→Etxebarri

Andrea Mora: “Aniztasuna aberatsa da, integrazioa beharrezkoa eta errespetua oinarrizkoa”

Goazen 6.0 telesailean Sara da Andrea Mora etxebarritarra. Denboraldi berria estreinatu dute ETB1en. Bere pertsonaiaz, bere ibilbideaz eta aurtengo Goazen kulturaniztasunaz berba egin dugu berarekin

Etxebarritik Basakabira, Sararen papera jokatuko du Morak Goazen 6.0 denboraldian // Argazkia: Mikel Hidalgo Sanchez

Goazen 6.0 telesailean Sara da Andrea Mora etxebarritarra. Denboraldi berria estreinatu dute ETB1en. Bere pertsonaiaz, bere ibilbideaz eta aurtengo Goazen kulturaniztasunaz berba egin dugu berarekin

Etxebarritik Basakabira lekualdatuko da Andrea Mora (Etxebarri, 2000) datozen  hilabeteetan. Ez da, ordea, errealitatea; fikzioa baizik. Euskal Telebistako ‘Goazen 6.0’ telesailean Sararen papera egingo du Etxebarriko aktore gazteak. Arte Dramatikoak ikasten ari da gaur egun Mora Bilboko Dantzerti Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolan. Goazen fenomenoaz, telesailean jokatuko duen paperaz, bere ibilbideaz eta etorkizunaz hitz egin dugu Andrea Morarekin.

Goazen telesaileko denboraldi berria abian da eta bertan zu ikusteko aukera izango dugu.
Hala da. Goazen 6.0 telesaileko aktoreetako bat naiz. Udan grabatu dugu denboraldi berria eta azaroaren 22an estreinatu zen ETB1en. Sara izango naiz Goazenen.

Iban Malo aktoreak egiten du Sararen aitaren papera // EiTB

Eta nor da Sara?
Sara Marokon jaiotako gaztea da, baina urteak dira Euskal Herrian bizi dela. Aitak Basakabin egiten du lan mantentze-lanak egiten eta berari esker Basakabin lan egiteko hartu dute Sara. Amari buruz ez dakigu ezer. Musulmana da Sara eta hiyaba janzteko erabakia hartu zuen aspaldi. Hau da, gurasoek ez dute behartzen, eta bere kulturarekin harro sentitzen delako janzten du hiyaba. Gainera, kolore biziz janzten da Sara. Izaeraz neska irekia eta dibertigarria da, eta munduaren ikuspegi berezia dauka. Horrez gain, pertsona arduratsua da eta beti dago besteak laguntzeko prest.

Zein da Sararen trama telesailean?
Alde batetik, aitari laguntzeaz gain, ikasketak ordaintzeko hasi da Sara lanean Basakabin. Berez, ekonomia ikasketak ordaintzeko izango da soldata, baina benetan sukaldaritza ikasi nahi du. Hori trama bat izango da. Bestetik, mutil batekin maiteminduko da Sara Basakabin, eta bere kulturagatik eta erlijioagatik horrek arazoak ekarriko dizkio.

Ostiralero emango dute ‘Goazen 6.0’ ETB-1en // EiTB

Sara musulmana da, baina Andrea ez. Erronka izan al da zuretzat paper hori jokatzea?
Hasieran beldurra nuen, baina bai, erronka bat bezala hartu dut. Beldurra ematen zidan, batez ere, neska edo mutil musulman baten erreakzioak. Agian gaizki irudituko zaio zelan daramadan hiyaba edota trama bera ez zaio batere gustatuko, nolabait bere erlijioaren eta kulturaren kontra baitoa. Gainera, gaztetxo askok ez dakite ezberdintzen pertsonaiaren eta aktorearen artean, eta ez dakite nik kalean belorik ez daramadala; pertsonaiaren atrezzoa dela, alegia. Jakin nuenean nire pertsonaia musulmana zela eta hiyaba zeramala, beloa zelan ipini behar nuen ikertu nuen.

Gizartea anitza denez gero, Goazenen ere hori islatu nahi izango dute.
Bai. Gaur egun bizi garen gizartea erabat anitza da. Ez bakarrik kulturalki, baita generoaren aldetik ere. ‘Goazen 6.0’ denboraldian musulmanak edota transak daude; gaur egungo gizartearen isla da. Gazteek ikusten duten telesaila da eta bertan aniztasuna badago, gaztetxoenek hobeto ulertuko dute hori. Normaltasunez eta naturaltasunez hezteko baloreak erakusten ditu Goazenek.

Uste duzu estereotipoak apurtzeko balioko duela Goazenek?
Nik uste baietz. Azken finean hori da gidoilariek nahi dutena: gazteei erakustea hainbat kultura, erlijio eta bizitzeko modu ezberdin daudela gizarte batean. Gazteek hori ikustea ondo dago: aniztasuna oso aberasgarria dela, integrazioa oso beharrezkoa dela eta beti errespetua izan behar dugula oinarri.

Transexualitatea ere landuko da Goazenen denboraldi berrian.
Hala da. Beste trama garrantzitsu bat da hori. Gabo pertsonaia transexuala da eta berez castingean eskatu zuten transexualen parte hartzea. Kimetz Renteriak egingo du Gaborena. Pertsonaia honek garrantzi handia izango du aurtengo denboraldian. Niretzat oso inportantea da telebista publiko batean horrelako errealitateak lantzea.

Aurpegi berri asko sartu dira aurten Goazenera.
Bai. Aktore gehienak berriak gara. Gazteen artean, Maria Redondo (Zuri) izan ezik, denak gara aurpegi berriak ‘Goazen 6.0’ denboraldian. Aktore berriak behar zituzten denboraldi berrirako eta castingak egin zituzten Bilbon eta Donostian.

Eta bertara joan zinen zortea probatzera.
Hala da. Lehenengo hautaproba izan zen zure kabuz bideo bat grabatzea, abesten eta dantzatzen. Hori grabatu nuen, eta deitu ninduten Bilboko EiTB egoitzara joateko. Bertara joan nintzen eta ikusi nuen castinga egin behar zutenak oso serio zeudela. Orduan pentsatu nuen ni ez nindutela inolaz ere hartuko. Hala ere, castinga egin nuen. Eszena bat antzeztu behar izan nuen. Berez ez zen izan azkenean egin dudan paperarena; Maddiren eszena bat antzeztu behar izan nuen.

Hala ere gustuko izan zintuzten eta hurrengo fasera igaro zinen, ezta?
Bai. Bigarren fasea ere gainditu nuen eta hurrengoan Donostiara joan behar izan nuen, Miramonera, azkenengo fasea egitera. Donostiako castingean bi pertsona baino ez geunden Sararen papererako. Beste neska bat edo ni: bietako batek egin behar zuen Sararena. Oso urduri nengoen, baina gauzak ondo atera ziren.

Castingak ondo egin dituzun seinale.
Egin ditudan castingak ez dira izan nire momenturik onenean, egia esan. Gogoratzen dut lehenengo castingean sorbaldako min handia nuela. Ezin nintzen mugitu ere egin! Hautaproba izan eta aurreko egunean ohean etzanda nengoen, ia mugitu ezinik, baina nire buruari esan nion: “Aukera hau aprobetxatu behar duzu, Andrea!”, eta hara joan nintzen minari eutsiz. Donostiako castinga egin nuenean, hurrengo egunean azterketa nuen Dantzerti Euskadiko Arte Dramatiko eta Dantza Goi Mailako Eskolan.

Zelan esan zizuten Goazenen barruan zeundela?
Bada, Donostiako castinga izan eta bi astera, dantza klasean nengoela dei bat jaso nuen. Gipuzkoatik zetorren deia eta irakasleari baimena eskatu nion gelatik kanpo irteteko. Goazenen nengoela esan zidaten, eta pasilloan oihuka hasi nintzen. Klasera itzuli nintzenean klasekide guztiek besarkatu ninduten, denak batera. Une oso gogoangarria, benetan.

Eta grabazioak noiz egin dituzue?
Udan grabatu dugu ‘Goazen 6.0’ denboraldia, uztailean eta abuztuan. Donostian pisua alokatu behar izan nuen, grabazioak oso goiz hasten baitziren, 08:00ak aldera. Gainera, ordu asko ziren: askotan 21:00ak arte aritzen ginen grabatzen! Orduan, pentsa, atseden hartzea ezinbestekoa zen, eta gertutasunagatik pisua alokatu nuen Donostian. Batik bat Donostian eta Azpeitian izan zen filmaketa.

Ordu asko sartuta, talde polita sortuko zenuten aktoreek eta lantalde teknikoak.
Bai. Familia berri bat osatu dugu. Lagun pilo bat egin ditut eta hori betirako izango da. Elkarri asko lagundu diogu eta horrek esperientzia ezin hobea izaten lagundu du. Gehienak berriak gara eta ordu asko elkarrekin pasatuta, elkarren arteko konfiantza handituz joan da.

Aktore beteranoenek aholkurik eman zizuten?
Batez ere ondo pasatzeko esan ziguten. Esan ziguten aukera bikaina dela guretzat eta ahalik eta gehien disfrutatzeko. Mundu honetan biziki sartu nahi badugu, eskura jartzen dizkiguten aukera guztiak aprobetxatu behar direla.

Zuretzat zer da Goazenen parte izatea?
Bidaia bat bezalakoa izan da niretzat esperientzia hau. Jende oso aberatsa ezagutu dut eta batez ere, lan profesionalean aritzeko aukera paregabea izan da. Goazenen parte hartzea izugarria da! Euskal Telebistako telesailik arrakastatsuena, eta gainera  euskaraz! Aukera bikaina da, beti gogoratuko dudana. Gainera, ateak zabaltzeko parada ematen du Goazenek. Tranpolin moduan ikusten dut, batez ere mundu artistiko honetan hasi eta hazi nahi duten aktore gazteentzat. Aktorearen lanbidea ikasten duzu, baita kamara atzeko lana ere.

Ikasketez ari garela, Arte Dramatikoa ari zara ikasten Dantzerti Eskolan.
Bai. Niri Artea txikitatik gustatu izan zait. Marraztea asko gustatzen zitzaidan, baina Ikastolan nengoela -Basauriko Arizko Ikastolan, alegia-, Lehen Hezkuntzako 5. mailan Antzerkigintza izan genuen eta txundituta geratu nintzen. Nagusitan hori egin nahi nuen, baina arazo bat zegoen: antzerkia ikasteko akademiak oso garestiak zirela. Orduan, Bigarren Hezkuntzako 3. mailara arte ezer egin gabe egon nintzen. Behin Urbi Institutuko irakasle batek amari iradoki zion Antzerki Eskola batean ni inskribatzeko. Bilbao Eszenan eman nuen izena Batxilergoko 1go mailara arte. Konturatu nintzen antzerkia niretzako ez zela gustua, pasioa baizik. Orduan gauza serioago bat egin nahi nuen eta aukera izan nuen Bilbaina Elkartean antzerkia egiteko. Antzerki amateurra egiten genuen, baita klasikoa eta poesia ere. Aurten egin dut nire azken obra eurekin eta orain atzeko lanetan laguntzen saiatuko naiz. Eta Dantzertin bi urte egin ditut aurten, eta oso gustura. Musika, kantua, dantza, antzerki fisikoa edota interpretazioa ikasten ditugu. Guztira lau urte dira.

Zein izan da zure ibilbidea mundu artistiko honetan?
Aktore lanetan ‘Zure txanda da’ websailean parte hartu dut, eta orain beste telesail digital batean parte hartzeko hautatu naute: ‘Bizi txarra’ websailean, hain zuzen. Ateratzen diren aukera guztiak gogoz hartzen ditut, ikasteko balio didatelako.

Antzeztu, kantatu eta dantzatu egin duzu jada. Hiruretatik zeinek betetzen zaitu gehien?
Niri antzeztea ikaragarri gustatzen zait. Esango nuke antzerkia dela nire gustukoena, baina Goazenen antzezteaz gain, abestea eta dantzatzea ere egokitu zait. Azkenean hirurei gustua hartu diet.

Etorkizunaz galdetuko banizu.
Auskalo! Gustatuko litzaidake nire ikasketekin jarraitzea. Oso ziur nago horretaz: arte dramatikoko ikasketak bai ala bai amaitu nahi ditudala. Orain Goazenen nago eta horri helduko diot tinko, eta beste aukera batzuk sortzen bazaizkit, bada, aurrera!

Gora

Geuria Laguntzaileak Geuria Laguntzaileak