaren emaitzarekin”, izan dira Endika Ibañez Envases Universales enpresa batzordeko presidentearen berbak. Morez jantzitako jende uholde batek, “Lanpostuen defentsan deslokalizaziorik ez” zioen pankarta baten atzean, Ugaoko kaleak hartu ditu Ibañezen arabera. “Datorren astelehenan asanblada daukagu. Horixe da eman beharreko hurrengo urratsa”, izan dira enpresako batzordearen presidentaren berbak.
GEURIAk Envases Universaleseko enpresa batzordetik joan den otsailaren erdialdean jakin izan zuenez, zuzendaritzak “kaleratze kolektibo” bat proposatu zion batzordeari. Egun batzuk geroago albiste hura berretsi zuten enpresa batzordetik: multinazionalak Aldi Baterako Enplegu Erregulazio-Espedientea (ABEE) aurreikusi zuen eta ondorio modura 68 pertsonen kaleratzea iragarri zuen joan den otsailaren 26an.
Elkartasuna, Udaletik
Joan den martxoaren 7an lehen lanuzteak eta kontzentrazioa egin zituzten langileek Ugaoko lantegiaren sarreran. Egun hartan, langileez gainera Ugaoko Udaleko EAJ eta EH Bilduko ordezkariekin berba egin zuen GEURIAk, elkarretaratzea bukatu bezain laster. Alderdi biek “elkartasuna” eman zieten Envases Universaleseko langileei. Egun berean, arratsaldean beste elkarretaratze bat egin zuten enpresaren Bilboko egoitzan. “Envases Universales enpresak dio kaleratze honek produkzio eta antolaketa kausak dituela atzean”, azaldu zion Ibañezek GEURIAri. “Guk argi daukagu honen guztiaren atzean deslokalizazioa dagoela, inolako zalantzarik gabe”.
Endika Ibañez: “Guk argi daukagu honen guztiaren atzean deslokalizazioa dagoela, inolako zalantzarik gabe”
Envases Universales enpresak lan lerro bi ditu gaur egun: industria-merkatuarena eta elikagai-merkatuarena. “Elikagai-merkatuaren lerroari dagokionez, multinazionalak planta berri bat zabaldu zuen Leonen, 2017an eta makina ugari zituen lantegi baten aldeko apustua egin zuen eta 25 langile daude bertan”, azaldu du Ibañezek.
“Horiez gainera aldi baterako laneko enpresako beste 25 pertsona daude egun hauetan Leongo lantegian eta gure negoziazioak amaitzean Ugaoko lantegi erdia desegin eta bertara joateko eskaintza egingo digute ziurrenik. Ugaoko lantegi erdia ixten badute lantalde erdia soberan dago. Nor demontre joango da orduan Leonera?”.
Enpresako langileek gaur egun bizitzen ari diren egoera salatzeko, Ugaoko Udaleko EAJ eta EH Bildu alderdiek aho batez onartu zuten langileei babesa emateko adierazpen instituzionala, Aldi Baterako Enplegu Erregulazio-Espedientearen aurkako jarrera erakutsiz. “Era berean, Envases Universales Ibérica multinazionalaren enpresa-praktikak gaitzestea erabaki da gatazka honetan”, azaldu dute udal ordezkariek. “Jarrera erabakigarria duela Ugaoko lantokiko ekoizpenaren zati handi bat enpresako beste zentro batzuetara deslokalizatzeko, lan-zentroaren bideragarritasuna bera kolokan jarriz”.
☉ Ugao
Korrikaren 23. edizioak Ugaoko Euskal Astea girotuko du aurten
Ugaoko Etorki Dantza Taldeak 60. urteurrena ospatuko du herri bazkari batekin, hilaren 23an
Ugaoko Euskal Asteak badu data: martxoaren 18tik 23ra. Aurtengo programa herritar guztiei zuzenduta badago ere, jarduera gehienak familia eta etxeko txikienei enfokatu dituzte herriko elkarteek, eskolak eta bizilagunek osatutako batzordearekin elkarlanean eta Ugaoko Udalaren babesagaz. Aurtengo edizioan Euskal Asteak Korrikaren 23. edizioarekin bat egingo du eta horren haritik programa osotua prestatu dute herritarrek.
“Jarduera gehienak martxoaren 22an (ostirala) eta 23an (larunbata) izango dira”, azaldu dute udal ordezkariek. “Ostirala Korrika txikiarekin hasiko da, KORRIKAren 23. edizioaren atariko modura”. Korrikak 13:00ak aldera zeharkatuko du Ugao hilaren 22an eta Udaletik azaldu dute egunak aurrera egin ahala kalejira, umeentzako herri kirolak eta eskualdeko Gautegun erromeriaren kontzertua prestatu dutela.
“Ostirala Korrika txikiarekin hasiko da, KORRIKAren 23. edizioaren atariko modura”
Aipatzekoa da, ikastetxeak, aldi berean, ekitaldi eta jarduera bereziak antolatuko dituela, eta horietako batzuk udalerriko herritarrei zabalduko dizkietela. Aipagarriena Ugaoko Etorki Dantza Taldearen 60. urteurrena ospatzeko herri bazkaria izango da.
Egitaraua | Ugaoko Euskal Astea 2024
Martxoak 18, astelehena
09:30 Eskolako Ikasleen ekitaldiak Eskolako umeentzat, Jane Jauregia
15:30 Eskolako Ikasleen ekitaldiak guraso eta familientzat Jane Jauregia
Martxoak 19, asteartea
15:30 Eskolako Ikasleen ekitaldiak, guraso eta familientzat, Jane Jauregia
Martxoak 20, asteazkena
17:00 Haurrentzako tailerrak, Herriaren enparantza
18:00 Gure erro eroak bakarrizketa, Jane Jauregia
Martxoak 21, osteguna
17:00 Ludoteka kalean, Hiru iturriko plaza
Martxoak 22, ostirala
11:00 Korrika Txiki
13:00 23. Korrika
17:00 Buruhandien kalejira
18:00 Umeentzako Herri Kirola, Herriaren Enparantza
20:30 Erromeria: Gautegun, Herriaren enparantza
Martxoak 23, larunbata
11:30 Dantzarien kalejira, Ugaoko eta Urduñako Bihotza Konparsako erraldoiek eta Bizkaiko gaiteroek lagunduta
12:00 Dantza-alardea Herriaren Enparantzan Etorki dantza taldetik igaro diren dantzariekin
15:00 Etorki Dantza Taldearen 60. urteurrena ospatzeko bazkaria, Gernika frontoia
18:00 Burrunbada elektrotxarangarekin kalejira
20:00 Erromeria: Luhartz, Herriaren Enparantza
☉ Ugao
Ugaoko Aste Santuko Hiri-kolonietan izena emateko epea zabaldu dute
Aurtengo koloniak 2013 eta 2019 urteen artean jaiotako umeei zuzenduta daude eta martxoaren 25etik apirilaren 5era antolatu dituzte
Martxoaren 15era arte izena eman dezakete Ugaoko Aste Santuko Hiri-kolonietan parte-hartu nahi duten umeek. Aurtengo koloniak 2013 eta 2019 urteen artean jaiotako umeei zuzenduta daude eta martxoaren 25etik apirilaren 5era antolatu ditu Mirabatxo Klubak, Udalaren babesagaz.
10:30etik 13:30era prestatu dituzte Hiri-koloniak eta goiztiarrak 08:00etatik 09:00ak artean uzteko aukera izango dute interesdunek.
Izen-emateak Jane jauregiko beheko solairuan egin daitezke aurrez aurre. Modu telematikoan egiteko aukera ere badago: Horretarako, 946 480 704 telefono zenbakia eta museo@ortzadar.es helbide elektronikoak ahalbidetu dituzte.