→Etxebarri

Adinekoentzako egoitza bat eraikitzeko lanak hasi dituzte Etxebarrin, Bekosolo parkean

lanak dagoeneko hasi dituzte eta aurreikuspenen arabera 2023. urte amaierarako bukatuko dituzte // Geuria

Adinekoentzako egoitza bat izango du Etxebarrik hemendik hilabete batzuetara. Hain zuzen ere, adinekoentzako egoitza bat eraikitzen ari dira Bekosolo parkean. Guztira 147 leku izango ditu, bederatzi modulutan banatuta: zehazki, zentroak zortzi bizikidetza-unitate eta unitate soziosanitario bat izango ditu. Datuak datu, banakako 111 plaza izango ditu.

Bizikidetza-unitateak dituen Bizkaiko lehen egoitza izango da Etxebarrikoa: “Arreta talde txikietan egiteko moduan diseinatuta dago (10-14 lagun), eta horrek talde horien asistentzia-kalitatea eta autonomia hobetzen ditu. Gai hori oso garrantzitsua bihurtu da pertsonarengan oinarritutako zainketak bermatzeko”, dio Borja Diaz Jardines de Eztebeko ordezkariak. Sustatzaile berdinek duela sei urte ireki zuten San Antonio egoitza Bilbon (Pérez Galdós, 19), baita San Andres egoitzak Galdakaon eta Usansolon. Enpresa sustatzaileak 20 urte baino gehiagoko esperientzia zabala du geriatriako sektorean.

Jardines de Eztebeko ordezkariak Etxebarriko udal ordezkariekin Bekosolon // Geuria

Etxebarriko Jardines de Eztebe egoitzako kudeaketa pribatua izango da, baina alde publikoa izango du. Izan ere, plazen % 70 Bizkaiko Foru Aldundiak hitzartuko ditu, mendetasun-maila altuak dituzten pertsonei arreta emateko erakunde eskuduna baita, eta Basauri-Etxebarri eremuko bizilagunek lehentasuna izango dute.

Obrak duela aste batzuk hasi zituen Jardines de Eztebe proiektuaren sustatzaileak, eta aurreikuspenen arabera 2023. urte amaieran edo 2024. urte hasieran bukatuko dituzte lanak. Inbertsioa 10 milioi eurokoa da.

Bekosolo parkera integratuta

Eraikinak zazpi solairu izango ditu, L forma izango du eta Bekosolo parkera orientatuta eta irekita egongo da: “Berdegune bat izango du eta, logikoki, egoitzako erabiltzaileek erabili ahal izango duten parke-gunearekin konektatuko da”, dio Diazek. Gainera, egoitzak behe solairuan kafetegi bat izango du, eta egoitzako erabiltzaileez eta bisitariei zerbitzua emateaz gain, zabalik egongo da Bekosolo parkea erabiltzen dutenentzako. “Beheko solairuak alderdi sozialagoa izango du. Asmoa da oztopoak kentzea eta gainerako herritarrei zentroa irekitzea. Haurrek eta adinekoak, hainbat belaunaldik, kafetegia erabiltzea”, dio Diazek: “Eta zergatik ez, belaunaldi horiek elkartzeko ekintzak egin!”. Solarium bat ere izango du eraikinak.

“Kokapenak eta parkerantz irekitzeak berekin dakar horrelako zentroak udalerriarekin integratzea, Etxebarriko erabiltzaileentzat eta bizilagunentzat gune seguru eta komunak sortu eta normalizatzen lagunduz”, dio Loren Oliva Etxebarriko alkateak: “Zentroa orain arte erabili ez den ekipamendu-lurzati batean eraikitzen ari dira. Bekosolo parkea osatuko du, eta zentroa bera parkean integratuko da. Berdegunean egongo da, ibilgailurik gabe. Gainera, kafetegia guztiontzat irekia izango dela azpimarratu nahi dugu, udal zerbitzu gehiago dagoen leku batean, hala nola Euskaltegia, liburutegia edo Musika Eskola.

Eraikina Leed Gold Ziurtagiriarekin ziurtatzeko lanean ari direla adierazi du Diazek: “Munduko eraikuntza jasangarriaren estandarrik ospetsuena da, eta horrek energiaren erabilera eraginkorra eta barneko ingurumen-kalitate ezin hobea bermatzen ditu”. Besteak beste, teknologia berriak edota domotika txertatuko dituzte Etxebarriko egoitzan.

0 km-ko lanpostuak

Jardines de Eztebe egoitza berriak 100 lagun kontratatuko dituela adierazi dute gaur prentsaurrekoan. Besteak beste, medikuntza, erizaintza, gizarte-lana, psikologia, fisioterapia, hezkuntza-terapia, gizarte hezkuntza, erizaintzako laguntzailea, mantentze-lanak, garbiketa, sukaldea, harrera, ile-apainketa eta podologia eremuetako langileak kontratatuko dituzte. Oraindik zehaztu barik dago hautaketa-prozesua noiz hasiko duten, baina enpresa sustatzaileak konpromisoa hartu du etxebarritarrei lehentasuna emateko bere garaian iragarriko diren hautaketa-prozesuak kontratatzerakoan.

“0 km-ko lanpostuak sortu nahi ditugu. Herriko edo eskualdeko langileak nahi ditugu. Azken finean, Etxebarriko edo inguruko herritar batek Etxebarrin bertan lan egitea onuragarria da zentzu askotan”, dio Diazek: “Hala nola, lanera oinez etortzea, Metroan, Euskotrenen, bizikletan… Alegia, bizikletak aparkatzeko tokia ere aurreikusten dugu egoitza ondoan”.

Etxebarrik jubilatuentzako bi egoitza ditu, baita eguneko zentro bat ere: “Egoitza berriak osatu egiten du udalerrian dagoen eskaintza. Kontuan izan behar dugu adinekoak gero eta kolektibo handiagoa dela”, dio Olivak: “Etxebarriko Udalarentzat, adinekoentzako zerbitzuak osatzen dituen beharrezko proiektua da, gure gizarteak zaindu behar duen eta gero eta gehiago diren kolektiboa. Bestalde, lanpostu ugari sortuko dituen ekimena da eta lan-aukera izango da etxebarritar askorentzat”.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak