→Etxebarri

Langabezian dauden 10 lagun kontratatuko ditu Etxebarriko Udalak

Hautaketa-prozesuan parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa da Lanbiden lanpostu bakoitzerako adierazten den eskaintzan izena ematea azaroaren 5a baino lehen.

Sei hilabetez egongo dira lanean, lanaldiaren % 75ean // Geuria

Etxebarriko Udalak 10 langabetu kontratatuko ditu, tokiko enplegua sustatzeko Eusko Jaurlaritzarekin batera finantzatutako programa baten barruan. Sei hilabetez egongo dira lanean, lanaldiaren % 75ean. 

Ingurumena hobetzeko, hiri-altzariak mantentzeko eta bideak konpontzeko hiru pertsona kontratatuko dituzte: eraikuntzako langile kualifikatu kategoriako bi ofizial eta eraikuntzako peoi kategoriako peoi bat. Bestetik, administrari laguntzaile bat ere laneratuko dute, baita lau dinamizatzaile ere: Merkataritza eta Berrikuntzako dinamizatzailea; Datuak kudeatzeko dinamizatzailea; Udalaren Web Edukien dinamizatzailea; Komunikazio Planaren dinamizatzailea. Eta, azkenik, Udaltzaingoari bizikidetza eta segurtasuna hobetzen laguntzeko bi agente zibiko kontratatuko dituzte.

Hautaketa-prozesuan parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa da Lanbiden lanpostu bakoitzerako adierazten den eskaintzan izena ematea azaroaren 5a baino lehen. Gutxienez egiten diren kontratazio guztien % 30 diru-sarrerak bermatzeko errenta (DBE) jasotzen duten pertsonenak izango dira; eta gainerako % 70a honako kolektibo hauetako batekoa izan beharko da: 35 urte edo edo beherako pertsonak; gutxienez sei hilabetez enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dauden 45 urtetik gorakoak; 55 urtetik gorako pertsonak; iraupen luzeko langabeak; gizarte-bazterketako arriskuan dauden pertsonak; desgaitasunen bat duten pertsonak; familia-erantzukizunak dituzten emakumeak eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak. Kontratatutakoen % 40 gutxienez emakumeak izango dira, eta % 15a Lanbiden inskribatutako 55 urtetik gorakoak izango dira.

% 9ko langabezia

Etxebarriko egungo langabezia-tasa % 9koa da, duela urtebete baino % 2,3 gutxiago. Ildo horretan, enplegua sustatzeko eta kontrataziorako laguntzen arloan Eusko Jaurlaritzak 114.265,54 euro eman dizkio Etxebarriko Udalari. “Etxebarriko udalerriak ez du aparteko laguntzarik jasoko, udalerriko langabezia-tasa azken hau handia duten eremuetarako ezarritako ehunekoaren azpitik baitago. 2021eko martxoa hartu da erreferentziatzat; Etxebarriko langabezia-tasa % 10,3koa zen, Bizkaian % 13,2koa eta Euskadin % 12,1ekoa”, diote udal ordezkariek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak