→Etxebarri

12,3 milioiko aurrekontuaren proposamena onartuta, 2020 urterako Etxebarrin

etxebarri udaletxea
Udal gobernu taldearen (LVP) proposamenak PSE-EEren babesa jaso zuen. EH Bildu abstentzioa eta EAJ-PNVk ezezkoa eman zuten bitartean / Geuria

Pasa den abenduan aurkeztutako aurrekontuaren poposamena onartu zen hilaren 19an, Udaleko udalbatza-aretoan egindako osoko bilkuran. Hori dela eta, aurten, 12.374.481 euro kudeatuko dira. Udal gobernu taldearen (LVP) proposamenak PSE-EEren (zinegotzi 1) aldeko botoa jaso zuen. EH Bilduk (2 zinegotzi) abstentzioa eman zuen eta EAJ-PNVk (2 zinegotzi) ezezkoa eman zion proposamenari.

Aurreko alderdiak legegintzaldirako zenbait proposamen egin zituen, horietatik bost kontuan hartu zituen gobernu batzordeak, LVPren hauteskunde-programan txertatuta baitzeuden. Esaterako, oinezko bideetan argiztapena hobetzen jarraitzea (aurrekontuetan txertatuta dago), edukiontziak berrantolatzea (abian dago), parkeetan komun publiko gehiago txertatzea, Kukullagako Jai Batzordearen diru-laguntza handitzea (aurrekontuan jasota) eta herrian ur-parke bat jartzea.

Loren Oliva alkateak, aurtengoa, 2019ko aurrekontuarekin alderatuta eta %2,3ko igoera izanik, proiektu kontinuista dela adierazi zuen. Hala ere, nahiz eta udalak zorrik ez izan eta urtez urte soberakina handia izan, finantza-iraunkortasunaren mugekin eta gastua handitzea eragozten duen gastu-arauarekin ere jarraitzen dela gehitu zuen alkateak. Horrez gain, proiektuan Udalkutxaren likidazio positiboaren aurreikuspena ez dela jaso azaldu zuen, horrekin “otsailean diru-sarrera gehiago izatea” posiblea dela gaineratuz. Hala ere, Udal arloek planteatutako beharrei aurre egiteko eta herritarren beharrak atzematen dituzten parte hartzeko prozesuei aurre egiteko balioko dutela esan zuen.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak