→Etxebarri

2021eko aurrekontua aho batez onartu du Etxebarriko udalbatzak

etxebarri udaletxea

Udal gobernu taldeak hasieran aurkeztutako proposamenaren gainean, herritarren zenbait proposamen eta aldaketa onartu dituzte.

zenbait proposamen eta aldaketa onartu dituzte 2021eko aurrekontuan // Geuria

2021eko aurrekontua zehaztuta dago Etxebarrin. Abenduaren 22an onartu zuten aho batez udalbatza osatzen duten talde guztiek. Eztabaida eta parte-hartze prozesuan zehar, udal gobernu taldeak hasieran aurkeztutako proposamenaren gainean proposamen eta aldaketa hauek onartu dituzte: 2.000 euroko partida bat sartu dute San Antonio parrokiara elikagai galkorrak banatzeko proiekturako; modernizazio-partida 5.000 eurotan handitu dute; EAJk eskatuta, zinegotzien esleipenetatik eta udal taldeari emandako diru-laguntzatik % 5 deskontatu dute, hau da, urtean 550 euro aurreztu dira parrokiari 2.000 euroko esleipenaren zati bat ordaintzeko; eta “Aingeruri laguntza” proiekturako 4.000 euro bideratu dituzte.

Guztira 11,8 milioi euro izango ditu Etxebarriko Udalak aurten, iaz baino 625.000 euro gutxiago (% 5 gutxiago). “Ziurgabetasun ekonomikoko egoera eta aurrekontu-jaitsiera nabarmena direla eta, gastu-aurrekontu bat onartu dugu, helburu hauekin: herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuen % 100 mantentzea; elkarteentzako, klubentzako, jai batzordeentzako eta erretiratuen elkarteentzako diru-laguntzak mantentzea; eta gizarte-zerbitzuak lehenestea“, diote udal ordezkariek. Inbertsioei dagokienez, otsailean aurrekontua likidatu arte itxaron beharko dutela diote udal arduradunek, “eta diruzaintzako gerakinaren kargura inbertitzeko aukerak aztertu beharko dira, beti ere diru-laguntza motaren bat jasotzeko aukerak aztertuz”, diote.

Besteak beste, honakoa jasotzen du 2021eko aurrekontuak: Udaltzaingorako ibilgailu bat erostea; mantentze-lanetako zerbitzu guztiak eta kontratuak mantentzea (kale-garbiketa, hondakinen bilketa, lorezaintza, arrapala eta igogailuen mantentze-lanak, haur-jolasen mantentze-lanak); kiroldegiaren kanpoko “plisti-plasta” igerilekurako gela tekniko berri bat prestatu eta konpontzea; katu-kolonien kontrola egitea; etxez etxeko laguntza-zerbitzua, esku-hartze psikosoziala, esku-hartze komunitarioa, bitartekotza-zerbitzua eta eskola-laguntza mantentzea; Gizarte-larrialdietarako laguntzen partida 20.000 euroan handitzea (200.000 euro guztira); behar berezien gastuen partida 30.000 euroan handitzea (100.000 euro guztira); Genero Indarkeriaren Protokoloa eguneratzea; adinekoen bi klubentzako o diru-laguntzak eta jardueretarako partida osorik mantentzea; eta Etxebarriko Bonuaren partida 17.000 eurora igotzea (2021eko kanpainan bonuen kopurua handitu ahal izateko) onartu dute udaltalde guztiek.

Era berean, Udaleko langileei buruzko gaiak eta 2021erako Lan Eskaintza Publikoak ere onartu zituzten osoko bilkuran, berrikuntza hauekin: Udaleko langileei % 0,9ko soldata-igoera aplikatuko zaie, Estatuko Aurrekontu Orokorretan jasotakoaren arabera; Udaltzaingoan agente lehenaren bi plazak behin betiko beteko dira barne-sustapeneko prozesu baten bidez; Lan-brigadan igeltserotza-ofizialaren lanpostua behin betiko beteko da, barne-sustapeneko prozesu baten bidez, eta metalisteriako espezialitate anitzeko ofizial plaza berria oposizio publiko baten bidez kontratauko da; eta azkenik, Alkatetzak legegintzaldiaren hasieran hartutako konpromisoarekin bat etorriz, liberatutako langileen soldata (alkatea eta alkate-ordea) % 5 jaitsi dute.

“Osasun-krisia eta ekonomian eragindako ondorioak direla eta, 2020ko bilketa-aurreikuspenak ez dira bete, eta Udalak, Bizkaiko gainerako toki-erakundeek bezala, dagokion zatia itzuli beharko du, otsailean zehaztuko dena. Oraingoz, 2020an Udalkutxa foru-funtsetik 800.000 euro jasotzeari utzi genion, itzulketa hori aurreratzeko. Gainerakoa 2021. urtearen amaieran itzuli ahal izango dugu, gerakinaren kontura edo 2022. eta 2023. urteetan (% 50 urtero). Aldundia egoera horrek aurrekontuetan izango duen eragina aztertzen ari da, baina, oraingoz, itzulketa hori islatu beharko dugu diru-laguntzan. Horrek izugarri baldintzatzen ditu diru-sarrerak, aurrekontuaren % 60 baino gehiago hartzen baitu”, diote udal ordezkariek.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak