→Etxebarri

Etxebarriko Udalak 800.000 euro itzuli behar dizkio Aldundiari

etxebarri udaletxea

2020ko aurrekontua egokitu du jada Etxebarriko Udalak. Inbertsioen atalean Nafarroa kaleko irisgarritasuna hobetzeko proiektuari lehentasuna eman diote.

Udalkutxatik jasotzen duten ekarpenaren % 20 itzultzen ari dira dagoeneko Bizkaiko Udalak // Geuria

Covid-19aren osasun-krisiak krisi ekonomiko handia ekarri du hainbat sektoretan, baita Udalen jardunean ere. Diru-sarreren beherakada izan da Udaletan eta horrek ondorioak izan ditu dagoeneko 2020ko aurrekontuetan. Etxebarriren kasuan, aurtengo aurrekontua 800.000 euroan murriztea ikusi du bere burua Udalak: “Onartutako hasierako aurrekontua berregituratu behar izan dugu, urtearen amaieran kontuak koadratzeko”, diote udal ordezkariek: “Udalkutxatik jasotzen dugun ekarpenaren % 20 itzultzen ari gara dagoeneko Bizkaiko Udalok”.

Udaleko arlo guztiek egoera berrian oinarrituta aztertu dute aurrekontua eta nahiz eta arlo batzuetan aurrezpenak egon (hala nola, kultur jarduerak edota jaiak bertan behera geratzearen ondorioz), beste batzuetan gastua handitu egin da (Gizarte Zerbitzuetan, hainbat kolektiborentzako laguntzetan eta enpleguan). Hala eta guztiz ere, inbertsioen atalean “gogoeta garrantzitsua” egin dutela diote Etxebarriko udal gobernu taldetik, “eta Legegintzaldiko Planean ezarritako lehentasun-ordenaren arabera”, Nafarroa kaleko irisgarritasuna hobetzeko proiektuari lehentasuna eman diote: “Nafarroa kaleko irisgarritasuna hobetzeko obrak lizitatzeko prozesua hasi dugu, Galizia kalearekin lotuko duen igogailu bat eraikitzeko. Igogailu horretan esku hartzeko, Eusko Jaurlaritzari dirulaguntza eskatu zaio irisgarritasuna hobetzeko ekintzen azken deialdian”, diote Etxebarriko Udaletik. 

“Zuhurtziaren printzipioa eta ziurgabetasun ekonomikoa kontuan hartuta, inbertsioak lehenetsi eta Udalaren egoera ekonomikora egokitu beharko ditugu datozen urteetan, baina etxebarritarren beharrak atzean utzi gabe. Nolanahi ere, bistakoa da ezin izango zaiola eutsi azken bi urteetako inbertsio-erritmo sendoari, eta are gehiago hartu beharko dira kontuan beste erakunde batzuekin batera finantza daitezkeen proiektuak”, diote udal ordezkariek. Ildo horretan, Santa Anako igogailua eta hilerriko hobekuntzak momentuz ezingo dituztela gauzatu aurreratu du Etxebarriko Udalak: “Santa Anako igogailua edo hilerriko hobekuntzak bezalako proiektuek itxaron egin beharko dute, eta hurrengo urteetako egoera ekonomikoa kontuan hartuta ekin”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak