→Etxebarri

Zenbait zerga eta tasa 2021ean izoztea eztabaidatuko dute Etxebarrin

Herritarrek parte hartzeko prozesua zabalduko du Udalak irailaren 28ra arte. Ondoren, hurrengo osoko bilkuran eztabaidatuko dute gaia.

Besteak beste, ibilgailuen gaineko zerga izoztea proposatu du udal gobernuak // Etxebarriko Udala

Ondasun higiezinen gaineko zerga, ibilgailuen gaineko zerga, eraikuntza eta obren gaineko zerga, jardueren irekiera-tasa, estolderia eta zaborren tasa, hilerriko tasak, Etxebarribus zerbitzua edota ibilgailuen erretiratzea bezalako zergak eta tasak 2021ean izoztea nahi du Etxebarriko udal gobernuak.

Bestetik, TAOren tasak eguneratzea proposatzen du udal gobernuak: “Hala nola, ibilgailua denbora baino lehen erretiratuz gero dirua itzultzea, betiere aplikazioa erabiltzen bada, egun osoan aparkatzeko aukera emanez (4,40 euro) eta aparkalekuaren prezioa goiz edo arratsalde osoan 2 eurotan egokituz”, diote udal ordezkariek.

Era berean, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuaren gutxieneko kuota hilean 15 eurokoa izango da (10 eurokoa mantenduko da kalteberatasun-kasuetarako); Berrikuntza Zentroaren zerbitzu erreprografikoen eta fotokopien eskaintza zabaldu eta doituko dute; Gizarte eta Kultura Sailek Udalekuen prezio-tarteak aldatuko dituzte; Euskaltegiko autoikaskuntza-tasak HABEren gidalerro berrietara egokitu dituzte; Futbol zelaiari eta pilotalekuari dagokienez, tasak “biribiltzea” proposatu dute; eta udal kiroldegian urteko abonamenduak doitzea bilatuko dute.

“Erabaki hauek hartzeko, kontuan hartu dira egungo egoera larria eta Covid-19 birusaren krisiak gizartean oro har izan dezakeen eragin ekonomikoa”, diote udal ordezkariek: “Udalarentzat erronka izango da 2021eko aurrekontua aurrera ateratzea, urte horretarako diru-sarreren beherakada handia aurreikusten baitugu, baina gobernu-taldetik uste dugu ez dela presio fiskala handitzeko unea, nahiz eta aurreko bi ekitaldietan zergak izoztuta mantendu”.

Proposamen hauek urriaren 6an egingo duten osoko bilkuran eztabaidatuko dituzte. Gainera, herritarrek parte hartzeko prozesua zabalduko dute irailaren 28ra arte, ekarpenak egin ditzaten eta horiek ere bertan eztabaidatzeko.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak