→Etxebarri

Etxebarriko 500 ume eta gazte ari dira udako jardueretan parte hartzen

Ohiko udalekurik gabe, udarako programa berriak abiarazi dituzte aurten Etxebarrin, kontziliazioan eta adingabeen zaintzan oinarritutakoak.

Udalagun programan 169 familiak eman dute izena // Argazkiak: Etxebarriko Udala

Udarako programa berriak abiarazi dituzte aurten Etxebarrin, kontziliazioan eta adingabeen zaintzan oinarritutakoak. Ez dira ohiko hiri-udalekurik antolatu, baina beste jarduera batzuk prestatu dituzte herriko ume eta gazteentzako, gaur egungo egoerari moldatutakoak.

“COVID19k sortutako egoeraren ondorioz hasieran zailtasunak bazeuden ere, azkenean zenbait jarduera antolatu ahal izan ditugu familia bateragarri egiteko beharra duten familiei atseden emateko, bai eta udalerriko haur, nerabe eta gazteen jarduera ludikoak, aisialdiko hezkuntza-jarduerak, jarduera soziokulturalak eta kirol-jarduerak bultzatzeko ere”, diote Udaletik. Hain zuzen ere, Udalagun programa berria, robotika eta teknologia udalekuak, eta aisialdiko, hezkuntzako eta kiroleko aukerak eskaini dituzte.

Udalagun programa ekainaren 29an hasi zuten eta uztailaren 24ra arte luzatuko da, eta 2008 eta 2015 urte artean jaiotako haurrei dago zuzenduta (5-12 urte). Programa honetan 169 familiak eman du izena.

Era berean, Talka Gazteguneak eta Tarrastak jarduerak antolatu ditu udarako eta horietan 82 gazte ari dira parte hartzen. Bestetik, udalerriko beste erakunde batzuek haur, nerabe eta gazteei aisialdiko, hezkuntzako eta kiroleko aukerak eskaintzeko programa prestatu dute. Hala nola, Kukuaren Taldeak eta San Antonioko Gaztediak; Harribide Fundazioa; Ikhazi akademia; Margolari akademia; Kukuyaga Futbol Aretoa, S.D.Etxebarri eta Berdezurigorri Etxebarri Bizkaia Kluba; edota Kukuiaga FS, Kukullaga Eskubaloia, Arkulariak, BerdeZuriGorri eta Urbarri klubak.

Etxebarriko Udaletik diotenez, 500 etxebarritar baino gehiago ari dira jardueretan parte hartzen.

Zaintzaileen poltsa

Bestetik, beste adin tarteetan adingabeak dituzten familientzako edo Udalagun programatik kanpo geratuko direnentzako irtenbidea bilatu nahi izan die Udalak. Zentzu horretan, Zaintzaileen poltsa sortu dute. Guztira 10 lagunek eman dute izena zaintzaile lez aritzeko: zortzi etxebarritar eta bi Etxebarritik kanpokoak. Hala ere, hamar zaintzaile horietatik bostek ez dute sexu-abusuen inguruko ziurtagiria aurkeztu, beraz, euren izenak momentuz ez dituzte eskatzaileei bidali.

Zaintzaileen zerbitzuen eskaera egin duten familiak hiru izan dira. “Poltsa horretan izena eman ahal izango dute, alde batetik, oporretan adingabeak zaintzeko interesa duten edo aukera duten pertsonek, eta bestetik, familiek zaintzaile horiekin harremanetan jartzeko aukera izango dute”, diote Udaletik. Ekainaren 10ean hasi ziren hautagaitzak jasotzen, eta ekainaren 15etik aurrera kontsultatu ahal dute zerrenda zerbitzua eskatzen duten familiek. Une horretatik aurrera, poltsa irekita geratuko da, eta egoeraren arabera berrikusi ahal izango da.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak