→Etxebarri

Dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako ‘Aldaleku inklusiboak’ proiektuak irabazi du Etxebarriko ideia berritzaileen lehiaketa

‘Aldaleku inklusiboak’ proiektuak irabazi du Etxebarriko ETE eta ideia berritzaileen lehiaketa. Urriaren 1ean Madrilen aurkeztuko dute proiektua.

Txokobide Elkartearen 'Aldaleku inklusiboak' proiektuak irabazi du lehiaketa // Argazkia: Geuria

Enpresa Txiki eta Ertainen (ETE) eta ideia berritzaileen lehiaketa jarri du martxan beste urte batez Etxebarriko Udalak. Aurten lehiaketaren laugarren edizioa izan da eta hartara bi proposamen aurkeztu dira: ‘Aldaleku inklusiboak’ eta ‘Ikhazi’. Horien artean epaimahaiak ‘Aldaleku inklusiboak‘ ideia saritu du. Ideia honen helburua da dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako aldaleku inklusiboak fabrikatzea eta komerzializatzea.

Oinarrizko beharrizan batetik sortu dugu ideia. Txokobide Elkartean zenbait tailer antolatzen ditugu eta ikusi genuen dibertsitate funtzionala duten pertsonek ez dutela aldaleku egokirik beren egitekoak egiteko. Denok ezagutzen ditugu haurrentzako aldalekuak, baina dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako ez dago aldalekurik egokituta. Ez Euskadin ez beste inon. Horregatik arazo honi irtenbidea emateko ‘Aldaleku inklusiboak’ proiektua sortu dugu”, dio Eriz Delgado Txokobide Elkarteko kideak. Delgadorekin batera proiektua gauzatu dute Saioa Santana etxebarritarrak eta Marian Andrés dibertsitate funtzionala duen bizkaitarrak. Lehiaketa irabazteagatik 1.500 euro jaso dituzte Udalarengandik, proiektua bera exekutatzeko gastuak estaltzeko eta komunikaziorako.

Dibertsitate funtzional larria edo behar konplexua duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko proiektua da ‘Aldaleku inklusiboak’. “Pertsona aniztasuna errespetatzen duen osasun zerbitzua da, giro segurua eta garbia eskaintzen ditu, ekipo egokiak eta espazio egokia jarrita, era honetan pertsona bat bera bakarrik edo lagunduta aldatzeko gai izango da”, dio Delgadok.

Marian Andrések azpimarratu du, proiektua “oso beharrezkoa” dela: “Dibertsitate funtzionala dugunon beharrak asetzeko balio du. Guretzat benetako arazoa da aldaleku egokiturik ez aurkitzea. Oso zaila da gure egoera. Dauden aldalekuak (kiroldegietan, tabernetan, hondartzan, parkeetan) ez dira guretzako egokiak”, dio Andrések: “Orain arte komunen edo aldagelen zoruan aldatzen gaituzte gure laguntzaileek. Eta hori ez da batere higienikoa. Bakterio asko daude zoruan, eta horrek gure osasunean ondorioak ekar litzake”. Era berean, euren bizitza baldintzatuta dagoela adierazi du Andrések: “Kalean gaudenean pentsatu behar dugu zenbat ur edo likido edan, sarritan ez joateko komunera”.

Proiektuak zera hartzen du kontuan: dibertsitate funtzionala dutenentzako aldaleku edo komun egokiak eraikitzea. “Egokiena litzateke 12 metro karratuko espazioa izatea, eta bertan pertsonak altxatzeko garabia eta aldatzeko esku-ohea izatea”. Helburu nagusia da aldaleku inklusibo hauek gune publiko eta pribatuetan jartzea: “Hala nola, ospitaletan, parkeetan, aireportuetan, hezkuntza zentroetan, kirol instalazioetan, hondartzan, tren geltokietan edota lantegietan”, dio Delgadok.

Etxebarriko ideia berritzaileen lehiaketa irabazteaz gain, proiektua beste hainbat erakundeetan ere aurkeztu du Txokobidek: “Bizkaiko Foru Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan proiektu bera azaldu diegu. Beste helburuetako bat da gaurko irisgarritasun-araudian sartzea aldagailu inklusiboen kontzeptua”, dio Delgadok: “Proposamena aztertu behar dutela esan digute. Izan ere, inbertsio handia suposatuko luke”. Etxebarriko Udaletik proiektua errealitate bihurtzeko azterketa egingo dutela adierazi dute: “Udaletik Txokobiderekin elkarlanean egongo gara Etxebarrin bertan aldaleku inklusibo bat eraikitzeko“, dio Loren Oliva Etxebarriko alkateak.

“Aldaleku inklusiboak fabrikatzea oso garestia da. Horregatik pentsatu dugu hasieran edukiontzi mugikor bat erostea eta bertan beharrezkoak diren materialak jartzea. Mugikorra izanik, leku ezberdinetara eramateko aukera emango luke”, dio Delgadok.

Etxebarritik Madrilera

Innpulso Sarea ekimenaren barruan, urriaren 1ean IV. Alkateen eta Ideia Berritzaileen Topaketa ospatuko da Madrilen (South Summit azoka). Bertan Innpulso Sarea (Zientziaren eta Berrikuntzaren aldeko Sarea) osatzen duten 72 udalerrietatik 33 proiektu lehiatuko dira.

Ekimen honek geografia osoko talentu berritzaileak bilduko ditu eta “erakusleiho ezinhobea” izango da talentu berritzailea gainontzeko udalerriei aurkezteko. Tartean, Etxebarritik ‘Aldaleku inklusiboak’ proiektua aurkeztuko dute. Saioa Santana, Marian Andrés eta Eriz Delgado Etxebarriko IV. Ideia Berritzaileen Pymeen Lehiaketako irabazleak eta Loren Oliva Etxebarriko alkatea izango dira Madrilen ideia aurkezten.

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak