→Etxebarri

Arantza Saez de la Fuente: “Moda diseinatzailearen lanbideak sormenetik lan egiteko aukera eman dit”

Artearen alor ezberdinetan trebatua da Arantza Saez de la Fuente. Pinturaz, modaz, inspirazioaz eta egin dituen lanez hitz egin dugu berarekin

Arantza Saez de la Fuente / Utzitakoa

Modako estilista-diseinatzaile gisa hasi zuen bere ibilbidea Arantza Saez de la Fuente Calvok (Bilbo, 1966). Gainera, marrazketa artistikoan, olioan, akuarelan, ehungintzako materialarekin egindako eskulturen sorkuntzan eta argazki-narratiban ere trebatu da. Jaiotzez Bilbokoa den arren, Etxebarrin bizi da Saez de la Fuente eta bere lanaz aritu gara berarekin.

Artea zure bidea dela esan daiteke. Hala esan dezaket, bai. Artea beti izan da nire bokaziozko pasioa, eta txiki-txikitatik interesatu zait bide horretan trebatzea. Hala ere, bidea ez da erraza izan. Administrazioko teknikari espezializatu gisa titulua lortu nuen, baina moda diseinatzailearen lanbidea izan da sormenetik lan egiteko aukera eman didana.

Somenetik abiatuta, hortaz. Artearen adar ezberdinetan trebatu naiz. Modaren estilista-diseinatzailea ikasi nuen Bilboko Diseinu Eskolan (IADE), eta profesional handiekin trebatzeko zortea izan nuen. Arteari dagokionez, IADEn jaso nuen prestakuntza oinarria izan zen gainontzeko adarretan trebatzeko. Izan ere, edozein objektu, musika, perfume, giro, paisaia eta abarretan inspiratzen irakasten ziguten, testurak lantzen genituen, eta diziplina artistiko desberdinak ikasi genituen.

Artearen zein adar jorratzen duzu gehien? Egun, diziplina guztiekin egiten dut lan, instalazio artistikoak sortzeko. Dena den, agian pintura da gaur egun gehien erabiltzen dudan diziplina, bai teknika mistoan bai argazkigintzan.

Pinturan, zein eskoletan trebatu zara? Oso txikia nintzen aita ikusi nuenean olio-pintura erabiltzen. Horrekin ehundura ezberdinak lortzen zituen eta baserrien maketak marrazteko erabiltzen zituen. Urte batzuk geroago, senide batek olioz margotzeko lehen jarraibideak erakutsi zizkidan, eta 1995ean Santutxuko pintura- eta marrazketa-akademia batean izena eman nuen. Urtebete geroago, 1996an, Justo San Felices artistak eta bere emazteak, Carmen Mateosek, Galdakaon zuten pintura estudioan hasi nintzen olioa margotzen. Hala ere, produktu kimikoekiko alergia batek eragotzi zidan diziplina horretan jarraitzea. Ordea, Euskal Akuarelisten Elkartea ezagutu nuen Bilbon, eta horren bidez, akuarelaren teknikan espezializatu nintzen. Akuarelista handien eskola magistral ugaritara joan nintzen urteetan.

Eta, Munduko hainbat tokitan erakutsi ahal izan dituzu zure pintura lanak. Hala da. 1996tik aurkeztu ditut nire lanak toki ezberdinetan. Hala nola, Etxebarriko, Basauriko, Galdakaoko, Bilboko, Eibarko, Barakaldoko, Burgoseko, Elxeko, Alacanteko edota Carmauxeko (Frantzia) Kultur Etxeetan; Bilboko, Getxoko, Barakaldoko, Iruñeko, Bartzelonako, Jáveako, Baionako, New Yorkeko edota Zuricheko Arte Galerietan; Marbellako, Londreseko edota Miamiko Arte Azoketan; eta Milaneko Castello Visconteo eta Abbiategrasso jauregian edota Cracoviako Arte Jauregian.

Arantza Saez de la Fuente / Utzitakoa

Berriki Max Art Centeren (Barakaldon) aurkeztu dituzu zure lanak. Etorkizunean non ikusi ahalko ditugu zure obrak? Urtarrilean Denian (Alacant) ditut lan batzuk eta 2020an zehar bakarkako erakusketak aurkeztuko ditut Bilboko La Bolsa eraikinean, El Vergerreko (Alacant) Medinacelli Jauregian edota Logroñoko Ibercaja erakusketa aretoan.

Ehungintzako materialarekin egindako eskulturen sorkuntzari dagokionez, zein formazio jaso duzu? Bada, 2018an ‘Heterotextil: ehuna eskultura sortzeko materia gisa’ ikastaroan parte hartu nuen Bilbaoarte Fundazioan. Modaren eta Artearen arteko adiskidetzea ekarri zuen horrek. 2019an ere, fundazio berean, narratiba fotografikoaren tailerrean izan nintzen.

Modan, Espainiako eta Italiako sinadura garrantzitsuentzat egiten duzu lan. Bai. Moda diseinatzaile-estilista ikasketak amaitzen ari nintzela oso argi nuen enpresa handi batentzat lan egin nahi nuela. Beraz, sektorearen egoera aztertu nuen eta enpresa garrantzitsuenekin zerrenda bat egin nuen. Besteak beste, Haurrentzako moda-diseinatzaile gisa lan egin nuen Tutto Piccolorentzat (Alcoy). Era berean, Luciano Soprani (Milan) eta IFG International Fashion Group (Bergamo), Ginkana (Erandio), Modapress (Urduliz), Mercedes de Miguel (Barakaldo) bezalako enpresetan ere lan egin dut.

Artearen adar hauetatik guztietatik zer ikasi duzun galdetuko banizu. Etengabeko prestakuntzan sinesten dut. Beti ikasten da zerbait berria, eta agian imajinatu ez dituzun ateak irekitzen dizkizu. Diziplina bakoitzak ezaugarri espezifiko batzuk ditu, eta horiek erabiliz askatasun handiagoz adierazteko aukera ematen dit.

Inspirazioa nondik datorkizu? Inspirazioa edozein unetan etor daiteke, egoera ezberdinetan eta askotarikoetan. Inspirazio batetik abiatuta lan egiten dut, zirriborroak sortuz, ideiei argazkiak ateraz, ondoren kontzeptu edo mezu bat adierazteko asmoarekin garatzeko.

Zelan definituko zenuke zure burua artista bezala? Etengabeko bilakaeran dagoen artista polifazetikoa eta diziplina anitzekoa naiz. Inspirazioaren eta garatu beharreko kontzeptuaren arabera lan egiten dut, nire sentimenduak eta emozioak bizitako esperientzietan adierazteko.

Iaz zure lehen instalazio artistikoa aurkeztu zenuen Bilbon, ‘What we lost’, izaera ekologistakoa. Zertan datza hori? ‘What we lost’, galdu genuena. Eraikuntza masiboaren inbasioak hondatutako gure kostaldeak berreskuratzea eskatzen duen instalazio artistiko baten bidezko aldarrikapen ekologista da, amaitu gabeko eraikinen abandonua, masa-turismoaren gizarte kontsumistak ahaztutako eta gaizki tratatutako parajeak, eragindako suteak eta lur-azalera handien deforestazioa, irabazteko asmoz ustiatuak izateko asmo bakarrarekin.

Oso gaztetatik ingurumenarekin kontzientziatuta egon naiz. Kezkatzen nauen gaia da, eta urteak daramatzat horretan borondatez laguntzen. Instalazio artistiko ekologista hori egiteko, argazki ugari egin nituen, eta Greenpeaceren ‘Kosta ahala kosta’ txostenean oinarritu nintzen.

Ildo horretan, Riurau La Marina Alta Film Laburren Jaialdiak zure lana hautatu zuen 2019an. Jáveako (Alacant) IB Isabel Bilbao Projects Arte Galeriak ‘What we lost’ instalazio artistikoaren prozesu piktorikoarekin atzemandako argazkiekiko interesa agertu zuen, eta Riurau La Marina Alta Film Laburren Jaialdira aurkeztu zituen. Azken horiek aukeratu ninduten artista bakar gisa Valentziako Oceonographic Fundazioak 2019an aurkeztu duen arte-erakusketarako. Lanak ikusgai egon ziren jaialdiak iraun zuen hiru asteetan Denian, La Xaran, Jesus Pobren, eta Jávean, Alacanten.

Ingurumenarekin kontzientziatua egoteaz gain, Saharan bizi duten egoeraz ere jabetuta zaude. 2009an Munduaz Blai elkarteko boluntarioekin joan nintzen Saharako errefuxiatuen kanpamenduetara, eta bertako errealitatea lehen eskutik ezagutu nuen. ‘Sahara bilduma’ sortu nuen akuarelekin, teknika mistoarekin (hondarra, turbante zati bat, sareta…), eta argazki muntaia bat egin nuen, bidaia horretara joan ginenok egindako irudien aukeraketa batekin. Urtebetez pintura eta argazki erakusketak egin nituen Etxebarrin, Barakaldon eta Bilbon hitzaldi eta bisita gidatuekin, dagoeneko 40 urte irauten duen ‘errealitate deseroso’ bati ikusgarritasuna emateko asmoz.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak